Hegazti gripea, istorioa errepikatzen ari da

Azken asteetan Ipar Euskal Herritik hurbiltzen ari den hegazti gripeak laborariak ikaran jartzen ditu. Duela hiruzpalau urte gertatutakoaz deus ere ez dela ikasi agerian uzten du epidemia berri hunek. Hegazti hazkuntzan azkeen hamarkadetan ikusi den sistemen industrializatzea da holako krisien hobenduna. Milaka eta milaka kabale metatuak dira bastimenduetan, animaleen ongizatea zangopilatuz, laborariak izorratuz eta ingurumenari kalte haundiak eraginez.

Gaur egun diren erronka klimatiko eta sozialen kontra ari da laborantxa modelo industriala eta kalteak izugarriak dira. Aldi berean, administrazioak milioika euro sartzen ditu krisi bakotx, sano diren kabaleen hiltzeko, errepikatzen diren krisien zergatia ikertzeko ordez. Ondorioz, kabaleak eta naturaren errespetuz eta kalitatezko mozkinak ekoizten dituzten laborariek zuzenki pairatzen dituzte zentzugabekeriz hartuak diren erabakiak.

Jendarteak argiki adierazi zuen duela hiru urte zer nolako laborantxa mota nahi zuen eta zer nolako etxaldeak sustengatzen zituen. Hala eta guztiz ere, berriro ere milioi bat baino kabale gehiago erahilak izan dira azkeen asteetan, horietan andana bat sanoak. Ezin da onartu kabale sanoak sakrifikatuak izan ditezen modelo industrialarengatik, batez ere tokiko arraza bat kenka txarrean jartzen delarik.

0 Comments