Euskal Herrian mugarik ez!

Frantziako barne ministeritzak iragarri berri du 2021etik hetsiak ziren Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko lau bide idekiko dituela: Hendaiako Etorbidea zubia, Aldudeko pasabidea, Baigorriko Izpegiko Lepoa eta Larraineko portua.

Covid-19aren pandemiatik “terrorismoaren aurkako borrokara”, hainbat aitzakia erabili ditu Parisek bide horiek hestea justifikatzeko. Haatik, iragan uztaileko Frantziako Tourrean argi ikusi bezala, Frantses Estatuak nahieran moldatu ditu bere “mugei” dagozkien lehentasunak.

Lehen momenturik, mobilizazio zabalak piztu ziren Euskal Herritarrei haien bizi-eremu naturaletan mugitzea zailtzen zien erabakiaren aurka. EHBaik berak, Frantses Estatuaren inposizioa salatzeko elkarretaratzeak antolatu zituen “Euskal Herrian mugarik ez!” lelopean. Uztailean berriz, bertako EHBaiko departamenduko kontseilariek, bideen idekieraren alde aurkezturiko mozioa aho batez onartu zuen Departamenduko kontseiluak. Duela egun gutxi batzuk berriz, Hendaiako herritar batzuek jakinarazi zuten 12.000 izenpeduratik goiti bildu zituztela Hendaia-Irun arteko zubia irekitzearen alde.

Halaber, oroitarazten dugu 2021 geroztik 8 migratzailek galdu dutela bizia Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga zeharkatzerako orduan. Arazoa bide hauek hetsi baino lehenagokoa bada ere, Frantses eta Espainiar estatuen arteko “mugaren” gotortzeak ezinezko bilakatu du migratzaileentzako pasabide seguruak sortzea. Frantses Estatua eta bere migrazio politika hiltzailea dira gaur egun Bidasoa eskualdean dagoen egoera latzaren errudunak. Zentzu horretan, Etorbidea zubia irekitzeaz harago, etorkinen aurkako etengabeko kontrol eta jazarpenekin buka dezala exijitzen diogu eta Frantses Estatuari. Ipar Eta Hego Euskal Herriaren arteko bideen hetsieraren afera honek agerian uzten du ezinbestekoa dela, Euskal Herritarrok, gure eguneroko bizitzetan eragina duten arazoei buruz erabakitzeko ahalmena izatea. Parisen ez, Euskal Herrian erabaki behar dugu bai gure herriaren lurralde antolaketa, baita migratzaileen harrera politika propioa ere.

2023ko urriaren 11a

0 Comments