Hauteskunde legegileen emaitza

Agiri honen bidez, EHBaik frantses hauteskunde legegileen bigarren itzuliaren ondoko irakurketa plazaratzen du.

Euskal Herria zoriondu nahi dugu. Emaitza historikoa izan da. Lehenik eta behin, eskuin muturrari egiazko harresia ezarri zaiolako Ipar Euskal Herrian. Horrek ez du baztertzen gure lurraldean izan duen azkartze kezkagarria, baina oroitarazi nahi dugu hemen lorturiko indar harreman berriak bi itzulietan harresia ezartzea eragin duela eta beraz, Fronte Herritar berriaren eskaintza eraginkorra izan dela.

Ipar Euskal Herriaren ahotsa Parisera eramanen duten hiru diputatu ezkertiar izan dira hautatuak:

• Ipar Euskal Herrian ezinbestekoak diren gaiak eta erronkak (bilakaera instituzionala, euskara, lurra eta etxebizitza, laborantza herrikoia, bake prozesua…) elkarrekin defendatzeko aukera izanen da eta hori sekulako lorpena da gure lurraldearentzat.

• Herritar guzien eskubideak, ongizatea eta justizia soziala defendatzeko urrats handia egin da.

Abertzaleok diputatu bat izanen dugu Parisen. Azken urteetako aitzinamenduei segida emanez, Peio Dufauren diputatu hautapenarekin, ezkerreko abertzaletasunak jauzi berri bat egin du bere ibilbidean. Erantzukizun eta seriotasun osoarekin helduko diogu erronkari.

Frantses Estatuan izan diren emaitzak ere azpimarratu nahi ditugu, eskuin muturra boterera iristeko arriskuaren aitzinean, Fronte Herritar berriak lortu baitu indarrak biltzea eta RN-i aurre egitea. Egoera politiko ez egonkorrak jarraitzen badu ere, egoera iraultzea lortu da eta hori Ipar Euskal Herriarentzat ona den bezala, frantses herritar guzientzat ere berri ona da.

Hauteskunde hauen zenbait ondorio

EHBaik uste du Ipar Euskal Herriaren berezitasuna, bertan interes orokorreko gaietan lorturiko adostasunak defendatzea eta printzipio horiekin bateragarriak diren hautagaiak finkatzea funtsezko eskema bilakatu dela. Fronte Herritar berria izan da urrats hori egin duen bakarra. Lurralde honetako aktore politiko guziek eskema hau kontuan hartzea elementu zentrala dela uste dugu. Zentzu horretan, Christian Deveze bezalako hautagaiak ez dira bateragarriak lan eskema honekin eta aitzina begira, gogoetarako gaia dela azpimarratzen dugu.

Beharturiko hauteskunde hauek proposamen elektoral berriak izan dituzte, baina ez ditu aldatzen herri honek dituen erronkak eta ezta ere, gure ezberdintasunen gainetik, garatzen ari garen elkarlan bidea. RN-rekin izan ezik, tendentzia guzietako eragile eta hautetsiekin herri honek dituen erronken gaineko adostasunak eraikitzen jarraituko dugu: bilakaera instituzionala, euskara, bake prozesua, lurra eta etxebizitza, erronka ekologikoa edota laborantza herrikoia bezalako gaietan.

Ezkerreko abertzaleak eragile saihestezina gara lurralde honetan sortzen diren indar harremanetan, bizi sozial, politiko eta instituzionalean. Baina argi dugu Euskal Herrian Fronte Herritar berriaren garaipena ekarri duena indar eta gaitasun kolektiboa izan dela. EHBai ez zen bakarrik iritsiko emaitza horretara, eta Fronte Herritar berriak ere ez zukeen garaipena lortuko EHBairen ekarpenik gabe.

Konfigurazio ireki horretan, EHBairen diputatua, biztanleen eguneroko bizi baldintzen hobetzeko lanean ari diren pertsona, elkarte eta kolektiboen ahotsa izanen da frantses legebiltzarrean.

Azkenik, EHBaik eskerrak eman nahi dizkie urrats historiko hau posible egin duten guziei. Lehenik, Herritar Fronte berria bozkatu duten pertsona guziei; aste hauetan ardura eta eginkizun ezberdinetan aritu diren militante eta herritarrei; eta hautagaitza sustengatu duten eragile eta pertsonei. Ekarpen guziei esker gaitasun kolektibo bat eraiki dugu, aitzina begira bidea zein den argiki erakusten duena.

0 Comments