Zentralismoa gaindituz, nazioen eta lurraldeen aitortzarantz

R&PS federazioaren – EHBai kide dena – eta IFOP inkesta institutuaren artean egin duten “Erregionalismoaren erradioskopia 2025ean” inkestaren emaitzak biziki argiak dira: Frantziar Estatu hexagonaleko eta Euskal Herriko biztanleriaren gehiengo batek Frantziar Estatua lurraldeekin deskonektatua dela uste du eta tokiko boterea eta identitateak indartzearen beharrarekin bat egiten du.

Euskal herritarrek botere handiagoa galdegiten dute Ipar Euskal Herriarentzat

Egunerokoan ikusten dugunez, Euskal Herriak frantziar Estatuaren zentralismoaren ondorioak pairatzen ditu, lurraldeetako beharrei entzungor egiten dieten arduradun politikoen eskuetan den heinean. Hori ez da EHBairen posizio politiko bat, inkestaren emaitzek erakusten dutenez, Euskal Herriko biztanleen %90aren iritzia baizik. 2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sorrera zinezko aitzinamendua izan bazen ere, gure lurraldeak ez du oraindik aski konpetentziarik, tresnarik eta baliabiderik aitzinean ditugun erronkei aurre egiteko. Hori tokiko errealitateetatik erabat deskonektaturik den botere batek behartzen du.

Egiaztapen horren eta demokraziaren gainbeheraren aitzinean, EHBaik Batera plataforma zabalak proposatzen duen estatus bereziko Lurralde Kolektibitate baten aldarrikapena sostengatzen du, zeinari inkestaren emaitzek are zilegitasun handiagoa ematen dioten: Euskal Herriko biztanleen %62 instituzio berri hori sortzearen alde ageri da. Baina estatus politikoaren eztabaida haratago eraman behar dela uste dugu, Frantziako Estatuko hainbat lurraldetan autonomia estatutuak plantan ezartzeko aukerak ere babes handia duelako.

Azken garaian, argudio sendorik gabe, Lurralde Kolektibitatearen kontra kokatu diren hautetsi gutxi batzuen ahotik entzun dugu zalantzakorra dela Ipar Euskal Herrian gehiengo bat dagoela. Inkestak hala baieztatu du eta EHBairen ustez, herritarren nahia entzutea eta horren arabera jokatzea izan beharko litzateke segitu beharreko bidea eta ez estakuruekin iritzi publikoa nahasten aritzea.

Kasik ahobatezko sustengua euskararen garapenerako neurriei

Ipar Euskal Herrian euskararen egoera larria da. 16 urtetik gorakoen artean %20 inguru euskal hiztun izanik, UNESCOk hizkuntza baten biziraupenerako zehazturiko %30aren azpitik gara. Alta, euskararen egoera iraultzeko lurraldeak aspaldi aldarrikatu dituen urratsek herritarren sustengu biziki zabala dute: Euskal Herriko biztanleen %82 euskararen koofizialtasunaren alde agertu da frantsesarekin batera, eta %66 euskararen derrigorrezko irakaskuntzaren alde da, frantsesarekin batera, eskolen ordutegi arruntean, gurasoek kontrakorik galdegiten ez badute.

Datu horiek gure lurraldean euskararen biziberritze prozesu bat gidatzeko dagoen borondate azkarra erakusten dute. Egun, haatik, frantses Gobernua eta Pirinio Atlantikoetako departamendua kontrako bidean kokatu dira, Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) iraupena bera arriskuan ezarriz, euskarak behar dituen baliabideak emendatzeari ateak hetsi ondotik.

Inkesta horren emaitzak, eta beraz, Euskal Herriko biztanleen nahiak ikusirik, EHBaik tokiko eragile eta hautetsiei dei egiten die horren arabera jokatzeko: lehenik eta behin euskararen garapenaren alde egunerokoan lan egiten duten eragileei laguntzak handituz eta bereziki, euskarak behar dituen neurrien alde elkarrekin arituz.

Ondorio nagusiak:

  • Frantziar Estatuak Euskal Herriaren hitza mespretxatzen du. Azken urteetan hautetsiek eta jendarte zibileko eragileek lurraldearen aitortza handiagoa eta euskararen inguruko neurriak galdegin arren, Parisek aldarrikapen horiei ez die egiazko aterabiderik eman, ez bada kontrako bidetik jo duela. Inkestaren emaitzek euskal herritarren gehiengoaren borondatea zein den erakusten dute, zeina ez den Frantziako Estatuarengandik errespetatua.
  • Frantziar Estatua plurinazionala da. Errealitate hori de facto ukatu eta estaturik gabeko nazioen eta lurralde zein identitate ezberdinen onarpenari bizkar ematen dio Estatuak. Frantziarren gehiengoak, aldiz, normaltasunez hartzen duen errealitatea da. Horrek erran nahi du, interes politikoengatik ez bada, baldintzak daudela Frantziako Estatuko antolaketa zaharkitu eta zentralista gainditzeko eta estaturik gabeko nazioen aitortzan oinarrituriko antolaketarantz jotzeko. Hori da EHBaik Frantziako Gobernuari eta alderdi politikoei luzatzen dien deia.
  • Ipar Euskal Herrian baldintza egokiak daude estatus politikoaren aldaketa eta euskararen biziberritze prozesua azkartzeko. Bi gai horietan azken urteetan lorturiko kontsentsu sozial eta politiko handiek euskal herritarren sustengu oso zabala dute. Euskal eragileen artean adostasunak sortu, indarrak metatu eta Parisen aitzinean ahots bakarrez herri gisa mintzatzeko aukera dugu.

Ondoko hilabeteetan bi gai horietan mobilizazio zabalerako eta adostasun berrietarako deia luzatzen du EHBaik.

0 Comments

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.