Martxoaren 8aren atarian, hemen bildu gara egun EHBaiko emazteak, eraldaketa feministaren aldeko gure engaiamendua azpimarratzeko. Ibilbide, adin, eskualde, engaiamendu esparru anitzetako emazteak elkartu gara, EHBairen batzordeetan, instituzioetan edo herri mugimenduan lehen lerrora jauzi egiteko eta militatzeko hautua egin dugunak. Hemen garen guziok zapalkuntza hirukoitza jasaten dugu: klase zapalkuntza, nazio eta kultura zapalkuntza eta sexu-generoaren araberako zapalkuntza; horregatik gara 3 aldiz errebeldeak, horregatik gara abertzale, ezkertiar eta feministak; horregatik ditugu borrokarako hamaika arrazoi. Ikuspegi intersekzionalari esker, dominazio-harremanen iturbura jotzen dugu eta haiek gainditzeko lanean ari gara.
Emazteen eskubideen aldeko borroka eguna den Martxoaren 8a, sistema aldaketa sakona aldarrikatzeko eguna da EHBairentzat. Burujabetza eta justizia soziala nahi ditugu Euskal Herriarentzat;. Zeharkatzen gaituzten zapalkuntzak gainditzeko, feminismoak zeharkatu behar ditu euskararen, etxebizitzaren, ekologiaren edo migrazioen arloan herri gisa eramaten ditugun borrokak.
Egungo jendarte kapitalista zis-heteropatriarkaletan emazteok pairatzen dugun zapalkuntza egiturazkoa den heinean, horri emandako erantzunek ere egiturazkoak izan behar dute. Lehenik eta behin, hilabete-sarien arraildurarekin bukatzeko, sistema ekonomikoaren berrantolaketa oso bat ematea da aterabide bakarra. Emazteak lan urteetan zein erretreta garaian prekaritatera kondenatzen dituen errealitate honekin bukatzeko neurri zehatzak behar ditugu. Halaber, zaintza lanen – hala nola, haurren edo adineko pertsonen zaintza – banaketa orekatuagoa egitea premiazkoa da; azken batean, jendarte osoaren ardura izan behar dute. Nola ez aipatu bortizkeria patriarkal guziak (bortizkeria matxista, hezkuntza sexista, emazteen eta LGBTQI+ kolektiboaren diskriminazioa…) lehenbailehen desagertaraztekoak direla gure jendartetik. Ipar Euskal Herriaren eskalan ere beharrezkoa da eragile ekonomiko, sozial zein politikoek eta instituzioek engaiamendu argiak hartzea eta berdintasunaren alde eskuz esku aritzea.
Azkenik, hiru engaiamendu argi hartzen ditu EHBaik. Lehena, ezkertiar, abertzale, ekologista eta feministen etxe komuna den EHBaik barne funtzionamendu feminista izateko behar diren aldaketa obratzea eta gure egituratik bortizkeria matxista oro desagertaztea. Bigarrena, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministaren baitan Euskal Herriaren burujabetzarako perspektiba sustraitzea; hura indartu, hedatu eta lurraldeko indar mobilizatzaile nagusienetarik bat bilakatzeko lan egitea eta Hego Euskal Herriko mugimendu feministarekiko zubiak eraikitzea. Hirugarrena, instituzioetatik politika feminista eraldatzaileak sustatzea emazteen bizi-baldintzak hobetuz sistema aldaketa baten oinarriak jartzeko.
Abortatzeko askatasuna Frantses Konstituzioan sartzea onartu zuen astelehenean Frantziako parlamentuak. Poztekoa da mugimendu feministaren hamarkadatako borrokari esker abortatzeko eskubidea bermatzeko urrats berri hau egin izana. Haatik, oinarrizkoak diren eskubideen aldeko borrokak funtsezkoa izaten segitzen du oraino. Ezinbestekoa iruditzen zaigu abortatzeko eskubidea oztopatua izan ez dadin, osasun sistemara beharrezko baliabideak bideratu behar direla oroitaraztea. Irabazitako eskubideak defendatu eta berriak eskuratzeko etengabeko lehian aritzeko prest gara militante abertzale, ezkertiar eta feministak.
Aipaturiko guziagatik, karriketan mobilizatuko gara Martxoaren 8an, Baiona, Azkaine, Urruña, Hendaia… eta beste hainbat herritan. Emazte abertzale, ezkertiar eta feministok, borrokarako, eta eraldaketarako prest gara. Euskal Herria feminismotik eraikiko dugu!