EHBairen oharra, frantses hauteskunde presidentzialean biharamunean

Atzo, frantses hauteskunde presidentzialen bigarren itzulia iragan da Macron eta Le Pen artean. Nahiz eta eskuin muturraren kontrako bozka nagusitu den, Marine Le Pen-en alderdiaren gorakada nabarmena da bai Frantzian bai ipar Euskal Herrian. Hautesle hauen artean, kexua adierazi nahi izan duten hainbat pertsona daudela pentsa daiteke. Hala eta guztiz ere, RN alderdiaren ideien normalizazio bat gertatzen da eta beldurgarria da ikustea herri batzuetan lortzen diren emaitzak.

Azpimarratzekoa da, Macronek, 2017 bigarren itzuliaren emaitzekin konparatuz, 11000 boz baino gehiago galdu dituela. Ipar Euskal Herriko hautesleen laurdena ez da bozkatzera joan. Bozka bulegoetara hurbildu direnen artean, azkarki igo da bozka xuri eta baliogabeen kopurua. Argi gelditu da beraz, LREMen proiektuak eta azken bost urteetan gobernuak eraman politikek ez dutela atxikimendurik.

Bi itzulien artean adierazi ginuen bezala, ondoko bost urteetan, oposizioan kokatuko gira. Eskuin muturra borrokatzeko engaiamendua berresten dugu, bere proiektu politikoa, xenofoboa izaiteaz gain, ez baitu ordezkatzen sistemari aurre egiteko aterabidea. Datozen 5 urteetan, Macron eta bere politika neoliberalaren aurka karrikan segitu beharko dugu. Ez dugu onartuko azken 5 urteetan martxan jarritako bide beretik segi dezan (askatasunen murrizketa, beroketa klimatikoaren ukazioa, erretreten erreforma berria…).

Eskuinaren eta eskuin muturraren kontrako borroka, karrikan ereman behar dugu beste indar politiko, sindikal eta elkarte munduarekin batera. Baina, borroka hautes ontzietatik pasatzen da ere eta heldu den ekaineko hauteskunde legegileetan tokiko interesen eta norbanakoen eskubideen defentsa lehen lerroan jarriko dituztenen aldeko karta jokatu beharko da. Ipar Euskal Herrian, EHBaien aldeko bozka izanen da hori.

0 Comments