Euskal Herria Burujaben parte har dezagun!

Bizik Euskal Herria Burujabe antolatuko du Urriaren 7 eta 8an Baionan, “klimaren eta Euskal Herria jasangarri, burujabe eta solidarioaren” aldeko mugarri bat ezartzeko xedearekin. EHBairen ustez, parean ditugun krisi sozial eta ekologikoei eman beharreko aterabideei buruz trukatzeko parada ezin hobea izanen da gertakari hau.

Justuak, jasangarriak eta Euskal Herrira egokituak diren burujabetza ereduak kolektiboki eraikiz (elikaduraren, energia arloetan eta abar…) “gure bizi-baldintzez birjabetzea” finkatzen du helburutzat Biziren Euskal Herria Burujabe dokumentuak.

EHBaik berriz, “burujabetza ortzimugatzat” zuela adierazi zuen 2022ko kongresuan. Antolakunde abertzalea izanik, krisi politiko, sozial eta ekologikoari erantzuteko bide bat marraztu nahi du EHBaik. Batetik, Euskal Herriari eta bertako instantziei egungo erronkei erantzuteko ezartzen zaizkien mugak agerian utziz; eta bestetik, ahal bezain indar handiarekin egiturazko aldaketak proposatuz.

Gure herriaren historiak erakusten duenez, Bizik aipatzen duen gure bizi baldintzen birjabetze entsegu orok egiten du talka frantses Estatuaren instituzioekin, euskara, laborantza herrikoia, etxebizitza, sindikalgintza, euskoa edo bake prozesuaren arloetan adibidez… Gauza bera gertatzen da metamorsia ekologiko eta sozialerako edozein proiekturekin. Guri dagokigu beraz, azken 60 urtetan Ipar Euskal Herriaren historia aldatu duten abertzaleen ildoari jarraitzea.

Eremu anitzetako 60 abertzalek izenpeturiko “Izan ginen, bagira, izanen gira” adierazpena egin zen publiko 2023ko apirilaren 9an Itsasun; “ondoko urteetan mugimendu gisa erdietsi nahi ditugun lorpenak definitzeko momentua” zela zioen adierazpenak. Euskal Herria Burujabek sakon gogoetatzeko parada ematen digu metamorfosia sozial eta ekologikoa den arlo hain garrantzitsuaz. Ez dezagun aukera galdu!

 

0 Comments