Emazteek pairatzen dituzten bortizkeriak borrokatu

Azken egunetan, prentsa zein irratietan, emazteen kontrako bortizkeriaren gaia egunero argitaratu direla ikusi ahal izan dugu.

Azken urteetan, elkarteek egindako lana eta mobilizazioei esker, sentsibilizazio lan handia egin da eta horrek emazteen kontrako bortizkeriaren isiltasuna hausten lagundu du. Baina hala ere, oraindik bada lan handia egiteko urte luzeetan zehar instalatu den sistema patriarkala alde batera uzteko.

Emmanuel Macronek, emazteek pairatzen dute bortizkeriaren kontra lanean arituko zela esan bazuen ere, errealitatean ez da hala. Hezkuntza eta justizia arloetan plan bat garatu behar da. Beharrezkoak diren baliabideak desblokeatu behar dira gazte gaztetik gaiaz arduratzeko zein, komisaldegietan, zentro sozialetan eta epaitegietan beharrezkoa den laguntza eta segimendua bermatu ahal izateko.

Genero-berdintasunaren eta indarkeria sexistaren amaieraren aldeko borroka hori ere bataila ideologikoan eraman behar dugu, jendartea eraldatu eta pentsamoldeak garatze aldean. Jendartearen eraldaketa bermatzeko, behar beharrezkoa da bertako erakunde publikoek neurri sinple eta azkarrak har ditzaten. Eufemismo bat da esatea ez gaudela hitzorduan.

Eredugarriak izan behar diren neurri politikoak

Jean Lassalleren kontrako ikerketa bat eraman da joan den maiatzean, 2010ean gertatutako gertakari batzuetan oinarriturik, funtzio politikoak betetzen zituela. Honek erakusten digu bide luzea dugula oraindik egiteko. Azpimarratu behar da, Asanblada Nazionalean ere beste sexu-eraso salaketa batzuk daudela bere kontra. Frantses gobernamenduaren berrantolaketa baten biharamunean argitaratzen den informazio honek erakusten du frantses exekutiboak ez duela jorratu emazteen kontrako bortizkeriak, ez orokorrean ezta ere bere famili politikoan. Izan ere, akusazioak eta auzi desberdinak dituen Darmanin ministroa postuan mantentzea seinale biziki txarra da.

Pertsonalitate publikoen inplikazioa

Mundu politikoko arduradunak eredugarriak izan beharko lukete. Zer esanik ez, kirol munduko profesionalei buruz. Gazteek eredutzat hartzen dituzte jokalari horiek. Zentzu horretan, onartezina iduritzen zaigu, Haouas errugbilariaren integrazio berria Biarritzeko errugbi taldera. Bere emaztea kolpatzen ari zela filmatu zuen zaintza-kamera batek eta urtebeteko kartzela-zigorra ezarri diote. Jokalari honek ez du ezer egiterik errugbi zelai batean eta taldeko lehendakariak egindako adierazpenek, arrangura areagotzen dute.

Udan iraganen diren herriko besten bezperetan gauden honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa zaigu eraso sexisten kontrako borroka. Arduradun politiko, instituzional eta pertsonalitate publikoak borroka horren aldeko engaiamenduak hartu behar dituzte. Denen artean atzeman behar ditugu aterabideak. Urgentziazko egoera baten aitzinean gira. Artikulu hau irakurtzeak 6 minutu inguru eskatu dizkizue; denbora-tarte horretan, Frantziar estatuan, hiru emazte erasotuak dira eta horietako bat bortxatua.

0 Comments