Emazte hautetsi abertzaleen elkarrizketak: Laetitia Navarron, Hendaia

Martxoaren 8ko Emazteen eskubideen nazioarteko eguna kari, asko izan ginen jendarte justu, berdinzale eta feminista eraikitzeko sistema errotik aldatzeko beharra aldarrikatu genuenak. Martxoan zehar, EHBaik, elkarrizketa desberdinen bidez, Euskal Herria justu, ekologista eta feminista baten alde egunero lan egiten duten ezkerreko emazte hautetsi abertzaleei hitza eman nahi izan die.

Gaurkoan, Hendaiako ezkerreko eta abertzaleen zerrendaburu den Laetitia Navarronen potreta aurkeztuko dizuegu.

2020ean, Hendaia Biltzeneko zerrendakidea izan zinen. Gaur egun, ezkerreko abertzaleen zerrendaburua zara Hendaian: zein izan da zure ibilbidea hautatua izan aitzin?

Lizeo garaian, Ikasle Abertzaleen mugimenduan inplikatzen hasi nintzen eta ondotik Hendaiako Bixkiak elkartean sartu nintzen. Aski fite,  2007an Hendaia Biltzenera kidetu nintzen (lehen Biharko Hendaia deitzen zen). Bi kanpainetan parte hartu nuen militante eta zerrenda kide gisa eta 2020ean zerrendaburu izatera pasa nintzen.

Nola lortu duzu, zure ustez, Hendaiako herrian leku bat irabazten?

Ezin dut ukatu nire izena, Hendaiako bi hautetsi ohien biloba eta semea izateagatik ezaguna dela. Hendaiako herriko kontseilua osatzen duten kideekin eztabaidatzea apreziatzen dut, beti ere errespetua mantenduz. Hedabideen lana dago ere, izan ere, gure mugimendu politikoa nire izenaren ingruan ere ezagutarazten dutelako. Emazte batek, normalean gizonek betetzen dituzten ardura bat hartzeak ere kuriositatea sortu duela uste dut.

Zein da mandatu honetan harro sentiarazi dizun ekimena?

Gehiengoarekin egindako aliantzari esker, PLUa moldatzea “lortu” dugu. Honi esker, eraikitzen diren etxebizitza berri guziz, etxebizitza eskuragarrien kuota %40tik %60 pasatzea lortu dugu. Baina bilana gazi gozoa dela erran behar dut… Adostutako pundu batzuk ez dira erresetatuak izan egingarriak ez zirelakoan baina 2 urte geroago, biziki sinple eta egingarriak dira.

Hautetsi izateak nola eragiten du zuregan, zure bizi pertsonalean edota egunerokotasunean?

Kanpaina denboran duzun bisibilitate mediatiko eta soziala uztartzea denbora osoz lanean segitzen duzunean eta hiru haurren ama zarenean biziki intentsoa izan zen. Baina, lehen itzuliaren biharamunean, berehala konfinatuak izan ginen eta oso egoera berezia izan zen. Kudeaketa eta egiteko modu berri bat pentsatzera behartua zira. Batzuetan zaila da eguneroko egin beharrak ez dira uztagarriak ekimen desberdinek hitzorduekin. Eta zer esanik ez bozeramailetza rolarekin, izan nire nire hitzak taldearen hitza ordezkatzen du eta aski zaila da niretzat aski inpultsiboa naizelako (irriak).

Zein da emazte hautetsi gisa duzun bizipena?

Generoak ez du definitzen nire izaera. Ezkerreko abertzaleek bestelako ikuspegi bat dugu, jendarte berdinzale baten alde lan egiten dugu eta emazte izatea ez da inoiz freno bat izan politika munduan inplikatzeko, baina hainbat ohar entzun behar izan ditut: “gizon batekin boz gehiago lortuko zenituzten”, “zuen alde bozkatu du zerrendaburua emazte bat delako” ohar horietan gehien jenatzen nauena da, ez dela proiektua aipatzen. Pertsona baten izaera lehen lerroan emateak, proiektua bigarren plano batean ematen du eta hori problematikoa da.

Ba al duzu esperientzia edo bizipen bat partekatzeko?

Jendeak batek ohar onak edo animatu nau eta beste  batzuk ordea ohar sexistak egin dizkidate. Argi dut ez gizon bat izan banintz ez nituzkela horrelako oharrik izanen. Berritasunaren bizkarrean ematen du hori baina niri buruz pentsatzen dutena eta ni naizena desberdintzen saiatzen naiz.

Hautetsi izateaz gain, erakasle bazira ere. Nola kudeatzen dituzu zure bizi pertsonala, profesionala eta militantzia?

Egia, ama-ikastolako erakaslea naiz Hendaian! Eskolan naizenean ez naiz gehiago hautetsia (baina familiek jendarte gaiak aipatzen dituztenean radarra pizten zait!). Denbora asko hartzen didan lanbide bat da eta maiz gutxietstua da “ikusezina” den lan asko dagoelako. Nire egunerokoa, agenda profesioanala, pertsonala eta politikoak gidatua da. Hori dena eramangarri izateko, familian ditudan hitzorduak behar beharrezkoak dira.

Ze aholku emango zenioke herriko bozen abenturara animatu nahi duen emazte bati?

“Ez zaitez zentsuratu eta zuretzat freno bat baldin bada, ahantzi emazte bat zarela. Proiektu bat, ideiak, jendarte eredu justu bat defenditzen duen pertsona bat zara. Geroz eta gehiago izan (emazte eta gizon), geroz eta urrunago joaten lortuko dugu.”

0 Comments

Si vous souhaitez participer à EHBai localement ou dans un groupe thématique, n'hésitez pas à nous contacter directement en remplisant le formulaire ci-dessous.

EHBaien parte hartu nahi baduzu tokian toki edo arlo tematiko batean ez duda gurekin zuzenean harremanetan sartzea behereko formularioa betez.