Gaur EHBai eta EHBildu elkarrekin emanen dugun prentsaurreko honetan ekainaren 9an iraganen diren Europar Parlamenturako hauteskundeei buruzko irakurketa eta gure kanpaina aurkeztuko dizkizuegu.
Lehenik eta behin, konstatazio bat plazaratu nahi dugu: hauteskunde hauetan, euskal herritarrok ezingo diogu Euskal Herri osoan zerrenda berari bozkatu. Nazio bat gara, baina lurralde zatiketak indarrean segitzen du eta hortaz, euskal herritarrok Espainiar eta Frantses Estatuetako barruti bakarren arabera bozkatzera behartuak gira.
Errealitatea hori izanik, Ipar Euskal Herriaren eragina arrunt ttipia da Frantses Estatuaren barrutian eta euskal herritarren interesak eta beharrak defendatuko dituen zerrenda propio bat aurkezteak ez du inolako aukerarik Europar Parlamentuan ordezkaririk ukaiteko. Beraz, ezkerreko abertzaleok Frantses Estatuko zerrendaren batean integratzera behartuak gaude. Horrek, bistan denez, aukerak murrizten ditu, Euskal Herria ardatz duen proiektu bat aurkeztea zailtzen baitu.
Region & Peuples Solidaires (R&PS) federazioko kide izanki, EHBaik, joan diren hilabete luzeetan aktiboki parte hartu du hauteskunde hauetan parte hartzeko aukeraren lanketan. EHBaik, barne mailan kidegoarekin eraman duen prozeduraren baitan, bi aukera lehenesten zituen europar hauteskundeetara aurkezteko.
Lehena, Frantses Estatuaren barnean diren estaturik gabeko nazioen arteko eskaintza soberanista zen. Ez da halako proiektu bat sortzeko paradarik izan. Lehen aldia litzateke halako esperientzia abian jarriko litzatekeena.
Bigarrena, Europe Ecologie Les Verts alderdiarekin akordioa egitea zen. Aldiz, historikoki hauteskunde europarrei begira R&PS-k lortu izan duen adostasuna ez da posible izan oraingo honetan.
Azkenerako, Le Parti Radical de Gauche (PRG) alderdiarekin egin da aliantza, beste hainbat indarrekin batera. EHBairen barne prozeduraren bidez, kidegoak aukera horren inguruan bozkatzeko aukera izan zuen joan den otsailean eta gehiengo zabalak, zerrendan ez parte hartzea deliberatu zuen.
Beraz, EHBaik parte hartuko duen boz paperik ez da izanen ekainaren 9ko hauteslekuetan. Alta, hauteskunde kanpaina aktiboa eginen dugu maiatzaren 24tik ekainaren 7ra, bi ardatzen inguruan.
“Nazioa gara, construisons notre avenir ensemble”
EHBildurekin batera, Europaren aitzinean nazio bat garela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula zabalduko dugu ondoko asteetan. Izan ere, egun bizi dugun krisi globalaren aitzinean dauden desafioei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko, Euskal Herriak burujabetza behar du. Kanpoko erabakien ondorioak hamaika dira gurean, herritarrak horien kalteak pairatzen ari dira eta horregatik uste osoa dugu, Europan ere soluzioak euskal eskalatik planteatu behar direla.
Kanpaina honetan Ipar Euskal Herriko biztanleek ezingo dute Pernando Barrena hautagai duen EHBilduren zerrenda bozkatu. Aldiz, EHBildu hauteskundez hauteskunde izaten ari den hazkundea ikusirik, aukera errealak daude ondoko bost urteetan ezkerreko subiranismoak europarlamentaria izateko Bruselan. EHBaik sekulako potentziala ikusten dio balizko urrats horri, Ipar Euskal Herriko eragileekin harremanak sakondu eta bertako interesak zein beharrak defendatzeko euskal hautetsi bat izanen baitugu Europan.
Beraz, elkarrekin aritzeko eta aukera horri bide emateko, Oier Imaz EHBaiko kidea EHBilduren zerrendan aurkeztuko da hauteskunde hauetan.
Kanpaina honetarako ekitaldi nagusia ekainaren 5ean eginen dugu, arratsaldeko 19:00etan, antolatu dugu mintzaldiarekin. Bertan izanen da Pernando Barrena EHBilduren hautagaia.
“Eskuin muturrari ez, pas d’extrême droite au Pays Basque”
Bigarren ardatza, Europan eta Frantses Estatuan ere indartzen ari den eskuin muturraren eta bere ideien aitzinean eramanen duguna da. EHBaik kanpaina aktiboa eginen du Ipar Euskal Herrian. Iraganeko hauteskundeek erakutsi izan dute Ipar Euskal Herrian eskuin muturrak ez duela Frantses Estatuan duen babes mailarik. Alta, testuingurua ikusirik, gure kezka agertu nahi dugu izan dezakeen hazkundearekiko eta horregatik, Euskal Herriak eskuin muturraren harresi gisa jokatu behar du kanpaina honetan.
Herritarrei argiki erran nahi diegu, eskuin muturrak ideia xenofoboak eta atzerakoiak defendatzen dituela. Kapitalismoa muturrera eraman, autoritarismo gehiago eta demokrazia gutxiago, sistema publikoa suntsitu, pribatizatu eta berdintasuna hausteko proiektu arriskutsu baten aitzinean gira. Hau dela eta, gainerateko eragileei ere anbiguotasunik gabe jokatzeko deia luzatzen diegu.
EHBairen posizioa
Honen guztiaren ondorioz, jabetzen gira EHBaik parte hartuko lukeen zerrendarik ez izateak hutsune bat sortzen duela gure proiektuaren alde egingo luketen bozkatzaileengan.
Alta, EHBaik uste du eskuin muturrari erantzun sendoa eman behar zaiola eta beraz, Euskal Herria aitortzen duten ezkerreko hautagaitzen alde egiteko deia zabaltzen du.