LABORANTZA HERRIKOI ETA IRAUNKORRAREN ALDE, HEMEN ERABAKI!

Frantses Estatuan eta Ipar Euskal Herrian laborariak hainbat egunez mobilizatu ondotik, haien haserrea baretzeko neurriak iragarri zituen Gabriel Attal frantses lehen ministroak ostiralean. Aipaturiko neurriek ez diete egiturazko aterabiderik eskaintzen laborari gehienek bizi dituzten problematikei. 

EHBairen ustez, funtsezkoa da laborariek hilabete-sari duina bermatua izatea. Horretarako, unitate kostuaren azpitik egiten diren ordainketen debekua ezarri beharko litzateke. Izan ere, arazoa ez dira ingurumena babesteko legediak, agro-industriak metatzen dituen gero-eta etekin handiagoak baizik. Laborariak duintasunez bizi daitezen eta kontsumitzaileek mozkinak prezio eskuragarrietan erosteko parada izan dezaten, beharrezkoa da merkatua arautzea. 

Lehia basatia sustatuz, laborarien bizi-baldintzen okertzea eragiten duten eta trantsizio ekologikoaren aurkako norabidean doazen merkataritza librerako hitzarmenak zentzugabekeria hutsa dira. Produktibismoa lehenetsi eta etxalde industrialei mesede egiten dien Europako PAC diru-laguntzen filosofia ere erabat berrikusi behar dela adierazten du EHBaik. 

 

Eredu alternatibo baten eraikuntza Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomiko garrantzitsuenetarikoa da laborantza, oso bereziki barnekaldeko eremuetan, lanpostuen %15-20 barne biltzen duen sektorea baita. Lurraldearen erresilientzia eta burujabetzarako zutabea den laborantza herrikoi eta iraunkorra babestu eta garatzea dagokigu. Zirkuitu-laburrak, ekonomiaren birtokiratzea, sor-marken sorrera… Hamaika dira Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoan bertako ekoizle zein kontsumitzaileen beharrei egokiturik azken urte luzeetan laborantza ereduaren oinarriak plantan ezartzen ari diren alternatibak.

Zentzu horretan, laborantza politikak hemen erabaki eta kudeatu ahal izateko, Laborantzaren Erakunde Publikoaren aldeko parioa egiten du EHBaik. Izan ere, aitzinean ditugun desafio klimatiko, ekonomiko eta sozialak ikusirik, uste dugu sektorearen geroa bermatzeko lurralde bezala behar ditugun tresnei buruzko eztabaida berpiztu beharra dagoela. Ipar Euskal Herriko instituzioek urrats esanguratsuak egin behar dituzte elikadura iraunkorraren alde eta laborantza lurren defentsan. 

Merkataritza librearen aurka eta laborariek ordain duina izatearen alde ondoko egunetan Ipar Euskal Herrian antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

0 Comments