Ur eskasia eta krisi demokratikoa

Martxoaren 25ean Sainte-Soline egondako irudi bortitzek ikara sortzen dute. 30.000 pertsona bildu ziren Bassines Non Merci kolektiboak luzatutako deialdian. Beren asmoa? Gutxiengo baten hautuz, bertakoek nahi ez duten proiektu txikitzaile bat salatzea. Alta, ur goxoen erreserba proiektuaren inguruko kontsulta bat izatea ez zen gehiegizkoa izanen egun bizi den erreserba gutxituaren aitzinean. Are gehiago, Sainte-Solineko laborarien %6ak besterik ez luke baliatuko “berritze” horren abantailak.

Egoera horren aitzinean, estatu frantsesak beste gisa batera jokatzeko hautua egin du: aurka direnak ez entzun eta salatzera joan direnak gogorki kolpatu.
Larunbatean, Frantses estatuaren jarrera autoritarioa erakutsia izan da berriz ere. Jarrera autoritario eta bortitza. Brav-M-ak 40 pertsona zauritu eta mutilatu ditu. Ez da hain harritzekoa, 2 orenez 5000 grenada erabili dituztela dakigularik. Hori dena, autoritateen baimenarekin.
Bi pertsona bizia eta heriotzaren artean dira momentu honetan eta nola ez aipa masailak, hankak edo eskua galdu dituztenak gerrako arma kontsideratuak diren GM2L grenadengatik. Poliziak izua eragin du bertan zirenei eta okerrago, sorosleen etorrera oztopatu du ere. Zulo erraldoi bat besterik ez zegoen indar polizialaren erasoetaz babestu ahal izateko.
Giza Eskubideen Ligako behatzaileak bere lehen txostenak aipatu duenez, poliziak tiro egin zuen hautetsien kontra, erreskateak oztopatu zituzten, mugitzen ziren ibilgailuak tirokatu zituzten, gerrako armak erabili zituzten… Baina noraino joanen dira?

EHBaik, mobilizazio desberdinen aurka sistematikoki erabiltzen den indarkeria salatzen du. Poliziaren indarkeria, ez da kasu isolatua, Barne ministroak mugimendu sozialak isilarazteko erabiltzen duen tresna baizik. Erretreten erreformaren kontrako manifestazioetan poliziak duen jarrera horren islada da ere.
Urak, ondasun publikoa izaten segitu behar du. Ez da pribatizatu behar gutxi batzuen mesederako. Gure sustengu osoa adierazi nahi diegu koman diren bi pertsonei zein kolpatuak izan diren guziei.

Confédération Paysanne, Bassines Non Merci! eta les Soulèvements de la Terre-k bultzaturik, bihar Baionako suprefeturan arratsaldeko 19:00etan eginen den elgarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu ELB eta OSTIA kolektiboarekin batera.

0 Comments