Bakegileen auzia Akizen

Ostegun honetan, Annabelle, Anita, Alice, Laurent, Panpi, Olivier, Julien, Betti eta Régis, 9 Bakegileak deituak dira Akizeko Auzitegira, joan den uztailaren 23an euskal gatazkaren ondorioak konpontzearen alde antolatu zen desobedientzia zibileko ekintza baten ondorioz.

Izan ere, Frantziako Estatua eta bereziki Terrorismoaren Aurkako Auzitegi Nazionala etengabeko blokatze egoera batean kokaturik, Euskal Herriko jandarteak mobilizazio ziklo bat hasia zuen 2022. urtearen hastapenetik.

Aldarrikapenak Ion Parot eta Jakes Esnalen kasuei buruzkoak ziren bereziki, 32 urte baino gehiago eman baitituzte preso, Frantziako presondegietan, salbuespen prozedura juridikoak aplikaturik. Preso iraute hura, kartzelan hiltzeko kondena bat bezala sentitua zen hemen, bidegabekeria sakon bat bezala bizi zen. Sentsibilizazio eta mobilizazio lanari esker, Frantziako Estatuaren jarrera aldatzea lortu zen eta baldintzapeko askatasuna lortu da Ion eta Jakesentzat.

Estatu frantsesak bere legeak aplikatzen ez dituenean, desobeditzea eskubide bat da. Desobedientzia ekintza horiek, aurpegia agerian egin dira, sistematikoki indarkeriarik gabekoak izan dira eta aldez aurretik iragarriak. Hain zuzen ere, desobedientzia fase hau ireki da, elkarrizketa eskaerak erantzunik gabe geratu direlako Parisetik.

2011z geroztik, Euskal Herriak bakearen hautua egin du, frantses eta espainiar estatuen blokeoak eta probokazioen parean hainbat aldiz berretsi den bakearen aldeko hautua. Herriaren borondatean eraikitako bake iraunkorra eta adosmen zabalean oinarritua. EHBaik gogorarazi nahi du Frantziako Estatuarekin gatazkaren ondorio guztiak konpontzeari buruz beharrezkoa den elkarrizketa-gune baten eskaera gaurkotasun osoa duela.

Ostegun honetan, EHBai, joan den uztailaren 23an, trenbidea okupatu zuten 9 militanteen ondoan izanen da. 9 pertsona horiek ez dute merezi kondenatuak izatea. Horien artean, EHBai kideak badira, Anita Lopepe gure bozeramaile ohia barne. EHBaik bat egiten du hobengabetze eskaerarekin. Ion eta Jakesen egoerari lotutako beharrezkotasun egoeraren aitzinean, legez kanpokoak baina zilegi ziren egitate horiek ez dute zigorrik merezi.

0 Comments