Atzo arratsaldean, Iñigo Urkullu, EAEko (EAJ-PNV) eta Alain Rousset, Akitania Berriko lehendakariek (PS), bilkura bat egin zuten bideokonferentziaz Adina Vălean, Europako garraio komisarioarekin.
Bi erakundeetako ordezkariek irmoki galdegin diote Europak AHT bide berriaren diruztatzean parte har dezan, “Euskal Y” proiektua 2030erako bukatua izateko gisan. Oroitarazi behar da, joan den ekainean Europak erabaki zuela 60 milioi euro ematea GPSO proiektuari, proiektuaren eramaileek 200 espero zituztelarik.
Beste behin ere, Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek mespretxu handia erakusten dute herritarren gehiengoaren iritziarekiko. Izan ere, behin baino gehiagotan adierazi da alferrikako proiektu honen kontrako iritzia, beroketa klimatikoari aurre egiteko gomendioen kontra doalako, paisaiei eta bioaniztasunari kalte eginez. Hamarnaka miliar euro dira diru publikotik irentsitakoak, herritarrentzat interes izugarri mugatua duen trenbide berri honen eraikitzeko.
EHBaik beharrezkoak ez diren gisa honetako proiektuen aurkako bere jarreran berresten du. Gai honen inguruan aspaldiko urteetan borrokan ari diren Herritarren, kolektiboen eta elkarteen iritziarekin bat egiten dugu, baita tokiko instituzioen posizioarekin ere. Oroitarazi nahi dugu Euskal Elkargoak eta Ipar Euskal Herriko herriko etxe andanak Hego Euskal Herrirako iristeko baldintza litzatekeen Bordele-Akize bide berriaren aurka bozkatu dutela.
Trena bidaiarien zein merkantzien garraiorako aterabide iraunkorra dela uste dugu. Haatik, lehentasunez llanetik etxerako joan-jinetarako milaka pertsonak norbanako autoarekiko duten depentziarekin bukatuko luketen eguneroko trenak defendatzen ditugu.
Rousset eta Urkullu jaunen jarrera tematiak kostu handia izanen du bai planetarentzat eta baita bertako herritarrentzat ere. Urtez urte emendatuko den Zerga berria martxan jarri behar da Ipar Euskal Herriko biztanle eta enpresa gehientzat. Huts egite edo kostuen igoeraren kasuetan, bertako kolektibitateek(gure kasuan, batez Pirinio-Atlantikoetako departamenduak) bete beharko du defizita.