Gure irakurketa osasun ziurtagiriaz

Azken egunetan, Gobernamenduak aurkeztu du lege proposamen bat Osasun Ziurtagiriaren aplikazio luzatzeko. Geroztik, Asanbladan eta Senatuan aipagai izan dute. Azkenean, asteburu huntan adostu dute bertsio amankomun bat.

Joan den udan bozkatu zen osasun ziurtagiriaren aplikazioa Frantses estatu osoan azaroaren 15a arte. Gobernamenduak nahi du luzatu aplikazioa eta zentzu hortan lege proposamen bat aurkeztu du 2022ko uda bukaera arte luzatzeko. Parlamentuaren eztabaiden ondorioz, osasun ziurtagiria 2022ko uztailaren 31a arte aplikatzeko aukera bozkatu da.

Krisi sanitarioa hasi denetik, frantses buruzagiak erregularki gezurretan aritzea entzun ditugu. Lehen denbora batean, zalantzaren onura eman diezaiekegu, egoera arrunt berri eta kontrol ezin baten aitzinean baitziren, ohartu gira geroztik erabaki kontrajarriak hartu dituztela eta krisi sanitarioa baliatu dutela heien hautu politiko salagarri batzuen pasarazteko. Horrek ez du laguntzen konfiantza egiteko gaur egun gobernatzen dutenei.

Bazterrak asko nahasi dituen berria izan zen osasun ziurtagiriaren afera. Berria publiko egin den unean berean, honek Ipar Euskal Herriko zein Frantziar estatuko biztanleen askatasunak murriztuko zituela ohartu ginen. Txertatze sistema azeleratu du osasun ziurtagiriaren beharrak. Opzio bat zena, behar bat bilakaraziz. Izan ere, txertatzearekin batera osasun ziurtagiri bat ematen dizute, bestela, hiru egun guziz PCR froga bat egin behar da. Luzaz urririk egon baldin badira, urri erditsutik goiti ordaindu egin behar dira. Beraz, osasun ziurtagiriaren beharra mantentzearekin, bizi normal bat eraman nahi izanez gero, txertatua izan beharko gira edota dirua izan beharko dugu PCRak egin ahal izateko. Inposaketa ezkutatua da. Neurri honek, ez du uzten norbanakoei bere erabakia libreki hartzen.

Erabaki inposatu honek, bestelako arazoak ere suposatzen ditu. Gure arteko kalapitak. Hau da, txertatu eta ez txertatuen arteko kalapita zein, osasun ziurtagiria erabili edo ez erabiltzearen artekoen kalapita. Neurri horiekin, jendartea zatikatzen lortu dute: alde batetik zintzoak eta bestetik gaiztoak, konplotistak edota eskuin muturraren ideiak defenditzen dituzten horiek.
Bakoitzaren erabakitze eskubidea urratua da. Norbera bere buruaren jabe izatearen eskubidea urratua da.
Krisi honek, ondorio anitzak bezain lodiak utziko ditu. Askok diote, ez garela sekula lehengo egoerara itzuliko. Bainan nahi dugu edo behar dugu lehengo egoerara itzuli ? Espero dezagun ezetz !

Azken urteetan, etengabe erasotua izan den osasungintza arloak segurtatu du krisi honen kudeaketa nagusia. Erizainak, medikuak, garbiketa egileak, artatze zerbitzuetan ari diren langileak lehen lerroan izan dira. Gaur egun, zer neurri konkretu hartzen dira, konfinamendu garaian arrats guziz txalotzen ziren pertsona horien alde ? Zerbitzu publikoen beharra sekulan baino gehiago senditu da.

Krisi hau ez baldin bada baliatzen gure jendarte eredua galdekatzeko, emazteen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, aberasketen banaketan aurrera pausuak egiteko, lanaren partekatzea aldarrikatzeko, hots eredu neoliberalaren auzia egiteko, zertarako balio du ? Mundu jasangarriago bat defenditzen dugu, garapen iraunkorrari leku guzia egiten duen eredua nahi dugu, norbanakoaren askatasuna eta eskubideak errespetatzen dituenak.

Maluruski, gaurko egoerak presio ikaragarriak sortzen ditu jendartearengan. EHBai, beti izan da gisa eta forma guzietako kontrolaren aurka. Zentzu hortan, osasun ziurtagiriaren aplikazioaren kontra gira gaur egun bainan joan den udatik ere noski. Osasunaren arloan, hautatzen ahal diren tratamenduen aitzinean, bakoitzaren hautua errespetatzearen alde izan gira beti. Azkenean, jendarte eredu berri bat aldarrikatzen dugu, ingurumena eta gizakiak errespetatzen dituenak, indibidualki baita kolektiboki.

Azken egunetan izan diren eztabaida politikoek erakusten dute gobernamenduak ez duela ipar orratzik eta nahasten dituela jendartearen kontrolatzeko dituen helburuak eta krisi sanitarioari eman behar diren erantzun egokiak.

Zentzu hortan, EHBAIek segitzen du pentsatzen bakoitzaren arduran sinetsi behar dela eta elkar bizitzan eta konfiantzan oinarritzen den jendarte bat eraiki behar dugula.

4 Comments

One thought on “Gure irakurketa osasun ziurtagiriaz

  1. Ea Hegoaldeko EH Bildu koalizioa konbentzitzen duzuen astokeri berdina dela mugaz bi aldetan eta Espainia osoan hartzen diren neurrien alde izaiteko partez faszismo hunen kontra joaiteko tenorea dela

  2. Milla esker bohotzetik. Lehenengo aldia da euskal erakunde bati pertsonen eskubideetan siñesten duela entzuten diotela.Azken aldi honetan euskaldun erakundeen iparra galduta dabil.
    Eskeronak, eguzki hizpi eder hau guregaraiño bidaltzeagati.

  3. Pozgarria. Badirudi Iparraldeko ezker abertzalea “Xiberoko bortüetatik” jaisten hasia dela. Ea Hegoaldeko anai-arrebak esnatzen hasteko balio duen. Zenbaitek ez zuen Berriako nire gutuna irakurriko: “Abertzaleak Babian”: https://www.berria.eus/paperekoa/5001986/021/002/2021-09-10/abertzaleak-babian.htm Bide batez, Extremadurako azken bost asteko datuak, Covid hildakoak: Txertatuak 54 (91,5%). Txertatu gabeak 5 (8,5%).Gurean berdintsu izango da.

  4. Guztiz ados egindako irakurketarekin. Osasun ziurtagiria inposaketa ezkutatu bat da eta gizartea zatikatzen du. Norbanakoaren erabakitzeko eskubidea ez da errespetatzen. Ez ziren hasieratik egitera ausartu eta pixkanaka gero eta gehiago eskatuko dute. Gure eskubide indibidual eta kolektiboak ez baditugu borrokatzen honek ez du amaierarik edukiko. Hasieran dosi bat zen eta %70arekin artalde inmunitatea. Gero bi dosi eta %90. Orain osasun ziurtagiria, hirugarren dosia eta artalde inmunitateari buruz inork ez du hitzegiten. Zer izango da bihar? Osasuna eta askatasuna!

Comments are closed.