4.hautesbarrutiko EHBaiko militanteen prentsaurrekoa.

Amildegiaren ertzean ezarri gaituzte. Oinarrizko eskubide sozial, politiko eta demokratikoak urratu dituzte lehenik, metodikoki bezain zorrozki. Gupidagabeak izan dira herritar xumeekin, aberatsenekin eskuzabalak izan diren bezala. Sindikatuak, izan langile, ikasle ala laborari karrikaratu diren aldioro, Estatuaren bortizkeriaz baliatu dira bazterrak ixilarazteko. Beldurra instrumentalizatuz jendartea zatikatu dute, aterabide saiakera eta alternatibak oro itotzeraino. Hots, tentsioaren estrategiaren bidez politika bortiztu dute lerratze populista eta nazionalista elikatuz.
Macron presidente handiusteak eta bere gehiengoak eskuin muturrari boterearen ateak zabaldu dizkiote. Ez da urruneko irrisku lauso bat, baizik eta bihar berean izan dezakegun agertokia, hezur haragitan pairatu dezakegun egoera.
Begiak hetsi ditzagun istant labur batez eta irudikatu dezagun Frantziar Estatu mailan eskuin muturraren garaipenak zer ondorio lituzkeen Ipar Euskal Herrian, gure egunerokoan : euskararentzat, ikastolentzat, laborantza sailean eraiki diren alternatiba herrikoientzat, oinarrizko eskubide sozial eta demokratikoen bilakaeran, emazteen eskubideen defentsan, herritar zaurgarrienen geroan, aniztasunaren zaintzan, elkarbizitzan, …
Ez da beldurrak eta halabeharrak gaina hartzeko unea, baizik eta arduraz jokatu eta mobilizatzeko mementoa. Iraganak erakutsi digu gisa bereko krisien atarian eraldaketarako bideek gaina har dezaketela. Gure esku da!
Egoeraren larritasunaz jabeturik eta dagozkion ardurak hartuz EHBaik Fronte Herritar berriarekin saretzea deliberatu du. Aspaldi ikasia dugu herriaren eta herritarren alde obratzeko tenorean ezberdinen artean indarrak biltzen, eta elkarrekintza horrek eragiten duen bertutea, aukera leiho berriak sortzeraino.
Ezkerreko alderdiekin lortu den hurbiltzeak eskenatoki berri baten aitzinean ezartzen gaitu. 4° hautes eremuan Echanizen hautagaitza sostengatzen dugu, beste bi barrutietan ezkerreko hautagai abertzaleak izanen direlarik lehen eta bigarren lekuan. Ez da hasten eta bukatzen den bidea. Baizik eta Ipar Euskal Herrian eraldaketaren bidean gehiengo berriak osatzeko beste urrats bat. Izan ere, Ipar Euskal Herrian ez baita alternatibarik eraikitzen ahalko ezkerrekoak eta abertzaleak ez diren oinarrietarik kanpo.
Ez gaitezen kikildu, eta geroari itxaropenez heldu diezaiogun. Karrikan eta bozka bulegoetan eragin dezagun. Eskuin muturrari aurre egiteko Euskal Herrian eraiki diren tresna herrikoiak biziarazten jarraitu dezagun, eta berriak sortu ditzagun. Ekainaren 30an eta uztailaren 7an aldiz, bozka bulegoetan itxaropenari ateak zabaldu ditzagun.
Ez dira pasako, ez hemen ez nihun !