Zazpigarren etorkin bat hil da asteburuan Bidasoa zeharkatu nahian

Joan den asteburuan, etorkin baten gorpua atzemana izan da hilik Bidasoan. Larunbateko ezbehar honen ondorioz, zazpira igo da azken hilabeteetan hil diren etorkinen kopurua.

Gaurkoan, beste behin, orain dela aste batzuk esan genuela errepikatzera behartuak gira. Zazpigarren heriotza hau, ekidin zitekeen etorkinei harrera hobea eskeiniz gero edota mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatuko balitz. Badu bost urte orain, Frantziar estatuak mugetan kontrolak gogortzen dituela Shengen eremua eta libreki ibiltzeko eskubidea urratuz. Momentu labur bat iraun behar zuen kontrola, epe luzera begirakoa bilakatu da. Kontrol horiek suposatzen duten gastu ekonomiko handiaz gain, pertsonengan ere ondorio larriak ditu. Migranteek pairatzen duten errepresio iraunkorrarekin bukatu behar dugu.

Larunbatetik, batzuek idazten dute Bidasoak berriro hil duela, migrante bat istripuz hil dela. EZ ! Ez ditu Bidasoak hiltzen pertsona horiek, ez dira istripu soilak. Europak eta estatuek aplikatzen dituzten politika kriminalak dira errudunak. Hautu politiko salagarri horiek dituzte migranteak kondenatzen, gerlatik, miseriatik, esplotaziotik ihes egitera. Jendetasun gabeko hautuek behartzen dituzte heien gibelean uztea zuten guzia eta etorkizun hobeago baten esperantzan bidea hartzera, lortzeko inolako ziurtasunik gabe. Eta hartzen duten bide horretan Europako Estatuek errepresio eta jazarpen iraunkor baten pean jartzen dituzte, erasotuak, kanporatuak, salatuak izaiteko arrisku pean… Egiten duten metro bakoitzean beren bizitzarako beste arrisku bat da, batzuetan heriotzarako beste urrats bat ere bai.

Noiz arte egongo gara bihozgabe? Noiz arte izango gira itsuak egoera dramatiko horien parean? Agintariek noiz hartuko dituzte beren gain erantzukizunak eta errespetatuko dituzte nazioarteko itunak?
Egoera horrek ezin du iraun, gure asteak ezin ditugu pasatu gure bide bazterretan, burdin-bideetan, ibaietan, gure leihoen azpian hilak kondatzen ezer ez balitz bezala.

Bada garaia etorkinei laguntzeko lanean ari diren elkarte eta militanteei behar dituzten baliabideak eta ezagupena berehala emateko. Hori baino gehiago ere behar dugu, benetan behar duguna da harrera-politika bat aplikatzea lehen bait lehen.

Euskal Herria, harrera herria da eta ez hilerria.

Zentzu horretan gaur arratsaldeko 19.00etan Hendaiako Santiago zubian eginen den elkarretaratzera joateko deia luzatzen dugu.

0 Comments