Erretreten erreforma: EHBai parlamentariak interpelatzen ditu

Erretren erreformari buruz Frantses Asanblada Nazionalean egin den eztabaida bukatu eta testua Frantses Senatura iristear den honetan, Mathilde Hary eta Nikolas Blain EHBaiko bozeramaileak Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariei igorritako interpelazio gutuna atzemanen duzue beherean:

 

Jaun-andereak,

Asteak iragan dira frantses gobernuak, erretreten erreforma berria iragarri zuenetik prentsa aitzinean. Erreforma berri honek bazterrak anitz inarrosi ditu, jendartearen haserrea eragiteraino. Frantziako lehen ministroa den Élisabeth Bornek adierazpen publikoak egin eta egun gutxira iragan zen lehen mobilizazioa. Frantziar estatuan zein Ipar Euskal Herrian aspaldi ezagutu ez den mobilizazio jendetsua izan zen eta jendeak ez dio utzi greba egiteari.

Egun eta otsailaren 6az geroztik, eztabaida Frantses Asanblada Nazionalean eramana da eta hori dela eta zuregana zuzentzen gira. Izan ere, espero dugu, Ipar Euskal Herriko ordezkaria zaren heinean, hemengo herritarren ahotsa entzunaraziko duzuela. Izan ere, erreforma hau sistema kapitalistak egungo krisi sozial, ekonomiko eta politikoan berkokatzeko beharrezko duen neurria da. Azken urteetako politika neoliberalekin gertatzen ari denaren bidetik, langileen bizi baldintzen okertzearen kontura, ekoizpenaren eta irabazi gehiago metatzearen alde egiten du erretreten erreformaren lege proiektu honek. Bizi dugun zibilizazio krisiaren aitzinean, uste dugu logika aldaketa baitezpadakoa dela eta aberastasunaren banaketan oinarrituriko eredu justu baterantz jo behar dugula.

Exekutiboak erabilitako prozedura ere deitoragarria da. Eztabaida demokratikoari muzin egiten dio. Seguritate sozialaren finantza zuzentzaileko lege proiektu baten zein Konstituzioko 47.1 artikuluaren erabilpenak, Parlementuak izan beharreko papera zangopilatzen dute, berau ezeztatzeraino. Are gehiago, uste dugu jendearen bizia bera jokoan denean, halako erabakiak ezin direla manera horretan hartu.

Erreforma onartuko balitz, langile klasearen eta orohar herritarren eskubideen urraketa areagotuko litzateke. Erretreta adina 64 urteetara gibelatzeak, herritarren lanaldia luzatuko du, bereziki lanbide prekarioak eta akigarriak dituzten langileek pairatuko dituztelarik ondorioak. Lan ibilbide osagabea duten pertsonen eta oso bereziki egoera horretan diren emazteen baldintzak okertuko ditu. Baina oro har, edozein herritarrentzat, zailagoa izanen da erretreta oso baterako baldintzak betetzea, duintasunez bizitzea zailagoa bilakatuko den hein berean.

EHBaik, lege proiektu honen izaera antidemokratikoa ageria eman nahi du. Gure aburuz, euskal herritarren eskubideak eta ongizatea bermatzea funtsezkoa da eta horregatik, eskatzen dizugu erretreten erreformaren aurka posizionatu eta bozkatu dezazun.
Emendakinak onartuak ez izateko arriskua dago eta hori gertatzen bada, testua den bezala bidalia izanen da Batzorde Mixtora, azkenean, indarrez aplikarazteko.

Egoera honen aitzinean, ipar Euskal Herriko jendarteak jakin behar du zer pentsatzen duten ipar Euskal Herriko ordezkariak diren hemengo Diputatu eta Senatariek. Espero dugu, egoerak galdegiten duen ardurarekin jokatu eta lege erreforma hau indarrez ez pasatzeko ahaleginak eginen dituzula, azken asteetan, mobilizazioen poderioz nagusitu den nahiaren aldera. Egiazko eztabaida denbora bat eskeini behar da, elkarrizketa soziala berrabiarazi elkartasunean oinarrituko den eta bizi baldintza duinak defendatuko dituen sistema bat lortze aldera.

Erantzun bat jasoko dugulakoan, jaso ezazu gure agurra,
EHBai

0 Comments