Martxoaren 22an, Angelun, EHBaiko I. Topaketa Munizipalistak izanen dira

 

EHBairen lehen topaketaren aurkezpen hau, Herriko bozen eta Euskal Elkargoaren osaketa berria baino urtebete aitzin egiten ari gara.
Ezkerreko abertzaleontzat lehentasun nagusia diren hauteskunde horien prestaketan jadaneko buru-belarri ari garela jakinarazten dugu eta martxoaren 22an Angelun antolatu dugun topaketa prestaketa prozesu horren momentu garrantzitsua izanen da. Herrietako
zein Euskal Elkargoko militante, hautetsi, auzapez eta hautagaiak elkartuko gara bertan.

Angelun egitea hautatu dugu, Ipar Euskal Herriko biztanle gehien dituen bigarren hiria delako eta ezkerreko abertzaleon helburua ere badelako hirigunean gure eragina eta herritarren babesa emendatzea.

Bistan dena, gure erronka lurralde osoko herri guziei begirakoa da, baina argi dugu ere, azken urteetan egiten ari garen aitzinamenduen ildotik, hirigunean gure presentzia eta hedapena azkartzea baitezpadakoa dela. Beraz, Angelun egiteak EHBaik hauteskunde
horiei begira duen anbizio politikoa sinbolizatzen du.

 

Topaketa Munizipalistetan parte hartuko dut

 

Zer den jokoan

2026ko herriko bozak eta Euskal Elkargoaren osaketa testuinguru konplexu eta ez egonkor batean iraganen dira. Egoera politiko aldakor honen erdian, gaur gaurkoz ezin da jakin heldu den urtean zein izanen den errealitate politiko zehatza. Alta, krisi sozial, ekologiko, kultural, politiko eta demokratikoa estrukturala da eta beraz, hauteskunde horiek krisi anizkoitz horri proiektu batekin erantzuteko berebiziko garrantzia hartzen dute EHBairentzat.

Herriko Etxeak herritarrengandik hurbilen diren instituzioak izanik, herritar guzien ongizatea eta justizia soziala bermatu ahal izateko ezinbesteko rola betetzen dute. Elite ekonomiko eta politikoek gure geroari buruzko erabaki ahalmena ebatsi nahi diguten honetan, demokrazia indartzea lehentasunezko erronka bat da EHBairentzat. Herriko Etxeak eraldaketa sozial eta politikorako instituzio garrantzitsuak diren heinean, guk gobernatzeko eta politika egiteko beste manera bat defendatzen dugu: eragile ekonomikoekin, jendarte zibilarekin eta finean, herriarekin batera lankidetzan aritzeko prestutasun osoa adierazten dugu.

Bestalde, lurralde mailan, erronka sekulakoa izanen da. Euskal Elkargoa sortu zenetik hona, lurralde ikuspegiko zenbait politika garatu dira eta uste dugu urrats hori arrunt positiboa dela. Aldiz, Ipar Euskal Herriak burujabetza gehiago ukaiteko beste koadro instituzional bat behar du, lurraldeak dituen desafioei eraginkortasunez erantzun eta kanpotik hartzen diren erabakien menpeko izan nahi ez badugu. Horregatik, 2026-2032 mandatua biziki garrantzitsua izanen da eta gure ustez, koadro instituzional berri baten alde gehiengo bat osatu eta lurralde proiektu bat plantan ezartzea izanen da mandatuko erronka nagusietariko bat, lurralde mailako politika publiko aurrerakoiak azkartzea berebizikoa baita. Gisa berean, aldaketaren perspektiban, Euskal Elkargoaren gobernantza hobetzearen alde eginen dugu.

Ezkerreko abertzaleak programak eta proposamenak prestatzen hasiak gara herriei eta lurraldeari begira. Apaltasunez, uste dugu urte hauetan erakusten ari garela proposamenak egiteko, gobernatzeko, instituzioak kudeatzeko eta beste eragile zein hautetsiekin lankidetzan aritzeko gaitasuna dugula. Baina argi adierazi nahi dugu gu ez garela kudeaketa huts baterako aurkezten hauteskundeetara. Instituzioak, eraldaketa soziala eta politikoan aitzinatzeko tresna dira eta interes orokorraren zerbitzura egon behar dute. Ezkerreko abertzaleok norabide horretan arituko gara lanean.

EHBairen helburuak eta posizioa

Hori horrela, EHBaik Ipar Euskal Herri osoan aitzinamendu berriak egiteko helburua du:

  • Hasteko eta behin, 2020arekin alderatuz, gure ideiak eta baloreak defendatuko dituzten ezkerreko zerrenda abertzale, ekologista, feminista eta euskaltzale gehiago aurkezteko parioa egiten dugu.
  • Ezkerreko abertzaleek gidaturiko zerrendek 2020an lortu emaitzak hobetzeko erronka jartzen dugu, hots, orduko lorpenak atxiki eta herri gehiagotara jauzi egiteko anbizioarekin ari gara prestatzen hitzordu elektoral hori.

EHBai prest da adostasunak eraiki eta aliantzak josteko zerrenden osaketa eta gehiengo berrien perspektiban. Uste dugu garrantzitsua dela posizio hori ukaitea herri zein lurralde proiektu aurrerakoi eta burujabeago bat plantan ezarri nahi badugu.

Bide horretan, ezkerreko abertzaleontzat Ipar Euskal Herriaren berezitasuna aitortu eta bilakaera instituzionalarekiko borondatea eta engaiamendua ukaitea ezinbesteko baldintza da akordioetara iristeko. Gisa berean, hautagai kontserbadore, abertzaleen kontrako edota jakobinoekin akordioak egiteari ateak hesten dizkiogu, bai eta Abiadura Handiko Trena babesten dutenekin ere.

2024ko hauteskunde legegileetan agerian gelditu zen ezkerreko abertzaleokin bateragarriak diren hautagaiak eta programa finkatzea egingarria dela eta eskaintza horrek irabazle ateratzeko aukera gehiago dituela. Irakaspen hori gogoan izatea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Beraz, jarrera irekia baina aldi berean tinkoa izanen dugu hauteskunde horietan.

Azkenik, testuinguruari erreparaturik, ohartarazi nahi dugu eskuin muturrari eta orohar ideia atzerakoi, arrazista edota homofoboei ate guziak hetsi behar zaizkiela. Zentzu horretan, ezkerreko abertzaleok arduraz jokatuko dugu ideia horiek Ipar Euskal Herrian lekurik izan ez dezaten.

Topaketa Munizipalistak, egitaraua

Gauzak horrela, martxoaren 22ko Topaketan Ipar Euskal Herri osoan ezkerreko abertzaleok eramanen dugun kanpaina bultzatzeko tresnak aztertuko ditugu. Esperientzien trukaketa eta norabide amankomunak finkatzeko momentu kolektiboa izanen da.

Topaketa Munizipalistek bi zati izanen dituzte:

  • Goizean zehar, tailerrak izanen dira errealitate geografiko, demografiko eta indar harremanak kontuan hartuz.
  • Bazkalondoan, mahai inguru bat izanen da, publiko zabalari irekia. Bertan, burujabetza proiektuak eta gobernantza eredu ezberdinak aztertuko dira. Hizlariak hauek izanen dira:
    • Haritz Alberdi, Getariako auzapeza eta Udalbiltzako lehendakaria.
    • Joana Mendiburu, Oiartzungo auzapeza.
    • Marie Christine Elizondo, Urruñako axuanta.

EHBaik deia luzatzen du Ipar Euskal Herrian lehen aldikoz eginen diren Topaketa Munizipalista hauetan masiboki parte hartzera. Aitzinean ditugun desafio handiei proiektu abertzale, ezkertiar, euskaltzale, ekologista eta feminista sendo batekin erantzuteko aukera parez pare dugu.

 

Topaketa Munizipalistetan parte hartuko dut

0 Comments

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.