Frantses Senaturako bozen emaitzei buruzko irakurketa

Frantses Estatuko departamenduen %50ean bezala, Pirinio-Atlantikoetako “hautesle handien” erdia bozkatzera deitua zen igandean, ondoko sei urteetarako hiru senatari hautatzeko.

Hauteskunde hauek izaera berezia dute Ipar Euskal Herriko bigarren indar politikoa den EHBairentzat. Izan ere, “hautesle handien” erdia baino gehiago Biarnokoa izanik, zaila da Ipar Euskal Herriaren erronkak eta abertzaleon ideiak boz hauetako eztabaiden erdigunean kokatzea.

Pirinio-Atlantikoetan, haien kargua berretsi dute Frédérique Espagnac, Max Brisson eta Denise Saint-Pé egungo senatariek. EHBaitik azpimarratu nahi dugu parlamentariengana jotzen segituko dugula bilakaera instituzionala, etxebizitza, euskara, AHTaren aurkako borroka edo trantsizio ekologiaren gisako herri erronketan aitzinamenduak erdiesteko.

Erran gabe doa, ezin ditugula begiak hetsi eskuin muturraren gorakadaren aitzinean. Pirinio-Atlantikoetan bozka kopurua laukoiztu dute eskuin muturreko zerrendek; hexagonoari so berriz, aipagarria da RN Luxemburgoko jauregira itzuli izana. Berriro diogu irmoki buru egiten diogula bazterkeria eta diskriminazioa oinarri dituen eskuin muturraren proiektuari, eta oroitarazi nahi dugu agintean direnen lerratze neoliberal eta autoritarioek ongarritzen dutela faxisten lurra.

Gure poza adierazi nahi dugu Robert Xowie, FLNKSeko independentista Kanakiarraren
garaipenatik. Azken honek, Sonia Backés, Bornen gobernuko estatu idazkari eta Kanakyko anti- independentisten liderraren parean irabazi ditu hauteskundeak. Emaitza honek argitan ezartzen du Frantses Gobernuak egindako Kanakyko gatazka politikoaren kudeaketa onartezina.

Behin eta berriz errepikatu dugun gisara, lanean segituko dugu Ipar Euskal Herriko jendartearen sektore zabaletan gero-eta atxikimendu handiagoa duen proiektu politiko abertzale, ezkertiar, ekologista eta feminista instituzio guztietan entzun dadin

0 Comments