Elkargoko eztabaiden ulertzeko…

Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik, Elkargo Kontseilua 33 aldiz bildu da. Elkargo hautetsia ez izanagatik, bilkura horiek segitu ditut Unibertsitateko anfiteatroko azken lerroetarik, edo, nola gerta, Lauga gelako harmailetarik edo Elkarteen Etxeko kadira batetik. Haatik martxoaren 20ko Elkargo Kontseilua etxetik jarraitu nuen. Kontseiluak internet sarean hedatzea gauza ona bada ere (hau Batera plataformak bultzatu zuen Euskal Herri iparraldearen kudeaketarako Auditaren gomendioetan agertu zen), hautetsi batzuek modu mugatuko funtzionamenduan arazo bat agerrarazi dute.

Alabaina, otsaileko Kontseiluaren gibelatzeak haserrea piztu zuen, izurritearen tokiko datuak maila apalenean zirelakoan. Eta geroztik jakin zenean hautetsien erdiak baizik ez zuela bilkuran parte hartzen ahalko, eta besteek ahalordea egin beharko zutela, azken hauek hitza hartzeko baimenik ukan gabe bilkura sarean behatzera behartuz, ez zen orduan ere giroa lasaitu.

Azkenean, herri ttipi anitz, ordezkari bakarra izanki, ez ziren ordezkatuak Elkargo Kontseiluko gelan. Batzuk presentzian eta besteak interneten bidez: erabaki horiek oposizioen baita emazte hautetsien kaltetan ere izan dira, emazteak ez direlarik jadanik aski ordezkatuak.

Baina Kontseilu hortarik oroz gainetik gogoan atxikiko dutana da talde politikoetaz izan zen eztabaida. Elkargoa plantan emateko lehen hiru urteen buruan, politika publikoen mamian modu zehatzagoan sartzen gara orain. Instituzioaren geroa jarriko eta aldatuko duen urratsa dugu hau, urrats ezin saihestuzkoa, baita desiragarria ere. Estatus Bereziko Herri Elkargoaren aldarrikapenaren ondotik, herri elkargo baten formako EPCI-aren hautsi-mautsia onartu genuen. Baina gurea ez da Elkargo arrunta: 158 herri, 10 herrialde polo, 232 elkargoko hautetsi, 21 politika publiko, 1200 langile… Gure hautuaren paradoxetariko bat da hau. Euskal Elkargoan, beste elkargoei konparatuz, dena desberdin da. Halere bide hori genuen hautatu, besteak beste « zuzenbide komunean » sarrarazten gintuelako, eta beste eskualdeetan dituzten galdeak sortzen zizkigulako.

Talde politikoak
Hain zuzen, azken Elkargo Kontseiluan aipatu genuen talde politikoen agertzeaz, holakoak badira aspaldi anitz Elkargotan. Baina eztabaida hortan halako bat gehien egin zidana hauxe izan zen: iduri zuen hautetsi batzuei (aitzineko agintaldian hor ziren zenbait barne) orduan zitzaiela agertzen haizu zela talde politikoak Elkargo Kontseiluan sortzea. Arau hori 2017ko araudietan zegoen jadanik, funtsean legeak agintzen duelako.

Galdera hau ere badut bestalde : hautetsi batzuek diote Euskal Elkargoko talde politikoak liratekela Departamenduan, Akitania Berrian edota Frantses Legebiltzarrean ezagutzen ditugun berdin-berdinak. Asmaezina da hau garbiki. Beste instituzio horietan, taldeak osatzen dituzte eta haien indar harremanetik da gobernua sortzen. Euskal Elkargoan aldiz, hautatu dugun gobernantza itunak dio argi eta garbi instantziek beren bidezkotasuna lurraldean dutela oinarritzen, hori baita herri elkargoaren berezitasuna.

Ondorioz, ez da xuxen erratea talde politikoek nahitaez gehiengo/oposizio eskema sortuko dutela. Elkargoko hautetsiek bidezkotasuna iturri desberdinetarik daukate. Beren herriaren ordezkari, batzuetan lurralde polo baten bozeramaileak ere izan behar dute, edo talde tematiko batek sortu proiektua defendatu.

Baina hautu garrantzitsuak egiteko unean, izan etxebizitza arloan, hirigintzan, zerbitzu eta ekipamenduetan, aurrekontuetan ala zerga arloan, hipokrita litzateke kontsideratzea proiektu politikoa, defendatzen dugun jendarte-eredua, edota gure instituzioaren epe luzerako bilakaera ez direla besteak beste gure hausnarketaren sarbide izanen.

Eta, gauden leial, gaur egun zein hautetsi gai ote da hamarnaka aipagairen deskodetzeko aste bat barne, eta beste herrietako informazioen biltzeko bozkatu beharko duen proiektua ezagutzeko gisan? Bakarrik talde antolaketak du hori ahalbidetzen.

Garapen Kontseiluarentzat egin genuen gisan, baita Herrien Biltzarrarentzat, Gobernantza Itunarentzat eta beste dispositibo batzuentzat ere, Euskal Hirigune Elkargoak bere funtzionamendu eredua oraino asmatzekoa du, erakunde orotan bezala hobegarria izanen dena.

Segur nago Elkargo Kontseiluko talde politikoen antolaketa mota bat aztertu daitekela.

Anartean, apirilaren 10eko larunbatean, bigarren aldikotz, bakarrik hautetsien erdia deituko dute zuzenean eztabaidatzera besteak beste Tokiko Hirigintza Planaz eta aurrekontuaz.

Nik bilkura etxetik jarraituko dut …

Gazteria ahulduaren gaineko zooma

COVIDaren hedapena saihesteko, kasik ikasle bakar batek ere ezin izan du Unibertsitatera itzuli bigarren hetsialdia iragarriz geroztik. Etxean bakartuak, entseatzen dira herstura psikologikoari buru egiten, eguneroko egoera %100ean numerizatu eta bizigabearen ondorioa. 



Goiz guziez jeikitzea, zoomi konektaturik irakasleari beha orenak pasatzea, ikaskideak aste guziez ikasketak uzten ikustea (joan den irailean hilabete batez baizik gurutzatu ahal izan ez ditugunak), ikastaldiak edo Erasmus proiektuak ezeztatzen ikustea ; bestalde jatetxerik ez, ostaturik ez gizarte lotura bizirik atxikitzeko, ikasle gaualdirik ere ez, talde-kirolik ez, kultura eta elkarte bizia arrunt mugatua…

Sare sozialetan #PérilEtudiant eta #EtudiantsFantômes esloganekiko lekukotasunak ugari dira, ikasleen egiazko biziaz alarma tirrinta jotzen entseatzen direnak, zeren eta egoera larria baita, suizidio entseguen kopurua goiti doa. Lau ikasletarik batek depresio seinaleak edo ideia beltzak ditu. Klase batzuetan, bi ikasletarik bat ikasketen gelditzekotan da. Bestalde, inposatzen zaizkien lineako klase horiek informatika tresneria egokia duten ikasleen eta besteen arteko desberdintasunak areagotzen dituzte ; gauza bera da bakarrik egoteko eta konzentratzeko ahala ematen dieten bizitegia dutenen eta besteen artean ere. Askotan, beren burua sobera bakarturik ez sentitzeko, erosotasunez edo diru arazoengatik eta alokairurik ez ordaintzeko, ikasleek gurasoen etxera itzultzeko hautua egin dute. Familiaren diru laguntzaren gainean kontatzen ahal duten gehienak nahiko ontsa ateratzen dira, baina besteentzat egoera biziki korapilatsua bilakatzen ari da.

Ikasleen lan kontratuen eskaintzak ere agortu dira, anitz ikasleri errebenioak kenduz, hauek batzuetan hazkurri laguntzako elkarteetara hurbiltzera behartuz. Ikasleen %40ak ez du familiarenganik laguntzarik batere eskuratzen. Gurutze Gorriaren arabera, azken hiru hilabeteotan, ikasleentzako hazkurri saski galdea bikoiztu da.

Gazteriaren prekarisazioa 


Hedabideetan ikasleen egoera baino gutiago aipatzen bada ere, gazte diplomagabeen egoera adibidez oraino kezkagarriagoa da. Lanpostu prekario batetik bestera pasatzen diren gazte horiek (EMK/CDD edo Epe Mugatuzko Kontratuak, bitarteko lanpostuak…) krisi ekonomikoen kalteak pairatzen dituzten lehenak dira eta zorigaitzez gauza bera da gertatzen COVIDak eragin krisiarekin. Prekaritatearen bat-bateko emendatzeak beste gazte batzuk ere hunkitzen ditu: lan merkatuan sartzen diren gazte diplomadunak ; garai normalean jadanik ahulak diren ama gazte bakartuen kategoria ; migranteak … Horri gehitzen zaio aloimenduaren problematika, bereziki alokairuen prezioak goi maila ikaragarrian diren Ipar Euskal Herriko eskualde batzuetan. Miarritze edo Donibane Lohizune bezalako hiri batzuetan, alokairuen prezioak gazte gehienei han bizitzeko eskubidea trabatzen die. Etxebizitza agentzietan, lan kontratu mugagabeen dosierrak ez dituzte irekitzen ere, salbu beren hurbilekoetan berme jarriko zaien errebenio aski handiko norbait badute.

Gizarte babesa 
Biziaren kostua goiti eta errebenioak behera doazen testuinguru hortan, gizarte babesaren hutsuneak azkarki sentitzen dituzte 18 urtez goitiko gazteek. Egoera ikusirik, parlamentari eta elkarte batzuk 18-25 urtekoei RSA-ren eskubidea zabaltzearen alde mintzatzen dira, baina gobernu kideek aho batez horri uko egiten jarraitzen dute.

2018an jadanik, Iparraldeko gazteen %19a pobrezia mailaren azpian zen, biztanleria osoan tasa %12,2koa zelarik. Dudarik gabe COVID krisiarekin fenomenoa ez da murriztu eta areagotzen jarraituko du ondoko hilabeteetan.

Ahalen eskuratzeko beharra hor dugu; orain gaiari tinko lotu behar gatzaizkio kalte ahal bezain guti izan dadin, funtsezko hobekuntza iraunkorrak lortuz. Bestalde, beharbada, denentzat gutieneko errebenio segurtatua esperimentatzeko garaia da, edo errebenio unibertsalaren egingarritasuna serioski aztertzeko mementoa. Gazteen egoerari edo ondoz ondoko krisien kudeaketari doakien interes iragankorra baino haratago, zehaztu behar dugu zer den gazteen lekua gizartean, hauek gogoeta prozesuan hastapenetik integratuz.

Hau beharrezkoa da nahi badizkiegu, alde batetik, lehen lerroan direnei egiazko aterabideak aurkitu, gazteek instituzioei buruz duten mesfidantza indargabetzeko xedez, eta azkenean egiazko gizarte aldaketa ausartak obratzeko. Gure mailan, jadanik ontsa hasia duen Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren lana jarrai dezagun, Euskal Hirigune Elkargoa urratsez urrats bilaka dadin, egiazki, gazteen beharrei erantzunen dien gune egokiena.

Euskal Autonomia Erkidegoak sortu gazteen kontseiluaz inspiratzen ahalko ginateke, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua izena duena. Iparraldeko Gazte Elkarteen Kontseiluaren sortzea aholkatu zuen 2013an jadanik Garapen Kontseiluak. Euskal Herrian gazteriaren behatokia sortzea lehen pausu estrategikoa izan liteke, lurraldearen berezitasunak kontuan hartuko lituzkeena. Bere geroa hipotekaturik ikusteaz gain, gazteriak bere oraina sakrifikatzen du arriskuan diren pertsonak babesteko, gordeka dabilan prekario izate hori isilean jasanez.

Gizarteak gazteriari leku bat nekez uzten diolako, gizarte horren alderako mesfidantzaren gorakada ez badugu hazi nahi, aterabideak aurkitu beharko ditugu beren geroa eskutan berriz har dezaten gazteek. Horrek egiazki kontzientzia hartzera behartuko gaitu, nahikari politikoa lagun. Baina gure etorkizuna egituratuko duena da hor jokoan.

Lehen mailako borroka

Joan den hilabeteko kronika etxebizitzen problematikaz idatzi nuen, egoera tiran duten herrialdeetako bizitegien prezioak zainduko dituen lege berri baten ideia aitzinatuz. Urte hastapeneko kronika huntan, ez nituen irakurle bihoztunak aloimenduari buruzko gogoeta berri batzuekin aspertu nahi, bereziki urte berri ona desiratzeko unean; baina abenduko hilabeteak ekarri ninduen pentsatzera borroka horrek behartzen gintuela minutu bakar bat ere ez galtzera.

Hilabeteotan politika mundutik doi bat bazter egon ondoan, aitortu behar dut ez ditudala Euskal Hirigune Elkargoko eztabaidak jarraitu, aloimendu arlokoak barne. Donibane Lohizuneko herriko kontseiluaren azken bilkura kari zitzaidan berriz agertu hortan jokoan dena; alabaina, EHEan otsailetik finkatua zuten eta laster onartzekoa duten TEP/PLH-ari buruz behar izan genuen gure iritzia eman.

TEP/PLH – Tokiko Etxebizitza Plana – Euskal Hirigune Elkargoan aloimendu-politika finkatzen duen dokumentu nagusia da, bereziki sei urterentzat bizitegi ekoizpen sailean helburu zifratuak finkatzen dituena.

TLP/PLH hori pikoan ematen duen momentua biziki garrantzitsua da, gure lurraldea bere osotasunean anitz urtetarako engaiatzen duelako. Eta hau ez bakarrik sei urtetarako baina anitz gehiago, zeren eta planifikazio estrategikoa helburu duten beste dokumentuak kontuan hartzen baditugu (besteak beste SCOT, PCAET, PDU eta PLUIak) , epe motzean obratuko denak ondoko sei urteentzat baino eragin anitz iraunkorragoa izanen baitu, oroz gainetik lur eremuen egoera hain zalu aldatzen delarik bereziki kostaldean.

Alta eztabaidan den dokumentuan nabari zaidan puntua hauxe da: kostaldean bizitegi gutiago eraiki behar dela (- %23), jakinik puntu hau gaiari dagokionez hainbat berria dela azken urteotako paradigmari konparatzen bazaio. Harrigarria zait hau, dakigularik eskaerari erantzuteko aloimendu-politikaren alpha eta omega dela bizitegi gehiagoren ekoiztea, bereziki Macron lehendakariak “eskaintza xoka”-ren printzipioa finkatuz geroztik.

Beraz dokumentuak perfektua iduri du itxuraz, baina egiaz urte guziez 2 600 bizitegi baino gehiagoren eraikitzea aurreikusten du, azpimarratzen duelarik bestalde kostalde gibeleko eta baserrialdeko eremuen beharrak kostaldearen eraginez direla sortzen, kostaldean preseski bigarren bizitegiak bizitegi nagusiekin azkarki lehian direlarik.

Beraz, 2 600 bizitegi ekoitzi urte guziez 50 000 hutsak direlarik?

Ekoitzi beti gehiago ?

Ene ustez, kontraesan handia da hau, gizarteari ala ingurumenari dagokienez.

Gizarteari dagokionez zeren, etengabe errepikatzen dugun bezala, bizitegi baten ukaiteko eskubideak bi bizitegiren ukaitekoa baino lehen pasatu behar du : puntu honek aitzinetikako baldintza izan behar du, eta ez da TLP/PLHan agertzen, hau eraikuntza berrietan sobera oinarritzen delarik.

Ingurumenari buruz ere kontresana da zeren TLP/PLH-ak lur eremuen eskasa aipatzen badu, ahanzten du eraikuntza berrien gomendatzeak, modu « zainduan eta hobeki banatuan » izanik ere, ekartzen duela nahitaez jadanik eskas den lur gehiagoren kontsumitzea, honek dakarzkien ondorio guziekin : lurraren artifizialisatzea, sareen hedatzea, eguneroko mugikortasunen emendatzea, zerbitzuetara, kulturara edo kiroletara iristea, hau urruntasunagatik zailago dena, eta abar…

Egiazki, ez dut uste posible denik akats horiek lehenik zuzenduko ez dituen ekoizpen programaren onartzea, bereziki oraingo klima testuinguruari begira ondorio hain handiak izanen dituelako.

Alderantziz horrek suposatzen du bizitegi « nehor gabe »-koaren  bataila berriz hastea; « nehor gabe » : bigarren bizitegia, sasoi-bizitegia eta bizitegi hutsa barne dituen erran-molde nahitara zabala.

AB eta gero EHBAI-k ereman zuten hamar bat urteko borrokaren ondotik, eta Sylviane Alaux garai hartako diputatuaren bitartekari lanari esker, bigarren bizitegiari gehigarrizko zergaren ematea haizu bilakatu zen azkenean.

Baina gaur egun ikusten dugu neurria ez dela aski hertsagarria ontasun horiek bizitegi nagusien merkatuan berriz sar daitezen, doi-doia herrien aurrekontu ahulak laguntzen dituela; batailara berriz abiatu behar dugu beraz indarraldia areagotzeko xedez. Gure itsas bazterreko arazo handia den sasoi-alokatzeari dagokionez aldiz, bitxi zait sail hortan Max Brisson bakarrik uztea – goresmenak luzatzen dizkiot haatik egin duen lan txalogarriarentzat. Bizitegi hutsei dagokienez aldiz, arazo zaila bezain funtsezkoa da, Iparralde barnealdean bereziki.

Norentzat eraiki ?

Hau guzia funtsezkoa zait edozein ekoizpen bideratu baino lehen. Baina ekoizteko unean berean, komeni da jakin nahi izatea norentzat ari garen. TLP/PLHan idatzia da eraikuntza berrien erdia baino doi bat gehiago bizitegi sozialak izanen direla, ekoizpen osoaren herena bigarren bizitegiei utziz haatik, hau soberakina.

Baina arlo sozialean ere, bertutezko helburuak jabegora heltzea kudeatzen duen ELAN legearen arauei konparatzen bazaizkie, paria dezakegu biharko *AJMS/PSLA-en alimaleko partea izanen dela etzi berriz salduko dena– ikaragarriko prezioan – kostaldean baita Lapurdi barnealdean ere gaur egun ezagutzen ditugun gehiegikeriak areagotuko dituztela. Jabetze sozial moduan parte baten eraikitzea beharrezkoa da, prefosta, baina azpimarratzekoa da hobeki zaindu behar dela hau, kasik guzia *EEAK/BRS moldean edo epe luzeko alokatze-kontratuekin ekoitzi behar da.

*AJMS/PSLA : Alokatze-Jabetze Mailegu Soziala / Prêt Social Location-Accession

*EEAK/BRS : Egiazko eta Elkartasunezko Alokatze-Kontratua / Bail Réel et Solidaire

 

Hots, desegiten ahalko ez ditugun bizitegietan anitz urtetarako engaiatuko gaituen TEP/PLH horrek, funtsezko arazo larriak berekin dakarzki. Gaur egungo testuinguruan, proiektu hori pasatzen uztea, baita bortxaz araberako SCOT eta PLUI-ak ere haren ondotik, arduragabekeria litzateke arlo sozialari eta ingurumenari dagokienez. Gaur egun lurralde antolamenduan dugun bataila funtsezkoarenganik ihes egitea litzateke.

Autoan bizi zen gizon bat hil da

Xabier Manterola, Hendaia Biltzen-eko hautetsia eta EHBaiko kidea.

Orain arte goxoa, negua bat-batean hiltzaile bihurtu da. Etxe finkorik ez zuen pertsona bat Hendaian hil zaigu asteartetik asteazkenerako gauean, hotzaldiaren, edo haren ondorioen, biktima.

“Hotzez hiltzea” ez dela erran-molde hutsa gogoratzen digu drama horrek. Tenperatura-aldaketa bortitza denean, gorputzean kaltea larria izan liteke. Eta horixe gertatu zen gau hartan.

Zer egin dugu gaizki? Ikerketak egin arren, Gurutze Gorriaren gaueko ateraldiak, Txokoren lana, elkartasun-elkarteen laguntza, herrian zabalik dagoen neguko zentroa gorabehera, hori da gertatu: autoan bizi zen gizon bat hil egin da Hendaian.

Eskerrak zuei, herrian bolondres aritzen zaretenei: gogorra izan behar da egoera hau zuentzat ere. Beharrezkoa dirudi zuen taldeen lana gizarte-langile batekin osatzea.

Zenbaitek erranen dute etxe finkorik ez izatea hautua izaten ahal dela pertsona batzuentzat, ez dutela onartu nahi eskaintzen zaien laguntza. Beharbada, hala izan liteke, haien biziaren memento jakin honetara mugatzen bagara. Baina urrunago begiraturik, hautetsi gisa gure buruari galdetu behar diogu zer egin dugun, edo zer ez dugun egin, itzulirik ez duen puntu horretara iristeko. Karrika gorrian den pertsona batek nola egiten ahal dio uko aterpe bati tenperatura 0 gradutik beheiti jausten delarik?
Egoera soziala okertu egin da krisi ekonomiko eta sanitarioaren ondorioz, eta horrek ekarri du prekaritate finantzarioak hunkitutako pertsonen kopurua areagotzea. Horrekn, gainera, prekaritate soziala ere badakar: bazterketa soziala, familia-hausturak eta abar.

Premiazkoa da, beraz, urgentziazko egoeran dauden pertsona horiek laguntzea, batez ere aterpetzea edota bizitegia segurtatuz. Denen lana da gure lurraldea inklusiboa izan dadin, kontuan hartu gabe herritarren klasea edo jatorria, eta errespetatuz norberaren hautuak. Prekaritatearen Behatokia eraiki behar da Ipar Euskal Herri mailan, herrien, partaideen eta alokatzaile sozialen arteko ekimenak eta proiektuak sustatzeko eta bultzatzeko.

Tokiko Etxebizitza Planak et Tokiko Hirigintza Planek (PLH eta PLU delakoek) bere egin behar dituzte gai hauek, etxebizitzaren gaineko hautu eta lehentasunei ikusgarritasun handiagoa emanez. Euskal Hirigune Elkargoak aurkeztu duen Tokiko Etxebizitza Planaren asmo nagusia «Gutiago ekoiztu, Hobeki ekoiztu» da. Haatik, ez dut argi ikusten Planak zertan eta nola segurtatuko duen etxebizitza eskuragarria denentzat. Baitezpadakoa da, Euskal Herriko Lurralde Kontratuak dioen gisan, Etxebizitzen Urgentziazko Plana plantan ezartzea, alokairuko etxebizitzak ekoizten lagunduz, herrien eta alokatzaileen arteko obragintzan. Beharrezko da etxebizitza-politika definitzea irizpide kuantitatibo zein kualitatiboei kontuan harturik: etxebizitza sozialen ekoizpena indartu; lurraren gaineko estrategia definitu; jadaneko existitzen diren bizitokien multzoan berriz inbestitu molde boluntaristan; bitartekoak azkartu zailtasunetan direnek etxebizitza izan dezaten.

Non gara egun?
Gure herrian, Hendaian, Tokiko Hirigintza Planak lekua aurreikusten du bizitoki sozialak erreserbatzeko. Gure erakunde publikoen esku dago obragintza publikoaren ekimena eta ardura gauzatzea, gure lurraldearen eta herritarren beharren araberako proiektuak zehazteko.

Hautetsi gisa, gure ardura da aterabideak eskaintzea herritarren beharrei eta ez etxeen merkatuaren gogoei. Ezin dugu ihes egin erranez: «Ez zuen laguntzarik nahi».