Euskal Elkargoko hautetsiak abenduaren 7an larunbatarekin bildu ziren 2024 urteko azken plenoan. Ohi bezala, gai anitz izan zen eztabaidagai. EHBaiko hautetsien eskutik mahai gaineratu ziren gaietariko batzuen berri eman nahi dizuegu.
Marieniako gatazkari aterabidea
Hitzaurrean, Jean-Rene Etchegaray lehendakariak baieztatu zuen Marieniako lurretan egin nahi den higiezinen proiektu polemikoa eztabaidatzeko lan talde bat jarriko dela martxan. Eztabaida horren moldeak ez dira jakinarazi oraingoz. Erabaki hau proiektuaren kontra diren Kanboko oposizioan den Nahi Dugun Herria ezkerreko abertzaleen taldeak, ELB, ELB Gazte, Lurzaindia, CADE eta OSTIA elkarteek elkarrekin idatzitako mozioari lotua da.
Mozioak 63 hautetsiren babesa lortu zuen, eta egungo blokeo egoerari begira Elkargoan aterabide instituzional bat aurkitzea du xede, Kanboko auzapezak proiektua bururaino eramateko jarreran instalaturik eta emendatzen ari diren ahotsak kontuan hartu gabe segitzen duen bitartean.
Filipe Aramendik hartu zuen hitza, Euskal Elkargoak aurre egin beharreko bi erronka nagusiak oroitarazteko: biztanleentzat eskuragarri den etxebizitza ekoiztea eta elikadura burujabetzaren erronka, hots, elikatzeko bokazioa duten gure laborantzako lurrak babestuz. Bi erronka horiek usu elkarren kontra ageri diren huntan, Elkargoko Kontseiluaren ardura da horiek kontziliatzea eta konponbideak kolektiboki atzematea. Urruñako auzapezak Marieniako lurren defentsan ari den kolektiboarekin bat egin eta gatazkari aterabide politiko bat emateko nahia agertu zuen.
Abiadura Handiko Trenaren kontrako mozioa
GPSO Hego Mendebaldeko trenbide Egitasmo Handia proiektuaren aurka dagoela baieztatzeko, David Hugla Lehuntzeko auzapezak, mozio bat aurkeztu zuen Bil Gaiten taldearen izenean. Bere herria Bordele eta Hendaia lotzen dituen AHTren ibilbide berriaren lehen hunkituetako bat litzateke. Mozioak, AHT proiektuak gure lurraldean argirik ez ikustea ahalbidetu duten iraganeko tokiko borroken berri ematen du. Halaber, obren gastu faraonikoa oroitarazten du, ingurumenean izanen dituen kalte konponezinekin eta egungo bidea urpean geldituko dela gehitzearekin batera.
Burdinbideetako etorkizunak zama garraioaren garapena eta egungo burdinbideen berritzea uztartu beharko ditu, eta ez proiektu anakroniko eta klimatiko baterantz jotzea.
Elkargoko hautetsien %87k mozioaren alde egin zuen, mezu argi bat plazaratuz: Ipar Euskal Herrian AHTrekiko kontrakotasun oso zabala berresten da!
Turismo plana aho batez bozkatua
Daniel Olzomendi turismo iraunkor eta irisgarrirako lehendakariordeak Euskal Elkargoaren turismo plana presentatu zuen. Ondoko hamarkadei begirako politika turistikorako bide-orria da, lau erronka nagusiri erantzuten diona:
- Sektoreko eragileen egokitzapena eta laguntza klima aldaketaren aitzinean.
- Ipar Euskal Herriko biztanleentzat bizi kalitate on bat atxikitzea turismoaren inpaktuak kontrolatuz.
- Hurbileko turismo baten garapena, lau urtarotan hedatua eta lurraldearen osotasunarentzat onuragarria dena.
- Plan honen integrazioa Euskal Herri mailako proiektu kolektibo eta koherente batean.
Izan ere, gure ondare eta ezaugarrien (paisaiak, euskara, ur baliabideak, biodibertsitatea…) zaintzeaz arduraturik, turismo plan honek gure garaiko desafioak barne hartzen ditu, turismo soilago baterantz jo eta trantsizio ekologikoaren helburuekin bat egiteko.
Nicole Etxamendi Bil Gaiteneko ko-presidenteak, egindako lana eta aitzineko politikei konparaturik emaniko 180 graduko biraketa txalotu zituen. Halere, ohar batzuk egin zituen, batez ere turismo-aterpeei eskainitako atalari dagokionez, plana lotesleagoa izan daitekeelakoan bigarren bizitegiei eta mublatu turistikoei dagokienez. Politika publikoak lehentasunez Ipar Euskal Herriko biztanleentzat egin beharko liratekeela gaineratu zuen, garrantzi berezia emanez Hego Euskal Herriko bisitariei, anbizio handiagoko hizkuntza politika batekin (turismo eskaintza eta aterpetzeari buruzko informazioa eta seinaletika orokortzea).
Turismo plana aho batez onartu zuten Baionan bilduriko Elkargoko hautetsiek.
Euskaldundu dispositiboaren abiatzea
2024ko udaberrian, Euskararen Erakunde Publikoak bere prospektiba plazaratzen zuen gure lurraldean indarrean den hizkuntza politikari buruz. Emaitza kezkagarria da. 2050erako, politika iraunkorrean, euskal hiztun geldialdi bat izanen genuke balio absolutuan. Bilakaera demografikoa kontuan harturik, Ipar Euskal Herriko historian izan den euskaldun portzentajerik apalena izanen genuke, eta baita, ondorioz, euskalduna ez den biztanle kopururik handiena ere.
EEP blokeo egoera batean da egun, bere ibilmolderako aurrekontua emendatzeko negoziaketen porrotaren ondorioz. Akitania Berria Eskualdeak 100.000 euro proposatzen dituen bitartean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ez du xentimo bat gehiago ezarri nahi, eta frantses Estatua da negoziazio mahaian parte hartu ez duen kidea. AHTren gaiarekin bezala, soilik Euskal Elkargoak hartu dio neurria egoerari eta lurraldearen beharrei erantzun nahi die. Engaiatua zen 650.000 euroko aitzinkontu gehigarria jartzera hizkuntza politikaren alde.
Hori ikusirik, Antton Curutcharry Elkargoko lehendakariordeak, Elkargoko Kontseiluari 350.000 euroko esleipena baliozkotzea proposatu zuen. Elkargoak euskara ikasteko bekak esleituko dizkie hala eskatu duten helduei. Gai honek ez zuen inolako eztabaidarik sortu eta, beraz, aho batez bozkatua izan zen hautetsien aldetik.
Igandetako lanari buruzko deliberoak
Urtero bezala, Gilles Haranek hartu zuen hitza igandeetan ideki nahi duten establezimenduei salbuespeneko baimena emateko deliberoari loturik. Idekidura hauek gehienbat saltoki eta talde handien mesederako dira eta langileak prekarizatzen dituzte. Hori ez da Euskal Elkargoak balioan ezarri beharko lukeen eredua. Urtetik urtera, salbuespeneko baimena arau bilakatu da, langileen gizarte-lorpenak are gehiago urratuz.
EHBaiko hautetsiek eta Bil Gaiten taldean diren gainerateko hautetsiek neurriaren kontra bozkatu zuten, Elkargoko Kontseiluko hautetsien %42ak bezala. Hurbiletik segitu beharreko gaia.
Uraren kontsumoa eta prezioa
Desoreka klimatikoaren testuinguruan, ura guztion ondasuntzat hartu behar da. 2017tik goiti, Elkargoak Ipar Euskal Herri mailan kudeaketa harmonizatu baterantz jotzeko deliberoan murgildua da.
Alain Iriartek oroitarazi zuen baliabide horren kudeaketari buruzko irizpideak kontsumoaren soiltasunak gidatu behar dituela, bai eta herritarrentzat zerbitzu prezio eta kalitatea bermatu ere. Herri batzuetan uraren prezioaren emendatzeak Elkargoaren ekintzak galdegiten ditu.
Hiriburuko auzapezak prezio sozial baten engaiamendu azkarra galdegin zuen eta baita egin diren eta egiten ari diren lanei buruzko sentsibilizazio lan baten beharra ere. Oroitarazi zuen, halaber, 2027-2028 aldiaren garrantzia zerbitzu publikoko ordezkaritzei dagokienez, horiek izanen baitira kudeaketa molde egokienari buruz galdetzeko parada emanen dutenak.