
Joan den abenduaren 11n iragan den Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusiaren ondotik, EHBaik bere irakurketa politikoaren berri eman nahi du. Biltzar Nagusi horren emaitzak gauza anitz agerian eman ditu.
Hasteko eta behin, finantzamenduan erabakia izan den diru zama ez da inondik inora euskararen biziberritze prozesuak behar duena. Oroitarazi nahi dugu, 2023an EEP berak azterketa bat egin zuela hizkuntza politikan zeuden beharrak ikusteko. Egungoa baino 2,6 milioi euro gehiagoren beharra ondorioztatu zen, hots EEPko partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago ematea. Ondorioz, biltzar nagusi horretan erabaki den emendatzearekin (400.000 euro, Elkargoak emanen dituen 200.000 euro gehigarriekin) argi gelditu da euskarak behar dituen baliabideetatik oso azpitik garela eta honek, gure hizkuntzaren egoera larriagotu baizik ez duela egiten ahal.
EHBaik Frantziako Estatuaren eta bere ordezkari den Pirinio Atlantikoetako prefetaren erantzukizuna lehen lerroan ezarri nahi du bereziki, paper oztopatzaile nagusia jokatu baitu porrot gisa kontsideratzen dugun prozesu honetan. Are gehiago, prefetak euskararen kontrako jarrera erasokorra erakutsi du eta baita lurralde honetan euskara biziberritzeko dagoen borondatearekiko mespretxua ere. Bere posizio hertsia atxikiz, EEP bera hiltzeko arriskua mahai gainean izan da.
Egun, euskararentzat politika publikoak plantan ezartzeko Ipar Euskal Herri mailako egitura bakarra izanik, Euskal Hirigune Elkargoak arduraz jokatu duela kontsideratzen dugu. Oroitu behar da, bi urteko prozesu honetan, hizkuntza politikak behar dituen baliabideen emendatzearen alde hastapenetik agertu den kolektibitate bakarra izan dela. Oztopoz beteriko bide honetan, prefetaren helburua Elkargoa bakartzea izan da. Zentzu horretan, gainerako partaideen engaiamendu eza ere deitoratzen dugu.
Frantziako Estatuaren ardura euskararen larrialdi egoeran
Behin baino gehiagotan argitara atera den gisan, euskararen biziraupena Ipar Euskal Herrian arriskuan dela ondorioztatua du UNESCOk berak, euskal hiztunen %30 oso azpitik garelako (%20).
Frantziako Estatuak Euskal Herrian izan den hizkuntza ordezkapen prozesuan eta egungo egoeran ardura historikoa du. Euskarak izan duen atzerakada ez baita prozesu natural bat izan. Frantziar instituzioek plantan ezarritako politika publiko metodikoen ondorioz bizi du euskarak egungo larrialdia. Ez da guk errana: eskolan erabilera debekatzea, umiliazioak, zigorrak, administrazioan sartzeko oztopoak, transmisio espazioen suntsiketa, mespretxu instituzionalak… sobera dokumentatuak dira adituen lan anitzetan.
Egun, Frantziako Estatua da bere konstituzioaren arabera ko-ofizialtasun oro debekatzen duen Europar mendebaldeko estatu bakarra. Frantziako instituzioek hizkuntzaren auzia hierarkia hertsi batean oinarritzen dute beti, zeinaren arabera frantsesak ekintza publikoaren legezko hizkuntza bakarra izaten segitzen duen.
Anartean, euskal herritarren %72 euskararen ko-ofizialtasunaren alde agertzen da. Beraz, ukazioa bikoitza da: euskarak behar duen ezagupen ofizial eta juridikoaren ukazioa eta euskal herritarren gehiengoaren nahiari mespretxuz erantzuteari loturikoa.
Frantziako Estatuak hizkuntza ordezkapen prozesuan eta euskararen atzerakadan izan duen ardura historikoa aitortu beharko luke eta abiapuntu horretatik, egungo egoera errotik aldatuko lukeen erreparazio politika plantan ezarri.
Hizkuntza politika eta bilakaera instituzionala
2050ean euskal hiztunen %30era iristeko helburua finkatu du EEPk eta bere horretan begi onez ikusten dugu, baina denen bistakoa da helburuak eta indarrean den hizkuntza politika ez datozela bat inondik inora. Ondoko 25 urteetan, besteak beste 40.000 hiztun berri gehiago behar badira, anbiziozko hizkuntza politika ausarta ezinbestekoa da.
Ildo horretan, euskararen biziberritzea aurrekontu hutsera mugatu nahi izateak, helburu horretatik urruntzen gaitu. Auzia egiturazkoa da, politikoa zein juridikoa, eta hizkuntza politika eraginkorra izan dadin neurri azkarrak behar dira, horien artean:
- Euskararen ezagupen ofiziala eta babes juridikoa.
- Euskararen ezagutzarako transmisio estrategia sendo bat, non, murgiltze ereduaren orokortzea eta helduen euskalduntzerako egiazko jauzia ardatz izanen diren.
- Irakaskuntzan, administrazioan eta espazio publikoan euskararen presentzia eta erabilera normalizaturanzko urratsak.
- Honek guziak, luzerako hizkuntza plangintza eta finantzamendua segurtatzea galdegiten du.
EHBairen iritziz, EEPren eskema agortua da. Izan ere, tresna hori Frantziako Estatuaren interes eta neurrira eraikia izanik, hizkuntza politikaren azken hitza eta erabakia bere esku da beti. Azken bi urteetan eta abenduaren 11ko biltzar nagusian ikusi ahal izan duguna ezin argiagoa da. Ipar Euskal Herriko jendarteak eta instituzioek euskararen aldeko jauzi bat egiteko nahia dute baina Estatua da nahi hori blokeatzen ari dena.
Hori dela eta, hizkuntza politikaren konpetentzia eta antolaketa berria Ipar Euskal Herriaren esku izatea aldarrikatzen dugu. Logikoa da gure hizkuntzaren etorkizunaz lurraldean erabakitzea. Horregatik, euskararen biziberritze prozesuan aitzinatu nahi badugu, Ipar Euskal Herriak botere gehiago behar du ezinbestean. Bilakaera instituzionalaren prozesu hori ezin da luzatu eta hizkuntza politikaren antolaketa berriari buruzko eztabaida gaurdanik abiatzeko premia mahai gaineratzen dugu, ahalik eta manera zabalenean eta adostuenean egin ahal izateko.
Euskarak behar dituen aldaketak bultzatzeko, EHBaik Ipar Euskal Herriko eragileen, hautetsien eta herritarren mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen du. Eta bide horretan, ondoko martxoaren 15 eta 22an iraganen diren herriko bozei eta Euskal Hirigune Elkargoaren mandatu berriari begira, euskararen eta hizkuntza politikaren gaia erdigunean kokatzea baitezpadakoa dela adierazten dugu.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an Bilbao Arenan eginen duen “Euskaraz bizitzeko pizkundea” ekitaldian parte hartzera deitzen ditugu herritarrak. Euskararen biziberritze prozesuak behar duen jauzia Euskal Herri osoan gauzatu behar dugulako.
