Zentral uhain indar-eragilea: atxik ditzagun zangoak lurrean

Euskal Elkargoak eta Akitania Berria eskualdeak zentral uhain indar-eragilearen proiektu anbiziotsua abiatu zuten Uztailaren 12an.

 

EHBairen ustez, txalogarria da energia uhain indar-eragilea sustengatua izatea. Izan ere, energia berriztagarri guziz egokia da Euskal Herriarentzat; esparru honetan ikusgarritasun handia eskuratu du jadanik gure herriak, 2011an irekitako Mutrikuko zentralarekin. Energia uhain indar-eragilearen bertute nagusienetakoa da bere efizientzia ez dela beste energia iturri batzuk bezain gorabeheratsua (gauez ekoiztu dezake, baita haizerik gabe ere).

– Aipaturiko berriaren iragarpenak oihartzun mediatiko handia izan du, baita Frantses Estatuko prentsan ere, zeinetan, zentralak 2030rako Ipar Euskal Herriko urte bateko elektrizitate kontsumoaren %30a (500GWh) ekoiztuko lukeenaren ideia hedatu den. Interpretazio hau erabat okerra da eta urgentziaz obratu behar dugun trantsizio energetikoa kaltetu lezake.

– Urteko 500GWhko ekoizpena, zentralaren ekoizpen maximo teorikoa da, seguraski, nehoiz beteko ez dena, are gutxiago 2030rako. Dimentsioaz jabetze aldera, erran dezagun urtean 500 GWh ekoizteko 230 Mwko potentzia nominala beharko litzatekeela (0,25eko karga faktorearekin). Haatik, Nazioarteko Energia agentziaren 2022ko datuen arabera, martxan diren edo eraikitzeko bidean diren instalazio uhain indar-eragileen potentzia, mundu mailan, 10MW baino gutxiagokoa da. Mutriko zentralak berriz, 0,3 MWko potentzia baino ez du.

– Uhain indar-eragileen bilakatzeen eredu teknologikoa oraino zehaztu gabe dago. Euskal Elkargoak 2030rako uhain indar-eragilearen esparruaren garapena iragarri izanak, ez du nehondik inora ere erran nahi zentralaren gehienezko potentzia maximoa 2030rako ekoiztuko denik. Arlo honetan mundu mailan liderra den Eskoziak, 1MVko potentzia lukeen zentral bat aurreikusten du, proba gisa. Ipar Euskal Herrian aurkeztu den uhain indar-eragilearen baserria plantan ezartzea zailagoa izanen da, hertsapenak ugariak baitira (marea azkarrak, urperaturiko sistema), are gehiago, zein teknologia baliatuko lukeen zehaztu gabe egonik.

– Uhain indar-eragilearen aterabidea epe luzekoa da. Ezinbestekoa da honen garapena aurreikustea eta EHBaik halako proiektuak diruztatzearen alde egiten du. Energia-iturri honek; 2050erako, Ipar Euskal Herriaren karbono neutraltasunean funtsezko rola izanen duela pentsa daiteke. Baina Ipar Euskal Herriko uhain-indar eragilearen baserriak ez du Euskal Elkargoaren behar energetikoen %30 estaliko 2030ean ! Beraz, funtsezkoa da, neurritasuna, eraginkortasuna eta gainerako energia berriztagarrien sustapena bermatzea europa mailako engaiamenduek 2030rako finkatu duten berotegi efektuko gasen %55eko jaitsieraren mailan egoteko. Ordurako, uhain indar-eragilea ez da aski garatua izanen.

– EHBaik azpimarratu nahi du ez dela nahikoa energia berriztarrien ekoizpenean soilik arreta jartzea, hauen eredu ekonomikoaz hausnartzea ere beharrezkoa da. Multinazionalei miliarka euroko etekinak izatea bermatzen dien energia fosilen ereduaren hausteko parada eman behar digu trantsizio ekologikoak. Aitzitik, herritarrei ekoizpenaren irabazien onurak jasotzeko aukera ematen dien eredu ekonomikoa da energia berriztagarriena. Trantsizio eta Sozialerako Fondoa martxan jartzearen aldekoa da EH Bai, zeinari ekarpena egin beharko liokeen energia berriztagarrien instalazio bakoitzak. Betiere, trantsizio ekologikoaren norabidean sektore pobretuenak laguntzeko helburuarekin. Enargia eta I-Enerek erakusten digute posible dela energia berriztagarriak zirkuitu laburretan eta filosofia honekin ekoiztea. Honako hau da EHBaik defendatzen duen eredua: energia ondare komuna izatea.

0 Comments