Bigarren etxebizitzak : INSEEko xifre berriak egoeraren larritasuna azaleratzen dute

Gaur, martxoaren 18a, EHBaiko militanteek bigarren etxebizitzen xifreak erakusten dituzten panelak banatu dituzte ipar Euskal Herriko herri sarrera guzietan. Ekimen honen xedea, hamarkada luzeetan zehar etxebizitza arloan bizi dugun egoeraren larritasuna azaleratzea izan da. Problematika hortaz jabeturik, EHBaik urteak darama arlo horretan lanean eta oraingoan, gure lan ardatzetako bat den bigarren etxebizitzen kopuruari eman nahi izan diogu fokua.

Gaurtik aitzina, hamarnaka militanteek herriz herri, herri sarreretan jarritako panelak ikusgai izanen dituzue, bigarren etxebizitzen kopuru zehatza eta ehunekoarekin.

Orain dela aste batzuk, INSEEk, ipar Euskal Herrian diren bigarren etxebizitzen kopurua barne biltzen duen dokumentua publikatu zuen. Xifre horiek 2019ko xifreak dira, justu pandemia aitzin. Ez dugu ahantzi behar, pandemiak etxebizitzaren problematika katalizatu duela. 2021ean, ekimen berdina egin genuen eta orduan, 2018ko datuak erabili genituen.

2018 eta 2019 artean, bigarren etxebizitzen kopurua, 5617 etxebizitzen emendatzen da. Emendatze horren atzean dauden arrazoiak hauexek dira: erakitze berriak, etxebizitzen banaketa edo etxebizitza berrien eraikitzea beste erabilpen bat zuten eraikinetan. Urte batez, 498 bigarren etxebizitza gehiago sortu dira, gutxienez 8 hilabetez hutsik diren Ipar Euskal Herriko etxebizitzen kopurua 42743raino igoz. Eguneraketa honek urtebetean gertaturiko bilakaera ebaluatzeko balio du. Azpimarratu behar dugu biztanleriaren erroldan oinarritzen dela, hots pertsonen deklarazioetan eta 2020ko COVID krisiak ez duela eragin kopuru horietan.

Proportzioan, bigarren etxebizitzak, parkearen %20tik gora dira oraino. Horrek erran nahi du Ipar Euskal Herrian, bost bizitegitatik bat bigarren etxebizitza dela. Kopuru honek eguneroko errealitatea erakusten duen bitartean, ezin dugu ahantzi izugarria dela bizitegi sozialen eskasia (Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %76a horretarako hautatua izan daitekeelarik). Izan ere, hau da egia gordina: Ipar Euskal Herrian bizitegi sozialena baino bi aldiz handiagoa da bigarren etxebizitzena.

Getaria hautatu dugu, herri honetan, bigarren etxebizitzak lehen bizitegi baino gehiago direlako. Duela egun batzuk, “ongi bizitzeko herrien” artean lehen postuan jartzen zuen Getaria. Inguruko herrietara begiratzen badugu, Biarritzen edo Donibane-Lohizunen adibidez, %40tik gora dira bigarren etxebizitzak. SRU legearen kuadroan sartzen diren herri horietan, %25ekoa izan behar da bizitegi sozialen eskaintza (biztanleriaren %76a horretarako hautatua izan daitekeelarik), funtsezko kontraerran onartezin bat dago. Izan ere, bizitegi sozialen SRU helburuak herri bateko bizitegi printzipalen kopuruaren arabera kalkulatzen dira. Adibidez, SRU irizpideen arabera, %19koa da bizitegi sozialen kopurua Donibane-Lohizunen. Baina bigarren etxebizitzak kontuan hartuz, %10ekoa litzateke kopurua. Biarritzeren kasuan ez litzateke %11, %6 baizik; Hendaian berriz, %10 eta ez %16. Afitxaketan jukutria bat egiteaz harago, eragin negatiboa du horrek. Gaur egun, herri turistiko bateko auzapezak ez du bigarren etxebizitzen kopuruen inguruan zorrozki ekiteko interesik, etxebizitza sozialen tasa hobetzeko eta prefetaren zigorrak saihesteko baliatzen baitute egoera.

Etxebizitza eta lurralde antolaketa politiketan, aldaketa erradikal eta globala behar direla diogu. SCOT eta PLUIen elaborazioarekin, hautetsiek maila lokalean ekiteko parada dute laborantza lurrak zaindu eta bizitegi hutsen hedapena gelditzeko. Era berean, beharrezkoa da AHTren aurkako borroka egitea. Izan ere, halako proiektuak ezagutu dituzten lurraldeetan etxebizitzan izandako eraginak kaltegarriak izan dira azken urteetan. Bulegoen emendatzea etxebizitzen ordez, bigarren etxebizitzen biderkatzea eta pandemiaz geroztik orokortu den telelanaren fenomenoarekin, aste erdiz hutsik diren etxebizitzak ikusteko arriskua gero-eta handiagoa da.

Berehalako lege aldaketen beharra
Duela bi aste, bigarren etxebizitzen aurka borrokatzeko hainbat neurri jarri genituen mahai gainean, hemen oroitarazten ditugu:
Tentsiopeko lurraldearen hedatzea Ipar Euskal Herri osoari. Zonalde honi lotutako neurriak auzapezen eta herriko kontseiluen eskutan ezartzeko.
Bigarren etxebizitzen gaineko zerga berezia ezartzea, hutsik geldituko den bizitegi bat erosten dutenek bertako fiskalitateari ekarpen handiagoa egin diezaioten.
Egoiliar Estatusaren egingarritasuna aztertzeko ikerketa bat abiatzea, jabetzarako irismena erregulatzeko.

Oraintxe bertan, Ipar Euskal Herriko 158 herrietako hautetsiak herrietako aurrekontuak osatzen ari dira.

Aurten indarrean sartu den bizitegi zergen erreformak hemendik goiti bigarren etxebizitzak soilik zergapetzea dakar. Egoera honetan, hautetsi batzuek herrietako bizitegi zergen tasa nabarmenki handitu nahi izan ditu. Haatik, bizitegi zergen emendatzea, eraikitako jabetzen gaineko zergaren maila berean jartzera behartzen ditu legeak. Bestela erranik, bigarren etxebizitzen jabeak gehiago zergapetu nahi baditugu, ber proportzioan emendatu beharko zaizkie zergak herriko lurren jabeei.

Mugimendu abertzaleak errepikatzen du beste behin ere, etxebizitza bat ukateko eskubideak bi ukateko eskubidearen gainetik egon behar duela.

Goizeko ekimena herritarren hitza entzun dadin deialdia egiten aukera ere bada. EHBaik aktiboki hartzen du parte, Apirilaren 1ean, europar mailako mobilizazio egun baten baitan, 15:00etan Baionako suprefeturatik abiatuko den etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaldi handia antolatuko duen Herrian Bizi plataforman. Ezinbestekoa da, herri presioa mantentzea, garaipen berrietarako bidea ideki dezaketen hitzorduak indartuz.

0 Comments