Euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna

Atzo abiatu zen Miarritzen Munduko Euskal Pilota Txapelketa. 91 euskal pilotarik parte hartuko dute bertan, baina bat berak ere ez du aukera izango bere selekzioarekin lehiatzeko, euskal selekzioarekin. Horrenbestez, Espainia, Frantzia, AEB, Txile edo Kanadako selekzioekin lehiatzera behartuta daude, munduko txapelketan jokatu nahi badute. Euskal selekzioa ofiziala ez denez, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak ez du haren parte hartzea baimentzen.

EH Bilduk eta EH Baik euskal pilotariek bere selekzioarekin parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dute eta nazioarteko eragileei, euskal pilota federazioari eta bertako agintari politikoei ekinbide horretan inplikatzeko eskatzen diete. Bistan da orain arte eman diren urratsak ez direla nahikoak izan, eta lan eta borondate handiagoa eskatu diete, askoren ametsa eta guztien eskubidea dena behin betikoz gauzatzeko.

EH Bilduk eta EH Baik argi dute honen guztiaren atzean interes politikoak ezkutatzen direla, eta ez daukala zerikusirik nazioarteko kirol araubideekin. Errugbia edo futbola dira adibide garbia. Bi kirol horiek Erresuma Batuan sortu zirenez, Erresuma batua osatzen duten herriek eskubidea dute nazioarteko lehiaketa ofizialetan beren selekzioekin parte hartzeko. Inor ez da harritzen Eskoziako, Galeseko edo Ingalaterrako errugbi edo futbol selekzioak nazioarteko lehiaketa ofizialak lehiatzen ikustean.

Euskal pilotak izen hori izan arren, kirolaren jatorria Euskal Herrian dagoela zalantzan jartzerik ez dagoen arren, euskal pilota selekzioak ez dauka lehiaketa ofizialetan lehiatzeko aukerarik. Zentzugabekeria, eta beste kirol batzuekin alderatuta, bidegabekeria egiten ari dira euskal pilota selekzioekin. Espainiako eta Frantziako estatuek beren interesak eta azpijokoak egiten dituzte nazioarteko federazioan eta beste federazio batzuekin, beste kirol batzuetan zalantza ezina dena, euskal pilotan gertatzeko. Horren atzean interes politiko nabarmenak daude, eta Euskal Herria bera ukatzea da arrazoi nagusia. Amarru eta azpi joko horiek gainditzeko eta eskubidea dena behingoz gauzatzeko deia egiten dute EH Bilduk eta EH Baik, eta gure herriaren eta pilotarien gehiengoaren eskubidea eta ametsa egia bihurtzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu dute.

0 Comments