Urriaren 3an, eskuin muturrari buruzko gaualdia Itsasun

EHBairen Eskolen testuinguruan, heldu den urriaren 3an ostiralarekin, eskuin muturrari buruzko gaualdi publikoa iraganen da Itsasuko Sanoki gelan, arratsaldeko 19:00etatik goiti, “Eskuin muturraren aitzinean, erantzun kolektiboa eraikitzen” izenburupean.

Izan ere, eskuin muturraren zein bere ideien hedapen eta mehatxua aintzat hartzea baitezpadakoa dela uste du EHBaik. Kanpoko eraginari (mundua, Europa eta frantses Estatua, hedabideak, sare sozialak…) eta bestetik, Ipar Euskal Herrian eta oro har Euskal Herrian gertatzen denari arretaz segitu behar diogu. Horregatik, erantzun zabal eta kolektibo bat gogoetatzea beharrezkotzat jotzen du EHBaik. Gisa horretan, uste dugu eraginkortasun handiagoarekin erantzun ahalko diogula gure lurraldearentzat eta jendartearentzat arrisku handia den agenda erreakzionarioari.

Ipar Euskal Herrian eskuin muturra sustraitzeko urratsak ezagutzen ari gara, hala nola, 2026ko herriko bozetan presentzia handiagoa ukaiteko ahalegina, Pierre-Edouard Sterin miliardunak Biarritzeko BO errugbi klubaren akzioen gehiengoa erosi izana, Biarritzen CRSI zentroaren antena bat sortzeko asmoa… Frantses Estatuan boterera iristeko arriskuaz ohartarazi nahi dugu, horrek Ipar Euskal Herrian ukaiten ahal dituen ondorio guziekin.

Ipar Euskal Herriak erakutsi du hemen posible dela harresi zabal bat eraikitzea. 2024ko frantses legegileei begira sortu dinamikak eta emaitzek edota 2025eko laborantza hauteskundeetan Euskal Herriaren eta laborantza herrikoiaren aldeko eskaintza nagusitzeak erakusten duten bezala.

Hori dela eta, arriskua aukera bilakatu behar dugula uste du EHBaik. Ipar Euskal Herrian lorturiko adostasunak, balore aurrerakoiak eta gure identitatea elkarrekin defendatzea eta gehiago zabaltzearen aldekoak gara. Hots, harresi zabal bat eraikitzea lurraldean eraiki duguna babesteko eta lehia kultural-ideologikoa irabazteko.

Mintzaldia eta mahai-ingurua

Ideia horien harira, urriaren 3ko hitzorduak bi momentu nagusi izanen ditu. Lehenik, 19:00etan Lumir Lapray landa-eremuko militantearen mintzaldia iraganen da bideo-konferentzia bidez. Laprayk sei hilabete eman zituen Ameriketako Estatu Batuetan gaindi Donald Trumpek landa-eremuetan izan duen bozka aztertzeko. Gisa berean, herritarren praktika onak identifikatzeko lana egin zuen.

Ondotik, 20:00etan Ipar Euskal Herriko sektore eta eragile ezberdinetako kideen arteko mahai-ingurua izanen da, gure lurraldeko egoera aztertu eta elkarrekin erantzun kolektiboa eraikitzeko gogoetak partekatzeko. Partaideen artean izanen dira:

  • Malika Peyraut, Alda mugimenduko kidea.
  • Ana Sarria, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako kidea.
  • Eñaut Aramendi, LAB sindikatuko kidea.
  • Jennifer Audy, ELB sindikatuko kidea.

Gaualdian zehar bilduko den publikoaren iritziak eta gogoetak jasotzeko parada izanen da.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.