Urriaren 3an, arratsalde bukaeran, EHBaiko hamar bat kidek bi banderola zabaldu dituzte Pierre-Édouard Stérinen etxean. Horrela, Ipar Euskal Herriko biztanleen bizkarrean eskuin muturreko milioidunaren 10 milioi euroko higiezin espekulazioa salatzeko. Militante abertzaleek zabaldutako banderoletan hurrengoa irakur zitekeen: “Eskuin muturrak Euskal Herrian espekulatzen du” eta “Etxebizitza eskubidea ez dago salgai”. Igorritako mezua argia da: eskuin muturrak eta espekulazioak ez dute lekurik, ez Euskal Herrian ez eta beste inon.
Lege hutsuneak uzten duen gainbalio lotsagarria
2022an, Pierre-Édouard Stérinek Frantziako Estatuaren eraikin hau enkantean erosi zuen. Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak interes orokorreko proiektua zeraman eraikin horren inguruan. Aukera hori baztertu egin da milioidunen interes pribatuei lekua uzteko, enkante baten bidez. Urte horretan 3 700 000 €-tan balioztatutako ondasuna eskuratzeko.
Pierre-Edouard Stérinek berehala 6 000 000 €-ko eskaintza egin zuen, 2022ko prezioaren ia bikoitza izanik. Hiru urte berantago 16 000 000€-tan birsaldu nahi du, 10 milioi euroko gainbalio espekulatibo gordinarekin. “Etxebizitzaren hemorragia hain indartsu den lurralde batean, Ipar Euskal Herriko kasuan bezala, zinezko bidegabekeria da biztanleriarentzat.” azaldu du Hugo-Luc Maillosek, Herri Berri udal taldearen izenean. Jarraian jarraitzen du: “Egoera horrek salmenten prezioak mugatzeko premia azpimarratzen du, etxebizitza eskubidea izan dadin eta ez produktu espekulatibo bat”.
Eskuin-muturreko milioidun baten lotsagabekeria espekulatiboa
Ekintza honekin EHBaik milioidunen zinismoa salatu nahi du. Milioidunak berak beti bere aberastasuna emendatu nahi du, espekulazioa bultzatuz eta era berean prezioen gorakada sustatuz bertako herritarrak zokoratuz. “Hemen, Euskal Herrian, abertzale garen heinean, bakoitzak ahal duen neurrian ahalegin kolektiboan parte hartzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Guztiz kontrakoa da Stérin bezalako patriota milioidunek duten definizio lotsagarria: hedabideak, think thank-ak eta eskuin-muturraren kanpainak finantzatzea; fiskalki erbesteratuz eta lurralde bateko biztanleen bizkarrean espekulatuz.”, azaldu duGaby Aresteguik, EHBairen izenean.
Mugimendu abertzaleak egoiliar estatusaren beharra berresten du, existitzen diren etxebizitzak lehentasunez bertan bizi eta lurraldea biziarazten dutenei emanak izan daitezen eta ez daitezen gutxi batzuen errenta espekulatiboan eror.
Egiazko harresia eskuin-muturraren aitzinean
Pierre-Édouard Stérinek Belgikako egoiliar zergari ihes egiteaz gain, bere aberastasuna eskuin-muturreko proiektuak eta ideiak diruztatzeko erabiltzen du. “Elkartasunaren eta demokraziaren aurkako eraso bikoitza da, jarraitzen du Gaby Aresteguik. Euskal Herrian horrelako ideologia zein eginmoldeak lekuz kanpo daudela erakutsi dugu. Hurbiltzen ari diren herriko bozen karietara, haien ideien aitzinean egiazko harresi bat eraikitzeko behar absolutua dagoela oroitarazten dugu. Inolako herrietako zerrendak ez du haiekin kolaboratzea onartu behar”.
Mobilizazioa luzatze aldera, EHBaik balore progresistak zein Ipar Euskal Herriko identitatea babesteko kolektiboki antolatzera dei egiten du. Hitzordua ostiral honetarako, urriaren 3rako emana da, Itsasuko Sanoki gelan arratsaldeko 19:00etan. Bertan, “Eskuin muturraren aitzinean, erantzun kolektiboa eraikitzen!” mahai-ingurua iraganen da. Gai honen inguruan mobilizatu nahi duen oro ongi etorria izanen da. Euskal Herrian, bai, posible da!