Grazi Etxebehere Ortzaizeko militante abertzale historikoa zendu zen barda eritasun luze baten ondorioz. Momentu latz hauetan,doluminak helarazi nahi dizkiegu EHBaiko kidea zen Graziren senide eta lagunei.
Gazte denboran herrigintzan hasi zen Grazik bizitza osoan zehar egin dio ekarpena Euskal Herriaren eraikuntzari. Kulturgintzan, euskal iheslari politikoek sustengatzeko lanean, armagabetze prozesuan engaiatuz, bizileku zuen Ortzaize herriko dinamiketan parte hartuz, azken hamarkaetako mugimendu abertzalearen mugarri guzietan presente izan den pertsona zen Grazi. «Emateak ekarri dit zoriona; ez hainbeste jasotzeak», adierazi ohi zuen, guziaren gainetik, militante abertzale xume bezain eskuzabala izan denak.
Mugimendu abertzaleak anitz zor die Graziren belaunaldiko militante nekaezinei. Egun, Euskal Herria bizi-bizirik eta bere askatasunerako bidean urrats berriak egiteko aukerekin dagoen honetan, gure egiten dugu haiek jorraturiko bidean lanean segitzeko engaiamendua.
Grazi, Euskal Herriak ez du ahantziko, herri honen askatasunaren alde egin duzun lan guzia. Ez adiorik!