Abian da Bagira prozesua, parte hartu!

Iragan larunbatean jarri zen abian Bagira prozesua Itsasun. EHBai hastapenetik izan da Mugimendu Abertzalearen Herri Topaketa hauen sustatzaile. Hilabeteak dira EHBaiko militanteak prozesuaren prestakuntza lanetan, Mugimendu Abertzaleko gainerateko eragile eta sektoreekin elkarlanean ari direla.

EHBaik bere sorreratik izan du Mugimendu Abertzalearen tresna politiko instituzionala izan eta abertzale, ezkertiar, ekologista eta feministak biltzeko borondatea. Bagira prozesua, Bakoitzaren lan ildoaren errespetutik, elkarren ekarpenaren aitortzatik eta borroken osagarritasunaren ikuspegitik egiten ariketa eraikitzaile bezain funtsezkoa dela uste dugu.

Testuinguru berezia bizi du Mugimendu Abertzaleak: ipar Euskal Herriko lehen instituzioa lortu dugu, bozka abertzalea hauteskunde hauteskunde emendatzen ari da, borroka armatuaren zikloari bukaera eman zaio. Joera globalek eta Frantses Estatuaren baitako aldaketek ere burujabetza eskuratzeko mehatxu eta aukera berriak eskaintzen dizkigute.

Borroka abertzalea gaurkotu eta erronka politikoei heltzeko, belaunaldi berrien beharra du mugimendu abertzaleak. Prozesu honen helburua ere bada gero-eta euskal herritar gehiago abertzaletzea. Bagirak, eragileen eta sektoreen arteko gogoeta partekatua eta elkartrukeak sustatuko ditu. Hala soilik lortuko dugu indarrak batu, indarrak biderkatu eta prozesu politikoari bultzada narbarmena ematea.

Oraindanik Apirilaren 8 eta 9an Itsasun ospatuko den Aberri Egunera arte, Mugimendu Abertzalearen 60 urteko ibilbidearen mugarrien eta Euskal Herriaren eraikuntzari egindako ekarpenaren kontakizuna eginen dute hitzaldi eta mahai-inguruek antolatuko dituzten eragileek.

Askotariko proposamenenk agerian uzten dute Mugimendu abertzalearen aniztasuna: EHBaiez gain, LAB, Zabalik elkarteak, Xuti Gaztek!, Iratzarrek, Bzik!, Eihartzeak, Enbatak eta MRA fundazioak antolatuko dituzte aste hauetako ekitaldiak. Informazio osoa eskuragarri duzue bagira.eus atarian.

EHBairen hitzaldia berriz, Martxoaren 17an 19:00etatik goiti iraganen da Hazparneko Elgar zentroan “Abertzaleek ezagupen instituzionalari egindako ekarpena” lelopean. Burujabetzaren ideia ardatz, eskumen handiagoko instituzioak erdiestearen garrantzia eta horren bidez borroka sektorialetan aitzina egiteko aukerak izanen ditugu bertan aipagai.

Bagira prozesuaren lehen urrats hauetan inplikatzeko deia egiten diegu EHBaiko kideei. EHBai ekitaldian edo/eta gainerakoetan parte hartuz, prozesuaren berri zabaldu edo Aberri Egunean parte hartuz adibidez.

Denek elkarrekin eginen dugu dudarik gabe Mugimendu Abertzalearentzat emankorra izanen den prozesu hau, zu ere bazira, parte hartu!

0 Comments