“Baiona” markaren gainetik, Baiona bizia!

Eguberri gauaren bezperan, eta ezagun egin den azken argiontzien jaurtiketatik astebetera, Baionako merkatu plazan elkartu gara EHBai Baionako kideak. Linternen ekitaldi hau antolatu den urteetan herritar andanak azpimarratu izan du, gero, argiontziak baratze, parke, karrika eta bideetan atzematen zirela. Momentu hau baliatu nahi dugu Baionan antolatzen diren ospakizun handiei buruzko gure irakurketa plazaratzeko.

 

Baionako herriko etxearen kultura eta turismo politika jende masa erakarri eta etekin ekonomikoa lortzean oinarritzen dela uste dugu. Baiona hiriaren marka jakin bat saldu eta kontsumoa sustatzen duten proposamenek osatzen dute Baionako ospakizunen egutegia. Herritarren eta bertan lan egiten duten pertsonen eguneroko bizi-kalitatea kaltetzen duten gertakariak dira gehienak. Argiontzien kasuan, ikusi dugu nola ikuskizun hutsa den ekitaldi honen berri Baionatik kanpo hedatzeko lana egin duren herriko etxeak eta turismo bulegoak, eguberri garai hauetan ere turismoa Baionara erakarri eta karbono bilan izugarria eraginez. Masa ekitaldi bat sustatu bai, baina neholako aurreikuspenik gabe jokatu du herriko etxeak: zirkulazio arazo larriak Baionan osoan eta hiriaren kanpokaldean; neurrigabeko jende metatzea Baionako zentroko karriketan, merkatuan, ostatuetan, dendetan; hondakinen kudeaketarik eza, eta ondorioz, zikinkeria maila onartezina: hona aurtengo argiontzien jaurtiketek eman dutena. Pirineo-Atlantikoetako prefetaren erabakiz, aurtengoa argiontzien azken ekitaldia izanen denez, funtsezko galdera bat plazaratu nahi dugu: zein ospakizun mota nahi dugu Baionarrentzat heldu den urteko eguberrietan ? Guk ez dugu nahi argiontzien jaurtiketak beste masa ekitaldi batekin ordezkatuak izan daitezen. Herritarrei hitza eman, kultura zein euskara sustatu eta gure hiriaren heineko ekitaldi herrikoiagoak antolatzeko tenorea heldu dela iruditzen zaigu.

 

Baionako besten eta Xingar Feriaren inguruko eztabaidei ere ber logikarekin heldu nahi diegu. Epe luzera, ospakizun hauen desazkundera jotzeko estrategien alde egiten dugu. Baionako bestetan gertaturiko erailketa, bortxaketa, eraso matxista eta bestelako gertakari desegokiak, hein handi batean, besten masifikazioaren ondorio direla ulertzen dugu. Baionako besten garain, hiriaren erdigunean ordainpeko perimetro bat eratzearen mugak agerian gelditu dira. Baiona Ttipi edo Handian horditzeko gogoz heldu den “bestazaleak”, “bezero-kontsumitzaile” jarrera bat bere egiten du. Hala, gero-eta handiagoa da “bestazaleen” eta bestetan nagusitzen den gizalegerik eza pairatzen duten bertako herritarren arteko haustura. Behin eta berriz errepikatu dugun gisan, Baionako besten eredua Baionarrek eta bestaren eragileak erabaki behar dutela defendatzen dugu. Zentzu horretan, txalogarria iruditzen zaigu hainbat elkartez osaturiko 2032 kolektiboa egiten ari den lana besten eredu jasanezina iraultzeko. Baionako Herriko Etxeari exijitzen diogu, herritarren hitza entzun eta kontuan hartzeko beharrezko eztabaida eremuak plantan ezar ditzan.

 

Ez dugu nahi Europako edozein hiriren eitea hartzen duen karta postaletako Baiona uniformizatu eta kontsumistarik. Bertako herritarren ekimenez eraikitzen den Baiona bizia nahi dugu. 

0 Comments