Aste honetan deituriko greba eta mobilizazioen testuinguruan, EHBaik bere sustengua adierazi nahi die karrikara atera diren ikasle eta langileei. Zerbitzu publikoen degradazio kezkagarriaren eta autoritarismoaren aitzinean, ezinbestekoa da gure gazteriaren eta jendartearen etorkizuna defendatzea.
Azken asteetan lizeoetan eta karriketan bizitzen ari diren tentsioak Frantziako Gobernuaren politika neoliberalek eta erreformek eragindako egiturazko krisiaren ondorio dira. Urteotan zerbitzu publikoak ahuldu eta degradatu dituzte, herritarren ongizaterako beharrezko baliabideak ezarri beharrean. Politika horiek gazteen ikasketa baldintzak, langileen bizi baldintzak eta hezkuntzaren kalitatea okertzen dituzten bitartean, gure zergekin bildutako diruaren gero eta zati handiago bat gerletarako eta armamenturako erabiltzen du Parisek.
EHBaik irmoki salatzen du egoera honen aitzinean mobilizatzen ari diren gazte eta langileen kontra Frantziako gobernua erabiltzen ari den bortizkeria poliziala. Onartezina da ikasleak jipoitzea beren eskubideak eta geroa defendatzeagatik. Ildo horretan, biziki larria iruditzen zaigu ikasle euskaldun batek euskaraz egite hutsagatik Baionan poliziaren eskutik jasan behar izan duen jipoia. Berriz ere autoritarismoa eta euskararekiko mespretxua eskutik doazela agerian utzi du eraso honek.
Frantziako Estatuko hezkuntza sistema zentralistak zuzeneko lotura du egun Ipar Euskal Herriko lizeoek eta ikasleek jasaten dituzten arazoekin. Erabakiak hemendik ehunka kilometrora hartzen dira, bertako errealitatetik urrun eta lurralde honetako herritarren behar zehatzak kontuan hartu gabe. Horren baitan kokatzen da ere ikasleek baxoko azterketak euskaraz egin ahal izateko duten eskubidearen urraketa.
EHBaik ikasleen eta hezkuntzako langileen aldarrikapenei erantzun baikorra ematea galdegiten du, egun Frantziako Estatuan irekia den aurrekontuen eztabaidan behar diren baliabideak finkatuz kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu ahal izateko.
Alta, Ipar Euskal Herriak bere baliabideak kudeatzeko eta erabakiak bertan hartzeko botere gehiago behar du eta egungo testuinguruan, EHBaik 2024an aurkezturiko Autonomia Proposamenak gaurkotasun osoa duela berresten dugu. Konpetentziak lurraldearen esku jarriz – tartean hezkuntzarena -, hurbileko politika publikoak plantan ezartzeko aukera izanen luke Ipar Euskal Herriak. Eta horretarako, fiskalitatea gako nagusietariko bat da, botere fiskala hurbileko eskalan kokatzeak aukera emanen bailuke herritarren beharrei hobeki erantzun eta diru publikoaren erabilpenean eraginkorragoak izateko.
EHBaik bere elkartasun osoa adierazi nahi die bortizkeria poliziala pairatzen ari ikasleei. Haiekin batera, kalitatezko zerbitzu publikoak eta Ipar Euskal Herriak bere geroa erabakitzeko duen ahalmena defendatzen segituko dugu.
Zerbitzu publikoen alde GERO ETA GEHIAGO, construisons demain !
