Konponbide politikorako garaia da Korsikan eta Euskal Herrian!

Korsikan, Yvan Colonnaren egoerak, haserre handia eragin du. Arleseko presondegian bizi osorako kartzela zigorra betetzen ari zela, eraso bortitza jaso zuen. Geroztik, ospitalean dago, egoera oso larrian bere herri eta senideengandik urrun.

Gertakari lazgarri honen ostean, Cortin, familia politiko desberdinak eta aniztasuna adierazten zuten milaka lagun atera dira kalera. Frantses Estatuaren partetik izandako erantzuna errepresioa eta militarren presentziaren areagotzea izan dira.

Testuinguru oso bortitza bizitzen ari dira momentu honetan Korsikan, indar polizialen oldartzea zein Yvan Colonnaren egoeraren larritasuna ikusirik. Egoera honetan soilik erabaki du Jean Castex frantses lehen ministroak DPS estatutua kentzea presoari. Gaur berriz Alessandri eta Fernandiri kendu diotela adierazi du Matignonek, hauen hurbilketa perspektiban jarriz. Justizia edo/eta kartzeletako admnistrazioko kudeaketa zena, Matignonetik manera publikoan kudeatzera eraman du. Orain arte ezin zena posibilitatzeaz gain, borondate politikoaren keinu gisa irudikatu dute.

Korsikan, Euskal Herrian bezala, preso politikoen auzia, aterabide politiko global baten baitan kokatu behar da. Korsikar presoentzat egin bezala, euskal preso politikoei aplikatzen zaien DPS estatutuak altxatuak izan daitezen exitzen dugu. Honekin batera, gobernuak PNAT-ari delegatu dion poderea salatu nahi dugu. Ezin daiteke, euskal ala korsikar presoen etxeratzerik proiektatu, bi herri hauen prozesuak zangopilatu eta mespretxatzen dituen fiskaltza honekin. Etxeratzea, agenda politiko baten baitan gauzatu daiteke bakarrik.

Bada garaia, Frantses Estatuak, Korsika zein Euskal Herriaren gehiengo zabalaren nahia eta ahotsa entzun eta presoak askatzeko bidean urrats positiboak egin ditzan. Kartzelak ez dira hilguneak bilakatu behar!

Jon Parot eta Jakes Esnal etxean bizirik nahi ditugu orain!
Euskal zein kortsikar preso politiko guziak etxean nahi ditugu!

Elgarretaratzeak.
Egoeraren larritasuna ikusirik, EHBaik, hiru elgarretaratze antolatuko ditu martxoaren 15ean, asteartearekin, arratsaldeko 19:00etan Baionan (Suprefetura), Donibane Garazin (Herriko etxea) eta Maulen (herriko etxea). Ipar Euskal Herriko jendarte guzia deitzen du bertan parte hartzera.

Konponbide politikorako garaia da Korsikan eta Euskal Herrian!
Ricunniscenza di u populu corsu i basci.

0 Comments