Konpentsazio neurria: Etxebizitza eskubidea bermatzeko lehen urratsa

Egun sartzen da indarrean Euskal Elkargoak 2022ko martxoaren 5ean bozkaturiko konpentsazio araudia. Honako hau etapa garrantzitsua da etxebizitza eskubidearen aldeko eta AirBnBren gisako etxebizitza turistikoen emendatzearen aurkako borrokan.

2017an abiaturiko egitasmoa
Euskal Elkargoari zor diogu araudi berri hau.
Herritarrek egunerokoan bizi duten errealitate honi zenbakiak jarri zitzaizkion Tokiko Bizitegien Planaren prestakuntza lanen baitan egindako diagnostiko zehatzean. Urbanismo Agentziaren (AUDAP) ikerketak batek zuen bereziki baieztatu epe motzeko alokatzeen kopurua emendatu zela. 16.000tik gorakoa zen kontatutako aldi laburreko alokatzeen kopururua, soilik AirBnB eta Abritel plataformetan, hots, %130eko igoera 5 urtean.

Elkargoaren lanek, konpentsazio araudi bat kolektiboki definitzeko parada eman diete tentsiopeko zonaldeko 24 herrietako hautetsiei, zeinari esker, herri horietan AirBnBren gisako etxebizitza bat alokatzeko, etxejabeak etxebizitza berri bat ekoiztu beharko duen, hedadura berekoa eta hau bai, urte osorako alokatua.

Bereziki Alda elkarteak sustaturiko herri mobilizazioak neurri honen aldeko gero-eta atxikimendu zabalagoa sortu du. 32 eragilez osaturiko Herrian Bizi-Se loger au Pays plataformak ere, 2021eko azaroan Baionan 8.000 pertsona bildu zituen mobilizazioaren ardatzean kokatu zuen aldarrikapena. Eskaera honek oihartzun baikorra izan du Euskal Elkargoko hautetsien artean, besteak beste, gai honen ardura duten Daniel Olcomendy eta Filipe Aramendi abertzale ezkertiarren partetik.

Irekitako borroka juridikoa
Bozkaren aitzineko asteetan, benetako ofentsiba plantan ezarri zuten turismorako etxebizitzen jabeen elkarteek; bai hedabideetan eta baita hautetsiei begira ere.
Amore ematetik urrun, AirBnB bizitegien jabeek borroka juridikoari ekin zioten. Hori dela-eta, beste behin ere, denbora debaldetan galdu da politika publikoak ere berantean diren problematika honetan; hori dena, etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko gero-eta arazo gehiago duten bertako herritarren kaltetan.
Borroka juridikoari dagokionez, berri onak jaso ditugu ordutik eta heldu den astelehenean iritsiko den erabakia jasotzea berantesten dugu.

Lau proposamen aitzinatzeko
Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren arazoak larria izaten jarraitzen du eta baitezpadakoa da urrats berriak egitea. Horretarako, eztabaida berriak ideki behar dira eta honakoak dira EHBaik egiten dituen proposamenak :

  • Tentsiopeko lurraldearen hedatzea Ipar Euskal Herri osoari. Zonalde honi lotutako neurriak (bigarren etxebizitzen gain zerga, etxe hutsen zerga, konpentsazio neurria…) auzapezen eta herriko kontseiluen eskutan ezartzeko.
  • Alokairuen mugatze zorrotza, urte osoko alokairuen parkera itzuliko diren etxebizitzak prezio eskuragarrian eskainiak izan daitezen. Elkargoak hautagaitza pausatu du eta dosierra aztertzen ari da. Baina neurri hau derogazio gisa baimendua da eta galdegiten dugu frantses estatuari manera iraunkorrean aplikatzea.
  • Fiskalitatearen erreforma sakon bat beharrezkoa da, higiezin irabazi ekonomikoen zerga emendatzeko, mublatu turistikoen bidez irabazten den diruari zerga gehiago aplikatzea eta bigarren etxebizitzen jabeek diru ekarpen handiago egin dezaten herriko etxeei eta elkargoari jakinez ez dutela bertako ekonomia sustatzen.
  • Egoiliar Estatusa plantan ezartzea, jabetzarako bidea mugatzeko soilik lurraldean manera iraunkorrean bizi nahi dutenei

EHBairen deia
Konpentsazioa plantan ezartzearekin, bertako hautetsiek erakutsi dute Elkargoak baduela existitzen diren tresnak erabiltzeko borondatea. EHBaik etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan segituko du bai herri mobilizazioetan, bai instituzioetan. Proposamenak egiten segituko dugu Ipar Euskal Herria Parisen parean ahots bateratuarekin mintza dadin eta beharrezko lege aldaketak erdietsi ditzagun. EHBaik hautetsi guziei deia luzatzen die neurri berriak plantan ezartzeko eztabaidan murgiltzeko eta, borondate osoa adierazten du adostasunaren bidetik jarraitzeko.

Egun, konpentsazio neurria indarrean sartzen dela ospatu eta herri mobilizazioaren eta ekintza instituzionalaren arteko osagarritasuna txalotu nahi dugu. Azken asteotan, Frantses Estatuak Ipar Euskal Herrian dituen ordezkariak aldatu dira. Prefetak eta suprefeta berriak haien kargua hartu duten honetan, arazoari neurria hartu eta konpondu gabeko dosierrei heltzeko egiten die EHBaik.

Azkenik, EHBaik bere izenean egiten dituen ekimenez harago, Herrian Bizi plataforman mobilizaturik eta Apirilaren 1eneko manifestaldi masiboaren antolaketan ekarpena egiten segitzen dugu. Egoera aldatu eta lurra zein etxebizitza bermatzeko neurriak azkartu daitezen, manifestaldian eta honen prestaketan parte hartzera deitzen dugu herritar oro.

0 Comments