Berdintasunik eza eta hutsuneak nagusi osasun sisteman

Ipar Euskal Herriko lurraldean osasun eskaintza koherente eta egituratua izatearen alde egin eta osasun zerbitzuen lurralde mailako orekatzearen beharra azpimarratzen du EHBaik.

 

Larrialdi zerbitzu baten sorrera Donapaleun

EHBaik bat egiten du Donapaleuko ospitaleari loturiko Mediku-interbentzio eta suspertzerako larrialdi zerbitzu baten alde (SMUR) Ipar Euskal Herri barnealdeko 135 herriek egindako deialdiarekin.

Hamarnaka hautetsi eta osasungintzako langile bildu ziren iragan astean Donapaleun, Biarno eta Lapurdiko kostaldearen artean egonik, Larrialdi zerbitzu hurbilik ez duten herrien egoera zaurgarriaz ohartarazteko.

Izan ere, nabarmena Pirinio-Atlantikoetan dagoen baliabideen desoreka: Biarnoko 3 ospitaleek (Paue, Oloroe, Orthez) larrialdi zerbitzu propioak dituzte. Ipar Euskal Herrian aldiz, bakarra dago, Baionako ospitalean.

Ipar Euskal Herriak eta Biarnoak gisa bertsuko populakuntza dentsitatea dute; beraz, nola justifika daiteke Ipar Euskal Herri barnealdeko 100 000 biztanleek bizi duten berdintasun eza osasun sistemaren arloan ?

Donapaleuko ospitale zentroa da departamenduan larrialdi zerbitzurik ez duen bakarra. Kokapen zentralagatik eta jadanik dituen baliabideengatik, Donapaleuk funtsezko hurbileko zerbitzu hau jasotzeko baldintza guziak betetzen ditu.

Donapaleuko ospitaleak (orduan, Sokorri klinika zena) 2010ean galdeginiko ikerketa baten arabera, “Beste sektoreetako herritarrekin konparatuz, Barnealdeko herritarrek bi aldiz gutxiago balia ditzakete larrialdi zerbitzuak antzeko kasuetan. Eta baliatzen dituztelarik, onura anitzez ere urriagoa da larrialdi zerbitzuen interbentzio epe biziki luzeen ondorioz; aukeren galera ukaezina dakarren egoera da hau”. 13 urte iragan arren, ez da hutsune hau zuzentzeko urratsik egin.

Kostalde eta barnealdearen arteko lurralde oreka baten aldeko engaiatzen garen abertzaleak izanik, egoera hau jasanezina iruditzen zaigu.

 

Babestu beharreko osasun eskaintza Xiberuan

Epe laburrean Donapaleun larrialdi zerbitzu bat ezarria izan dadin aldarrikatzen dugun ber gisan, badira zenbait urte Mauleko ospitalea Ipar Euskal Herria osasun zerbitzuei lotzea galdegiten dugula.

Konkretuki, Mauleko ospitaleak Nafarroa-Euskal Kostaldeko ospitalearekiko hurbilpen bat gauzatzea da gure xedea. Euskal Elkargoa, Tokiko Osasun Kontratua garatzen ari da ARSarekin elkarlanean. Dokumentuaren ardatz nagusienetakoa da “ osasunaren arloko desoreka geografiko eta sozialen aurka borrokatzea” eta osasun guneen plantan ezartzea planifikazioa. Zentzu horretan, Euskal Elkargoak sustaturiko Barkoxe, Maule eta Atharratzeko osasun etxeen plantan ezartzeak ospitaleetako zerbitzua osagarrituko luke.

EHBairen Xiberuko taldeak Irailaren 9an Xiberuko osasun eskaintzaz bilkura publiko bat antolatuko duela oroitarazten dugu, 10:00etatik goiti, Mauleko zineman.

 

Osasun sistemaren irisgarritasuna bertan erabaki behar dugu

Zoritxarrez, zerbitzu publikoaren hondatzearen kasuan, Ipar Euskal Herria ez da salbuespena. Ikusi besterik ez da, nola Donibane-Lohizuneko poliklinikako larrialdiak behin eta berriz hetsi behar izaten dituzten langile faltagatik. Osasun krisiaren garaian argi gelditu zenez, osasun sistema kaltetzen dute Frantses Gobernuaren erabakiek. Ministerioetan zein ARSetan ematen den zentralizazioak ez du lurralde guzietan beharrezko zerbitzuak plantan ezartzeko aukerarik eskaintzen.

Agerikoa da Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den hazkunde demokrafikoaren kari, osasun sistema birpentsatu eta herritarren berdintasuna bermatzea dagokigula. EHBaik, lurralde osoa kontuan hartzen duen eta naturalki,  Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuekin lotua den osasun sistema publikoa defendatzen du.

Gaur-gaurkoz, agerikoa da halako sistema bat erabaki guneak birtokiratuz soilik lor daitekeela.

Zentzu horretan, herritarren beharrei erantzuteko manerarik eraginkorrena Ipar Euskal Herriko instituzioei ahal bezain bat eskumen ematea dela uste dugu. Horregatik segituko dugu Euskal Elkargoaz haragoko garapen instituzionalaren eta osasungintzaren arloko eskumen eta baliabide berrien eskuratzearen aldeko lanean.

0 Comments