DUPOND-MORETTIREN ETORRERA DELA-ETA

Frantses Justizia Ministroa maiatzaren 12an, goizez, Baionan izanen dela jakin berri dugu.

Frantses Estatua krisi anizkoitz batean murgildurik dagoen honetan, Baionako epaitegiaren handitzea eta ingurumen arloko justizia aipatzera heldu da Dupond-Moretti. Frantses Gobernuak ekologiaren arloan egin gabekoaren bilana eskandalu hutsa da. Ongarri kimikoei emandako baimenak, nuklearraren hedapena, autopista edo AHT proiektu txikitzaile eta klimatizidak… hona Macronek aldaketa klimatikoari buru egiteko harturiko sasi-engaiamenduen aurka doazen hainbat eta hainbat erabaki.

Nola ez aipatu, 49-3. artikulua erabiliz zein herriaren iritzia zangopilatuz ezarritako erretreten erreforma antisozial eta antiekologikoa ere. Agerikoa da frantses estatuaren lerratze autoritarioa eta eskuinerakako biraketa.

Horrez gain, etengabekoa da Frantses Gobernuak obratzen duten herri gutxituen eskubideen ukapena. Krisi soziala politikoa ere bada. Testuinguru politikoa markatzen dute Korsika eta Kanakyko elkarrizketen etenek ere…

Honek guztiak Eric Dupond-Moretti interpelatzera garamatza. Ipar Euskal Herriak erantzunak espero ditu Frantses Estatuaren eskutik. Batez ere, duen Justizia Ministro gisa duen kargua kontuan harturik, euskal gatazka politikoaren konponbidean duen ardura oroitarazi nahi diogu.

Frantses Estatua presondegi politika krudelean tematu izanak eta elkarrizketa deiei uko egin izanak eraman zituen ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialak, ezinbestean, desobedientziaren hautua egitera. Hautetsien eta herritarren mobilizazio indartsuari esker erdietsi zen Ion Parot eta Jakes Esnalen askatasuna. Borroka armatuaren bukaeratik hamarkada batera eta ETA erakundearen armagabetze eta desagarpenetik 5 urte baino gehiagora, badira salbuespen neurriak pairatzen segitzen duten militante politikoak: besteak bete, DPS estatutuaren irizpideen araberako zigorren aplikazioak eta FIJAIT fitxategi antiterroristaren sartuak izateagatik preso ohiei ezarritako neurriak… Behar den aldi guziz errepikatuko dugu, bake justu eta iraunkorraren eraikuntzak Frantses Estatuaren jarrera aldaketa bat eskatzen duela. Euskal Herrian ere, beharrezkoa da gatazkaren oinarri politikoei heltzearen frantses estatuaren eta bertako eragile sozial eta politikoen arteko harremanetan.

Gauza da bat da epaitegiak estreinatu, frantses gobernuaren bozeramale lanak egin edo Ipar Euskal Herrian ordezkaritza politikoa egitea; beste bat, urrats esanguratsuak egitea Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengoak hainbat arlotan espero dituen aitzinamenduen norabidean.

0 Comments