
Joan den maiatzaren 4ean, hamar bat gazte Baionako geltoki ondoan den eraikin bat huts batean sartu ziren, Santizpiritu auzoko bizilagun eta elkarteei beren proiektua azaldu ondotik. Gune horrek behar konkretu bati erantzuten zion: Lanean edo ikasten ari diren eta etxebizitza bat lortzeko zailtasunetan diren 9 gazte aterpetzea. Oroitu behar da, urtez urte, ipar Euskal Herrian etxe bat lortzeko zailatsunak handitzen direla. 2015etik hutsik zen eraikinean lanak egin ondotik, hainbat hitzordu kultural burutu dituzte ere bertan, auzoko herritarrak biltzeko asmoz.
Maurizia kolektiboko kideak, Baionako herriko etxearekin zein etxebizitzaren problematikari aurre egiteko lanean ari diren elkarteekin harremanetan sartu dira okupazioaren lehen egunetik ( Bâtir des Solidarités kolektiboa, EHBai, Zizpa gaztetxea, Etokinekin kolektiboa, LAB…). Eztabaida eskaera ez da burutu eta gaur goizean, Mauriziako kideak Sainte-Ursule karriako eraikinetik kanporatuak izan dira. EHBaik, kanporaketa salatzeaz gain, ezinbestekotzat jotzen du, Baionako herriko etxeak hirian etxebizitza bat lortu eta proiektu kolektibo bat eraiki nahi duten gazte hauen beharrei erantzutea. Garrantzitsua da oroitaraztea Maurizia proiektuaren helburu hauek: urgentziazko etxebizitzak sortzea, euskara biziaraztea mintza praktikaren bidez, eskaintza kultural anitza eskaini (hitzaldiak, eztabaidak…).
Ipar Euskal Herrian etxebizitza arloan bizi dugun egoera larri honen aitzinean, behar beharrezkoa dira aterabide politiko ausartak. Behin-behineko etxebizitzak aterabidea izan daitezke. Maurizia bezalako proiektuak, Santa Izpirituko biztanleen problematikari alternatiba bat proposatzeko helburua zuen. Etxebizitza problematikari erantzuko bestelako aterabide berritzailea zen auzoarentzat. Larriladiari erantzuteko aterabidea.Maurizia proiektuko kideek, eraikin hutsak berritu bitartean, hauek erabiltzeko baimena emanen duen kontratuak bultzatzea eskatzen diete botere publikoei.
EHBaik berresten du, Maurizia proiektua sustengatzen duela. Etxebizitzaren problematikari aurre egin nahi badugu, bada garaia herrian bizi eta lan egin nahi duten baina bertan aterpetzeko ahalik ez duten gazteak entzuteko. Atzo, Mauriziako gazteek prentsaurreko bat eskaini zuten haien egoera azaldu eta ordurarte zuten kanporatze harriskuaren berri emateko. Prentsaurreko honen biharamunean izandako erantzuna, polizien eskutik burututako kanporatzea izan da. Botere publikoek, etxebizitzaren problematika larriari heldu behar diote behingoz.
(Argazkia: Mediabask)
