Burujabetza Euskal Herriarentzat

Aurtengo Aberri Eguna heldu da eta EH Baik Azkainen ospatzeko deialdia luzatzen du. Duela bi urte, konfinamendu betean, etxetik ospatu genuen Aberri Eguna; iaz berriz, plazetan kantatuz egin genuen bat Euskal Herria Bateraren ekimenarekin. Covid-19ak eragindako askotariko krisiak egitate bat utzi du beste behin ere agerian: erronka sozial, ekonomiko, klimatiko eta kulturalei aurre egiteko, burujabetza behar du Euskal Herriak.

Bi urteren ondotik, elkartzeko momentua dugu. 12:00etan, manifestaldia izanen dugu, ondotik ekitaldia. 13:30tatik goiti berriz, herri bazkaria, taloak, ostatua eta txarangak. Euskal Herriaren burujabetzaren alde garen guziok indarrak biltzeko eguna izanen da Azkaineko hitzordua.

Aberri Eguna nondik gatozen eta batez ere nora joan nahi dugun aldarrikatzeko hitzordu garrantzitsua da. Herri honek erakutsi du indarrak bilduz gauza handiak egiteko gai dela eta geroan ere, aitzinean ditugun erronkak handiak direla ikusirik, bide bera atxiki behar dugula uste dugu. Azken hilabeteetan, ezberdinen arteko elkarlanari esker, zenbait erronka garrantzitsuri herri gisa erantzutea lortu dugu: euskarazko irakaskuntzaren defentsan, lurren espekulazioaren aurka, etxebizitza eskubidea berma dadin edo euskal preso politikoak askatzearen alde adibidez…Gertakari hauek erakusten dute herri mobilizazioak eta instituzioak osagarri direla, eta Ipar Euskal Herrian, indar harremanak, gero eta gehiago bertako arazoen eta interesen arabera osatzen direla. Euskal Herrian burujabetzaren bidean aitzinapausoak egin dira.

Agerian gelditzen da, haatik, eskumen eta tresna gehiago behar ditugula. Egungo errealitatetik abiatuz, herritarren nahi eta beharrei erantzuteko eta erabakiak bertan hartu ahal izateko, eskumen handiagoko instituzio bat behar dugula berresten dugu. Halaber, muga guzien gainetik, Euskal Herri osoko eragile, herritar eta instituzioen artean lurraldeen arteko harremanak sendotzeko mekanismoak indartzeko beharra nabarmendu nahi dugu. Elkarrekin eta lankidetzan, nazio eraikuntza berrindartzeko garaia da.

Testuinguru honetan, kezkaz so egiten diogu Frantses Estatuko presidentetzarako hauteskunde kanpainari eta oro har, egoerari. Orain bost urte boterea eskuratu zuen Macronen zentro-eskuin liberalak eskuin-muturreranzko bidaia hasi zuen aspaldi. Gauzak horrela, ideologia atzerakoiaren ezarpena, klase pribilegiatuenen aldeko politikak eta klima aldaketa mugatzeko ekintzarik eza ageri dira bost urteotako bilanean. Horri, Euskal Herriak funtsezko gaietan jasotako mespretxua gehitu behar diogu.

Korsikarekin gertatutakoak hainbat irakaspen utzi dizkigu. Batetik, frantses gobernua preso politikoen egoera heriotzaraino usteltzen uzteko prest dagoela ikusi dugu. Bestetik, Yvan Collonak pairaturiko erasoak eta bere heriotzak eragindako tentsioa egoera nolabait baretzeko, erabakiak berak hartu eta Korsikaren aitortza politikoaz hitz egitea komeni zaiola ulertu du Frantses Estatuak.

Frantses Gobernuak preso politikoen biziarekin jolasteari utzi behar dio. Ipar Euskal Herrian jendarte zibilaren eta hautetsien gehiengoa Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Paroten askatasuna erdiesteko engaiatua den honetan, gatazka politikoari eta bere ondorioei aterabide demokratikoa emateko garaia da, Euskal Herriaren nahia eta borondatea errespetatzekoa.

Bide batez, larunbatean Baionan egin genuen bezala, gure elkartasuna helarazi nahi diogu bakea eta askatasuna lortzeko borrokan ari den Korsikar herriari.

Bukatzeko, dei bat egin nahi diegu ezkerreko abertzale guziei: badugu proiektu bat, herritarra, berdinzalea, lurralde osoan hedatua eta sektorez sektore antolatua. Azken urteetan, mobilizazio zein hauteskundeetan erakusten ari gara asko garela. Gehiago izan gaitezen, Euskal Herria burujabetzarantz eramateko. Apirilaren 17ko Aberri Eguna urrats bat izanen da.

0 Comments