Frantses Estatua krisietan murgildurik

Hamabigarren greba egun honetan, Kontseilu Konstituzionalak, 49.3 artikuluaren bidez, bozkarik gabe inposatutako legea aztertuko du, eta bihar emango ditu bere ondorioak.

Edozein erabaki hartuta ere, mobilizazioak segitu egin beharko du, baita berrasmatu ere hain segur. Baina, nolanahi ere, krisiak edo, hobeki erranik, krisiek aitzina jarraituko dute Frantses Gobernuak haserre soziala entzuten ez duen bitartean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Krisi sozial, politiko eta demokratikoa
Azken aste luzeetan, mobilizazio anitz eta anitzak ezagutu ditugu erretreten erreformaren kontra. Ezinegon sozialaren erakusgarri, mobilizazio horiek haserre baten adierazpena ere badira. Izan ere, krisia askoz ere sakonagoa da. Inflazioa, langabezia aseguruaren eta funtzio publikoaren erreformak, indize puntua izoztea urteetan eremu publikoko langileentzat… Injustizia sentimendua gero eta handiagoa da. Zerbitzu publikoak banan-banan suntsitzen diren bitartean CAC40eko akziodunek sei hilabeterik behin dibidendu gero eta handiagoak banatzen dituzte elgarren artean.

Biziki urrun da COVID garaia, non zaintza lanetan ari ziren langileak txalotzen genituen, ospitale publikoan urtez urte eman diren eta ematen ari diren murrizketak ahantziz. Ber maneran ahantzi ohi dira konfinamendu garaian ezinbesteko zerbitzua eskaintzen zuten hondakinen bilketa zerbitzuetako langileak, horiek ere bi urte gehiagoz lan egin beharko dute, eta Gobernuaren erantzuna, beren haserre zilegiaren parean, bortizkeria eta errekisizioak dira.

Guztiz bidegabea eta onartezina izateaz gain, erretreten erreformak boterearen praktika autoritarioa ere agerian uzten du. Jendartean gutiengoan egonik, Gobernuak lehentasuna eman dio indar harremanari. 47.1 artikulua eztabaidak laburtzeko, 49.3 artikulua bozketa saihesteko, Frantses Gobernuak Frantses parlamentua zangopilatzea erabaki zuen hasieratik.

Azken urteetan bozkatuak izan diren lege libertizida guziak indarrean ezarriak dira: segurtasun lege globala, separatismoaren aurkako legea edo Biarritzeko G7az geroztik ezarri eta sekula kendu ez diren araudi eta zirkularrak. Emaitzek egunkarietako lehen azalak betetzen dituzte. Poliziaren bortizkeria, manifestari mutilatuak, fitxaketa masiboa, poliziaren sartzea lizeo eta unibertsitateetan, militante politiko eta sindikalen kontrako etengabeko presioa.

Presidentearen gehiengoak egunero erakusten du ezin duela gobernatu. Krisi klimatikoa konpontzeko arazoetan, Emmanuel Macronek pestiziden debekuak saihesten jarraitzen du, nuklearraren garapenerako plan handi bat bultzatzen du, proiektu antiklimatikoak indarrez inposatzen ditu, hala nola AHTak edo Ste Solinen ura atxikitzeko putzuak.

Ekaitzaren ostean dator ekaitza
2017-2022 lehen agintaldiaren ondoren, eskuin muturra bigarren itzulira sartu ahal izateko eta, horrela, “errepublikarren” bozka eskatzeko, Emmanuel Macronek eta bere gehiengoak suarekin jolasten jarraitzen dute.

Elkarrizketari uko egiteak, manifestalari eta iritzi publikoarekiko mespretxuak herri baten eta bere agintarien arteko haustura garbia areagotzen dute. Macron eta bere munduaren diskurtsoak gero eta eskuindarrak dira Les Républicains eta Frente Nazionala taldeen sustengua lortzeko. Egungo Frantses Gobernuak eta bere parlamentariek erantzukizuna izanen dute eskuin muturreko ideien normalizazioan. Darmanin Barne ministroak berak frogatzen du ideia faxisten kontra eraikitako muga ideologiko guztien erorketa.

Euskal Herria horren erdian
Euskal Herritik ikusita, krisi honek ere kezka sakona sortzen du. EHBai, mugimendu ezkertiar, abertzale, ekologista eta feminista gisa, beti izanen gira lorpen sozialak eta demokrazia defendatzearen aldekoak.

Iruditzen zaigu defendatzen dugun burujabetza proiektuak, sekulan baino gaurkotasun handiagoa duela. Parisek hexagono osoan era uniformean ezarritako erreforma ugari horiek ez dira gehiago onartzen. Ekonomiaren egiazko birtokiratze bat behar dugu, autonomia gehiago Euskal Herrian, gure ustez lurraldearentzat zuzenagoa, solidarioagoa eta ekologikoagoa dena hemen erabaki ahal izateko.
Uste dugu Euskal Herria aski heldua dela bere etorkizunaz eta hemen garatu nahi dugun jendarte ereduaz gogoeta sakon bat eramateko. Jendarte aurrerakoia, desberdintasunen aurka benetan borrokatzen dena, gutxiengoak estigmatizatzen ez dituena eta harrera lur izaten dakiena.

Erretreten erreforma honek agerian uzten du eraiki nahi dugun jendartea egiten diren hautu politikoen menpe dagoela. Hori dela eta, Euskal Herri burujabeago eta autonomoago batek, egunez egun eraikitzen ari garen alternatibei indar handiagoa emateko parada emanen  die.

0 Comments