Hauteskunde legegileen bigarren itzuli erabakigarrian garen honetan, EHBaik aste huntan izan diren mugimenduen inguruko irakurketa plazaratzen du agiri honen bidez.
Lehenik eta behin, politika egiteko molde berezi eta ezberdin bat aldarrikatzen dugu. Eskuin muturraren garaipen baten egiazko arriskuaren aitzinean, interes orokorrarekiko ardura gure gain hartu dugu. Halako bidegurutze historikoetan, erronkak ongi identifikatu eta hautu ausartak eta berritzaileak beharrezkoak dira. Zentzu horretan, EHBaik azpimarratu nahi du Ipar Euskal Herrian lortu den ezkerreko aliantza izan dela eskuin muturrari aurre egiteko neurria hartu eta lurralde honen erronkei erantzuteko proposamena egin duen opzio bakarra:
– Herritar Fronte berriak, hautesbarruti bakoitzetik haratago, eta lurralde osoko ikuspegiarekin, azken urteetan Ipar Euskal Herrian gai ezberdinetan manera transbertsalean lortu diren adostasunak bere programaren erdian kokatu ditu, hala nola: bilakaera instituzionala, euskara, bake prozesua, lurra eta etxebizitza edota laborantza herrikoia.
– Kontsentsu horiekin engaiaturik eta Euskal Herriko errealitatean txertaturik diren hautagaiak izendatu ditu Parisen lurralde honetako aldarrikapenak defendatzeko. Lurraldeko eragile eta hautetsiekin elkarlanean diren hautagaiak dira, ez beren interesen alde aritzen direnak.
Ekainaren 30eko lehen itzulian, Herritar Fronte berria aukera bozkatuena izan zen lurralde osoan. Ohartarazi genuenez, eskuin muturrak ere aitzinamendu kezkagarria ukan zuen, bigarren itzulira pasatuz hiru hautesbarrutietan.
Aste honetan, egoeraren larritasunaren neurria nork hartu duen eta nork ez duen hartu argiki ikusi dugu. Eskuin muturrari harresia ezartzea lehentasuna den honetan, Florence Lasserrek arduraz jokatu du bigarren itzulirako bere hautagaitza erretiratuz. Aldiz, EHBairentzat arduragabekeria handia da Jean Lassalle eta Christian Devèze bigarren itzulian mantendu izana. Interes partikularrak interes orokorraren gainetik ezarri direla uste dugu.
Ez da hori kezkagarria den erabaki bakarra. Izan ere, Christian Devèze lurralde honetako kontsentsu guzietatik kanpo kokatu da urteotan, horien artean:
– Euskal Hirigune Elkargoa plantan ezartzeko, Kanboko herriko kontseiluan kontrako bozka eman zuen 2016an.
– Etxebizitza turistikoak mugatzeko Euskal Elkargoko hautetsien gehiengoak bozkaturiko konpentsazio arauaren kontra egin zuen.
– Bake justu eta iraunkorra lortzeko urte hauetan eraiki dugun bake prozesuan ez da sekula engaiatu.
Oroitarazi nahi dugu, kontsentsu horietan, besteak beste, zentro-eskuineko hautetsi andana bat badela eta denok elkarlanean manera eraikitzailean ari garela lurraldearen interesen alde. Haatik, aitzineko diputatu izan zen Vincent Bruk ez bezala, Christian Devezek ez ditu adostasun horiek babesten. Horregatik, hautagai gisa kokatzeak, esparru ezberdinetan kezka bizia sortu du.
Guztiz bestelako ardura hartu duten eragile eta pertsonen jarrera nabarmendu nahi du EHBaik. Zentzu horretan, balioan ezartzen dugu Peio Etxeleku EAJ-PNBko Ipar Buru Batzarreko presidenteak eta hauteskunde legegileetako lehen itzuliko EAJ-PNBko hautagaiek Herritar Fronte berriaren hautagaien alde bozkatuko dutela publikoki adierazi izana.
Ildo beretik, azpimarratzen dugu, egunotan, ezkerrekoak edota abertzaleak ez diren pertsonalitate edo hautetsi ohi zentrista batzuek 6.hautesbarrutian Herritar Fronte berriari adierazitako sustengua.
Bide bertsutik, azken asteetan jendarte zibileko sektore anitzetatik eskuin muturrari herri harresia jartzeko eta Herritar Fronte berriaren alde egiteko deiak aipatu nahi genituzke.
EHBairen irudiko, horrek guztiak erakusten du lurralde honetan sektore ainitzek garbiki ikusi dutela zer dagoen jokoan. Izan ere, jokoan ez da alderdien arteko lehia elektoralean nor den gailentzen. Hemen jokoan dira Ipar Euskal Herriaren nortasuna, baloreak, kontsentsuak eta etorkizuneko anbizioak.
Ikuspegi hori Parisen defendatu dezaketen bakarrak Herritar Fronte berriko hiru hautagaiak dira. Hori dela eta, EHBaik uztailaren 7an gure lurraldearen eta bere geroaren aldeko bozka masiboki mobilizatu behar dela adierazten du.