AZTERKETAK EUSKARAZ

Brebeta euskaraz pasatzeko eskubidearen urraketaren aitzinean, Seaskako irakasleek brebetaren azterketak ez zuzentzeko erabakia hartu zuten. EHBaik, desobedentzia ekimena hori sustengatzeaz gain, heldu den uztailaren 1ean Donapaleun « azterketak euskaraz » lemapean eginen den mobilizazioan parte hartzeko deialdia luzatzen du.

Bide beretik eta aldarrikapen bera ardatz, joan den ekainaren 17an, ostiralarekin, Bernat Etxepare lizeoko terminaleko hainbat gazteek, filosofiako azterketa euskaraz pasatzea deliberatu zuten. Txalo bero bat ikasle horiei.

Urte luzeak dira, ikasleek azterketak -brebeta eta baxoa-, euskaraz pasatzeko aldarria lau haizetara hedatzen dutela. Urteen poderioz eta aitzina eramandako mobilizazioei esker, gai batzuk euskaraz pasatzeko eskubidea irabazi da. Baina, oraindik ere, oztopo eta urradura ainitz jasotzen ditu euskarak. Oztopo horien adierazle da, orain dela aste batzuk Molac legeari pausatutako helegitea. Kontseilu Konstituzionalak hartutako erabakiak, haserre handia eragin zuen Euskal Herriko jendartean eta haserre horren islada izan zen maiatzaren 29ean Baionan egondako manifestazio arrakastatsua.

Euskarak, estatu juridiko berezi bat behar du bizirauteko. Euskarak bezala, hizkuntza gutxituak kontsideratuak diren beste hizkuntzek ere estatutu hori behar dute.
Gaurkoan ere, eta azken egunetan egondako ekintza desobedienteen aitzinean, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu, egunerokotasunean euskararen alde ari diren guziei : euskaldunak, elkarteak, erakasleak… Euskararen kontrako erasoa, euskaldunen kontrako erasoa da. Gure hizkuntzari dugun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez.

Hurrengo hitzordua beraz heldu den uztailaren 1a, ostegunarekin, azterketak euskaraz pasatzeko aldarria Pariseraino entzunarazteko.

0 Comments