Barnekaldeko Topaketa Munizipalistak: EHBairen bultzada berria 2026ko herri hauteskundeei begira!

2026ko urtarrilaren 10ean, larunbatarekin, EHBaik barnekaldeari berezitua izan den Topaketa Munizipalistak burutu ditu, 2026ko martxoko herri hauteskundeetan aurkeztuko diren zerrenden prestaketa eta indartzeko asmoz. EHBairen helburua argia da: gure proiektu politikoarekiko herritarren babesa emendatzea eta ezkerreko abertzaleen presentzia azkartzea Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeetan zein Euskal Hirigune Elkargoan.

2026ko herri hauteskundeak, funtsezko erronka

Krisi estruktural anizkoitza bizi dugun honetan – soziala, ekologikoa, kulturala, politikoa edota demokratikoa -, 2026ko herri zein Elkargoko bozek funtsezko zeregina izanen dute horiei emango diegun erantzunean. EHBairentzat, hauteskunde hauek lehentasunezko hitzordua dira. Izan ere, Herriko Etxea herritarrengandik hurbilen den botere gune estrategikoa da; besteak beste, lurralde antolaketa, etxebizitzan, ingurumenaren babesean, hizkuntza politikan edota hirigintzan jarduteko eskumenak dituelako. Beraz, tokiko erakundeek parada ematen dute herrien eta lurraldearen eguneroko bizia egituratzen duten erabaki zehatzetan parte hartzeko eta biztanleen bizi baldintzak hobetzeko.

Frantziar Estatuak eramaten dituen politikak gure lurraldeko errealitate eta beharrekin deskonektatuak diren testuinguru honetan, euskara, zerbitzu publikoak eta ingurumena dira gure bizitzetatik urrun dauden erabakien kalteak pairatzen dituztenak. Erronka horien aitzinean, kolektiboki aritzea ez da aukera bat, behar bat baizik. Eta Herriko Etxeak eraldaketa sozial eta politikorako tresna garrantzitsuak direnez, gobernatzeko eta politika egiteko beste manera bat defendatzen dugu: eragile ekonomikoekin, jendarte zibilaren ordezkariekin eta, azken finean, herritarrekin batera lan egiteko borondate osoa berresten dugu.

Lurralde mailan ere, erronka sekulakoa da. Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, hainbat politika publiko garatu dira, eta dinamika hori, oro har, positibotzat jotzen dugu. Hala ere, Ipar Euskal Herriak bilakaera instituzionala behar du, burujabetza handiagoa lortzeko eta lurraldeko erronkei manera eraginkorrean erantzuteko, kanpotik harturiko erabakien menpe izan gabe.

Horregatik, uste dugu 2026-2032 mandatuko erronka nagusietako bat eztabaida hori abiatu eta adostasun zabal batera arribatzea izanen dela, koadro instituzional berri baten aldeko gehiengoa osatzeko eta lurralde proiektu sendo bat eraikitzeko. Izan ere, baitezpadakoa da Ipar Euskal Herrian politika publiko aurrerakoiak indartzea. Eraldaketa ikuspegi horretan, Euskal Hirigune Elkargoaren gobernantza hobetzeko engaiamendua ere hartzen dugu, eta herriko bozen emaitzen arabera, ardura handiagoak hartzeko prest gara.

EHBaik Alderdi Sozialistari dei egiten dio Baionan ezkerreko batasunaren aldeko zerrenda sustengatzeko

EHBaik Ipar Euskal Herri osoan aitzinamendu berriak lortzea du xede. Hitzordu elektoral hau prestatzen ari gara azken hauteskundeetan egindako aitzinamenduak sendotzeko asmoz, eta gisa berean, Herriko Etxe berriak irabazteko helburuarekin. Herri ainitzetan adostasunak eraikitzen eta aliantzak lantzen ari gara gehiengo berriak osatzeko. 2020an baino zerrenda gehiago sustengatuko ditugula aurreikusiz, irekidura ezinbestekoa dela uste dugu ezkerreko proiektu abertzale, feminista, ekologista eta euskaltzale bat gauzatzeko.

Alta, Baionako egoerak kezka sortzen digu. Alderdi Sozialistako sektore jakobinoek abertzaleekin edozein lankidetza baztertzea erabaki dute, gisa horretan ezkerreko batasunari bizkar emanez. 2024ko hauteskunde legegileek, haatik, argiki erakutsi dute guztiz egingarria dela ezkerreko abertzaleekin bateragarriak diren hautagaiak eta programak osatzea, eta bide horrek garaipenera eramaten duela. Horregatik, Henri Etchetok batasun dinamikarekin bat egiteko egin zaizkion proposamenei erantzun ez eta bigarren zerrenda bat presentatzeko hartu duen erabakia arduragabekeria dela uste dugu. Erabaki hori deitoratzen dugu eta egoera argitzeko bidean, EHBaik dei egiten dio Alderdi Sozialistari ahalik eta lasterren publikoki sustenga dezan Baionan ezkerreko indarren batasunaren aldeko zerrenda.

Azken urteetako bilakaera kontuan harturik, ezkerreko abertzaleen aitzinamendu politiko-elektoralaren aitzinean hainbat sektoreren kezka agerikoa da. Hala, hauteskunde hauetan, dinamika baikor hori geldiarazteko asmo nabarmena antzematen dugu. Horregatik, abertzale guziak eta gure proiektuarekin bat egiten duten herritar guziak kanpainan mobilizatzera deitzen ditugu, eta baita 2026ko martxoaren 15ean eta 22an ere, hautetsontzietan manera zabal eta erabakigarrian parte har dezaten. Euskal Herrian posible da!

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.