Maiatzaren Lehena: langileen eskubideen, zerbitzu publikoen eta aberastasunaren banaketaren alde!

 

Langileen Nazioarteko Egunaren karietara, EHBaik langileen eskubideak eta babes soziala zaintzeko eta indartzeko beharra berresten du. Bi aldagai hauek baitezpadakoak dira gure jendarteak bere kohesioa atxiki dezan eta aitzinean ditugun desafioei buru egiteko.

Mundua eta Euskal Herria ere bidegurutze klimatiko, sozial, ekonomiko, politiko eta demokratiko baten aitzinean dira. Azken hamarkadetan, kapitalismoak ez die soluziorik eman gure garaiko arazo eta erronka nagusiei. Are gehiago, egoera gehiago okertu eta larriagotu du, planeta eta zibilizazioa arriskuan ezarriz. Politika neoliberalek korporazio handiak eta eliteak gero eta aberatsago bilakatu dituzte, jendartearen gehiengoaren pobretze prozesua emendatu duten bitartean. Aberastasuna badago, baina kapital metaketa gero eta gutiagoren eskuetan da.

Ildo horretan, frantses Estatuak ez ditu herritarren babesa, elkartasun kolektiboa eta bakoitzaren oinarrizko beharrak (elikadura, energia, etxebizitza, hezkuntza, osasuna…) segurtatzen. Zerbitzu publikoak pribatizatzen eta suntsitzen ari dira, austeritate politikak ezarri eta herritarren ongizatea eta eskubideak zangopilatuz.

2022az geroztik inflazioak eragin berezia izan du biztanleria aktiboaren bizi-mailan, soldaten emendatzerik izan ez den bitartean. Gutien ordainduak diren langileek bete-betean jasaten dituzte azken hamarkadetako politika neoliberalen ondorio diren lan bilakaerak, are nabarmenagoak direnak COVIDaren bukaeraz geroztik: lanaren intentsifikazioa, egokitzeko exijentzia, baina baita kontrol handiagoa ere. Egun, enplegu anitzek ez dituzte bizi duina garatzeko behar besteko diru-sartzeak bermatzen.

Bizi maila eta soldata duina denentzat

EHBaik uste du krisi testuinguru honetan baitezpadakoa dela Euskal Herrian demokraziaren aldeko parioa indartzea eta justizia sozialaren bidean gure jendartea eraldatzea. Ezkerreko abertzaleontzat, egoera honi soluzio berriak bilduko dituen alternatiba batekin erantzun behar zaio: jende guziarentzat bizi hobeago bat eta berdintasuna bermatzen duen herri proiektu bat.

EHBaik gutieneko soldata 1600 euro garbitan emendatu, emazteen eta gizonen arteko soldata berdintasuna lortu eta diru-sartzeen arteko aldea mugatzeko proposamenak partekatzen ditu. Ezinbestekoa da ere denentzat erretreta sistema egokia antolatzea. Erretretak erabakigarriak dira lurraldeko biztanleen zati handi baten bizi-kalitaterako. Erreformaz erreforma, gobernu ezberdinak urte kopuru legala gibelatzen eta beharrezko kotizazio urteak aitzinatzen joan dira. 2023tik, frantses Gobernuak aurrekontuaren austeritatea justifikatu nahi du pentsio sistemaren ustezko arrisku baten izenean. Alta, CAC40 indizeko enpresek 146 miliar irabazi zituzten 2023an. Garaia da justizia soziala eztabaidaren erdian ezartzeko. Erreforma horrek gehiengo baten kontrakotasun sozial eta politikoa izan bazuen ere, Emmanuel Macronen Gobernuak bere proiektua inposatu zuen. EHBaik erreforma hori indargabetzeko eta erretreta 60 urtean finkatzeko mobilizatzen segituko du.

Baitezpadakoa da ere produktibitate-irabazien banaketa hobea, langileen onurarako. Hori gertatzen da, noski, soldaten berbalorizazioekin, baina baita lanaldiaren murrizketarekin ere. Europako hainbat herrialdetan 32 oreneko asteari buruz egindako esperientziak oro har positiboak dira, bai enpresen ikuspegitik, bai langileen aldetik: produktibitate hobea, absentismo apalagoa, lan-giro hobea, estres eta burnout gutiago, bizi profesionalaren eta pertsonalaren arteko oreka hobea, enpleguaren eta gizon/emazteen arteko zaintzari dagozkion zereginen banaketa hobea.

Negoziazio kolektiboak lurraldean eta zerbitzu publikoen defentsa

Langileen lan-baldintzak Ipar Euskal Herritik kanpo erabakitzen dira, Parisen edo Bruselan adibidez, lurraldeko errealitate soziala eta ekonomikoa kontuan hartu gabe. Negoziazio kolektiboek ez dute kontuan hartzen tokiko errealitate soziala eta ordezkaritza sindikala. Horregatik, EHBairen ustez, negoziazio kolektiboak Ipar Euskal Herri mailan egin behar dira, pribatuko zein publikoko langileen lan-baldintzak eta eskubide sozial eta demokratikoak hemen adosteko.

Halaber, azken garaian gure lurraldean ere gertatzen ari diren zerbitzu publikoen murrizketak edota lanpostuen suntsiketak fermuki errefusatzen ditu. Eraldaketa sozialerako prozesuak sektore publiko azkar bat behar du, ekonomiaren sektore estrategikoak antolatzeko, eredu justu eta berdinzalea eraikitzeko eta ekonomia herritarren zerbitzura jarriko duten alternatibak sustatzeko. Hala, eragile guziei dei egiten diegu elgarrekin lurralde mailan kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzeko eta indartzeko.

Gaur gaurkoz, munduak norantz joko duen ez da jakiterik, baina bidegurutze batean dela erraten ahal da: aberastasunaren banaketan oinarritzen den eredu baterantz jotzen ez badugu, jendartearen pobretzea areagotuko da; gainekoizpen eta gainkontsumo ereduaren eraldaketa bultzatzen ez badugu, jendartearen kolapso ekonomiko eta ekologikoaren egoera emendatuko da; demokrazia indartzen ez badugu, autoritarismoranzko bide itsuan segituko dugu.

0 Comments

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.