Aberri Eguna 2023: EHBai – EHBildu adierazpen bateratua

Amaiur oroituz ospatu genuen iazko Aberri Eguna. 500 urte geroago Nafar Askatasunaren, Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko ikur legez gogoratu ere, memoria biziaren lekuko baina batik bat etorkizunari so egiten dion herriaren senaz. Aurten, Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalearen oinarri izan den Itsasuko Agiriaren 60. urteurrenak ezinbestean aipatu beharreko beste efemeride bat dakarkigu. Biak ala biak, Euskal Herriaren historia luzea marraztu duten beste hamaika gertakizunekin batera, oraindik askatasunaren ortzi-muga parez- pare zabalik duen herri-ibilbidearen testigu.

60 urteotan Euskal Herriak aurreratu badu, eta ezin ukatu hala izan denik ipar zein hego, urte horietan ezagututako pizkundearen uberan egin du. Frankismoaren nagusitasun betean, abiapuntu sendoa ezarri zuen, gerora hamarkada luzeetan egin dugun ibilbidearentzat. Adar eta hari anitz aireratu ziren Euskal Herriaren luze- zabalean, ekimen, mugimendu ugari baina guztiak ere Herri nortasunaren abaroan ernalduak.

Berpizkunde berri bat, XXI. mendeko auziei so egingo dien herri-bulkada berri batez galdegin nahi diegu
Aberri Egun honetan euskal herritarrei. Galdera berriei nola erantzun ukatua eta zatitua izaten jarraitzen duen herriaren kondiziotik, beste norbaitek beste nonbaiten hartzen dituzten erabakien menpe dagoen herriarenetik. Europa atarian gerra pizteraino heldu den mundu mailako krisi klimatiko, energetiko eta sozialaren agertokian, demokrazia eta autoritarismoaren lehia bizia goraka doan honetan, gure beharrizanen araberako erabaki propioak hartzeko eskubidea jarri behar dugu erdigunean. Horregatik Aberri Egun honetan EH Bilduk eta EHBaik Demokrazia eta Soberaniaren aldarria zabaldu nahi dugu. Garen komunitate bezala, garai gris hauetan itxaropen ezean murgildu nahi gaituztenen aurrean erantzunak eskaini parez-pare ditugun erronkei eta aldi berean ezker independentismoak ilusioaren eta itxaropenaren banderak aireratzeko duen bokazio eta konpromiso irmoa adierazi.

Euskal Estatua egitasmo politiko garaikidea da. Euskal Herriak duen gaitasuna, bere herritarren eta antolakunde ekonomiko, sozial eta politikoen elkarlanetik eratortzen da. Herri bizia gara, askotariko pertsonez osatua, herri gisa ditugun auziei aurre egiteko beharrezkoa den ezagutza kolektiboa duena. Halaber, Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugun guztion eguna dela adierazi nahi dugu. Guretzat muga, beste zenbaitentzat oraindik harresi; ez muga, ez harresirik gabeko Aberria amesten dugunona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, beranduago hala sentitu dutenena edota hemen bizi arren beste identitate batzuekin gehiago bat egiten dutenena.

Gure Aberria askotarikoa da; bere paisaiak bezalaxe, kulturalki zer esanik ez, jatorriei dagokienez gero eta gehiago, okzitanieraz, gazteleraz, frantsesez ere hitz egiten duena baina Herri, euskarak egiten gaituela dakiena. Aniztasun horretaz eginak gara eta Aberri Egunak ere aniztasun hori irudikatu behar duelakoan gaude.

Hortaz, 2023ko Aberri Egunaren kariaz, EH Bilduk eta EH Baik euskal herritar guztiei, ospakizunerako deia egiten die, ospakizunaz batera aldarria ere presente mantentzera. Euskal Herriko txoko ezberdinetan egongo diren ospakizun ezberdinetan legez, apirilaren 8an Donostiako Miramarren Euskal Herria Baterak burutuko duenean, Itsasun apirilaren 8 eta 9an Bagiraren eskutik izango diren ekitaldietan eta apirilaren 9an Iruñean EH Bilduk burutuko dituenetan parte hartzera dei egiten dugu.
Demokrazia eta Burujabetza Euskal Herriarentzat

0 Comments