Claude Oliveri gutuna, Angeluko iragarki onartezina dela-eta

Auzapez jauna,

Duela egun batzuk, Ipar Euskal Herriko kostaldean eta, besteaz beste, Angelun, komunikazio kanpaina bat zabaltzen ari dira, batez ere euskal kostaldeko hondartzetan ibiltzen diren turistei zuzendua.

Izan ere, Carrefour Property eta Centralia Groupe promotoreek Erreka higiezinen proiektuaren merkaturatzea bukatzen ari dira. Etxebizitzaren egoera tokiko biztanleentzat gero eta zailagoa den bitartean, bigarren etxebizitzen kopuruak gora segitzen du, bereziki kostaldean. Bizitegi hutsen emendatze honek, tokiko biztanleendako egiazko etxe eta apartamentuen konfiskatzea eragiten du.

Iragarki batek, gaur egungo testuinguruan bereziki, bigarren egoitzak sustatu ahal izatea, publizitate horrek egiten duen bezala, guztiz jasanezina iruditzen zaigu. Hori kontraesanean da herritarren nahiekin, behin eta berriz adierazi ahal izan baitute beren haserrea eta anbizio handiko konponbideen eskaera, bereziki Herrian Bizi – Se Loger au Pays plataformak antolatu manifestazioen bidez. Kolektibo horren lehen manifestaldiaren biharamunean, etxebizitza arazoari buruz “manifestatzen zutenak eta aritzen zirenak” bazirela adierazten zenuen. Beraz, Auzapez jauna, horrelako iragarki probokatzaileekin gelditzeko zer egiteko prest zira?

Gure gogoetaren zehazteko, jakin nahi genuke zure herriko eremu publikoan erakusteko kanpaina hori baimendu duzun. Auzapez bezala, zure polizia eskubidea erabil dezakezu eta, horretarako, moraltasun publikoaren kontrako eraso bat argudiatu eta publizitate edo informazio eduki batzuk debekatu. Jurisprudentziaren arabera, gure ustez, lurra eta etxebizitzaren egungo egoeran, tokiko egoera bereziak araudiaren gogortzea justifikatzen du. Ez ote da gogoetarik ereman behar Elkargoan eraikitzen ari den Herriarteko Publizitateari buruzko Tokiko Araudiaren (RLPI) baitan ; ez higiezinen agentzien publizitatea debekatzeko -zuzenbidearen kontra liteke-, baina, horrelako mezu probokatzaileak saihesteko araudi zorrotzago baten lantzeko eta adosteko?

Gehienetan soldata baldintza txarrak dituzten sasoilariek segurtatzen duten komunikazio kanpaina horretaz haratago, etxebizitza programaren edukiaz ere interpelatzen zaitugu. Oroitarazteko, zabortegi ohi baten gainean eraikitako programa horrek jadanik prentsaren tituluak bete zituen hondakinen kudeaketari buruz. Izan ere, Hugo Clément kazetariak argitaratutako bideoaren ondotik, herriko delibero bat hartu zenuen obrak gelditzeko. Carrefour Property promotorearen erreakzio berantiar ra, presio mediatikoaren ondorioz, hondakinen kudeaketari eta obra horien ingurumen inpaktuari buruzko galderak sortzen zaizkigu.

Lurraldeak aurrekaririk gabeko presio imobiliarioa bizitzen duen bitartean, eta lur erreserba erabilgarriak inoiz baino tentuz kudeatu behar diren bitartean, uste dugu “norentzat eraikitzen dugun?” galdera proiektu bakoitza baino lehen pausatu beharko litzatekeela. Programa honetan soilik %40a sozial egoitzak izanen dira, lurraldearen errealitatearen oso urrun beraz. Oroitarazteko, tokiko biztanleriaren % 80 inguru etxebizitza sozial baten eskuratzeko kriterioak betetzen ditu. Zentzu berean, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren lanek ber kopurua sostengatzen dute, SRU helburuen atzerapena berreskuratzeko. Bizitoki horien prezioa 249.000 €-koa da 2 gelako bizitokiarentzat eta 393000 €-koa 4 gelakoarentzat. Holako prezioetan, etxebizitza horiek eskuraezinak dira urtean hemen bizi nahi duten tokiko herritar gehienentzat. Herriko Etxearen eta promotoreen arteko elkarrizketen edukia salatu gabe, bizitegi horien prezioa eta erosleen ezaugarriak (lehen egoitza eda bigarren etxebizitza) negoziazio batzuen gaia izan ote da ?

Lehenago aipatu dugun bezala, gure herriko lurren eta etxebizitzaren egoera egiazko problematika bat da. Tokiko hautetsiek jadanik dispositibo berriak plantan ezarri dituzte, gai horren inguruan esku-hartze publikoa indartzeko eta ezagutzen dugun testuinguruaren iturburu den merkatu libreari bidea mozteko. Gure mugimenduak lege aldaketak aldarrikatzen baditu Auzapezek eta HELEPek tresna eraginkorragoak izan ditzaten, uste dugu arreta iraunkor eta borondate politiko sendo batek jadanik eragin ditzakeela desbideratze batzuen saihesteko.

Publizitate kanpaina hori probokazio bat da, biztanle ainitzek horrela bizi izan dute bederen. Espero dugu erreakzio bat piztuko duela zuregandik eta legezko baliabideak denen artean asmatuko ditugula, gure hondartzetan, karriketan eta gutunontzietan horrelako komunikaziorik ez ikusteko.

Interpelazio honek zure erreakzioa piztuko duelakoan, onar itzazu, Auzapez jauna, gure agurrik zintzoenak.

 

0 Comments