Darmanin legeari ez, Euskal herria, harrera herria!

Migratzaileen kriminalizazioak segitzen du
Erretreten erreformaren aurkako mobilizazioak bizirik dirauen honetan, frantses gobernuak bere bide orri antisozialari eusten dio Martxoaren 28an Senatuan iraganen den Asilo-immigrazio legearen azterketarekin.

Gérald Darmin, Frantses Estatuko poliziaburuak sustaturiko erreformak pertsona migratzaileen jazapena areagotzea eta haien harrera zailtzea du helburu. Frantziako barne ministroa gustora dago “gaizkile atzerritar gehiago kanporatzen ahalko direlako estakuru juridikorik gabe”. A zer nolako egitasmoa!

Lege honen neurri garrantzitsuenen artean, aipa ditzagun: Atxikitze administratiborako Zentroak biderkatzea, halabeharrez frantses lurraldea uzteko aginduen sistematizazioa, errekurtso juridikoen murrizketa (12tik 4era!) edo instrukzio epeen laburtzea.

Ustez barkaberak izanik, frantses gobernuak behin-behineko erregularizazioak onartuko dizkie “tentsioan” dauden sektoreetan lanpostua onartuko dutenei. Beste behin ere, argi geldituko da, pertsonen bizitzen balio kontuan hartu beharrean, langileen balio ekonomikoaren obsesionaturik dagoela frantses gobernua.

 

Immigrazioa, eskuinaren betiko leloa
Frantses lehendakariaren gehiengoak Les Républicainsek ordezkatzen duen eskuin gogorrari bermeak eman nahi dizkion testuinguru batean agertzen da erreforma. Gauza jakina da eskuina beti egon dela prest migrazio politiken gogortzearen aldeko legediak ezartzeko, kosta ala kosta. Erretreten erreforma dela-eta aste gorabeheratsuak izan ondotik, Macronen jarraitzaileak, eskuin gogorra eta eskuin muturra berbiltzeko parada izan liteke.

Oroitarazi behar dugu, exilioan diren pertsonei manera duinean harrera egiteko betebehar humanoa izateaz harago, immigrazioak beti duela eragin positiboa estatu bateko ekonomian.

 

Euskal Herria, harrera herria
Dramak ugari izan arren, mugek hetsirik diraute. 2020an Lapurdiko eta Baxe-Nafarroko hainbat mugako bide hetsi zirenez geroztik, Bidasoan, trenbidean edo autopistan migratzaileei gertaturiko dramen konplize bilakatu da frantses gobernua.

Zenbat hildako beharko dira bide hauetan agintariek azkenean paradigma alda dezaten?

Mugen hetsiera Covid-19aren zabalpenaren aurkako neurriekin edo borroka antiterroristarekin justifikatzera daramatza zinismoak.
Martxoaren 21an Urruñan, Bidasoa Etorkinekineko 3 kide atxilotu zituen poliziak haien etxeetan. Zer zen leporatzen zitzaiena? Ba, migratzaileak lagundu izana.

Sarekada honekin, elkartasun delituagatik errudun diren euskal herritarren zerrenda luzatu besterik ez da egin. Gurpil-zoro sekuritario honi bukaera eman behar zaio.

 

Elkartasuna bizi bedi gure herrian!
EHBaik baldintzarik gabeko babesa ematen die migrazio bideak urratzen ari diren pertsonei laguntza ekartzen dieten gizon-emazteei. Frantses Estatuak erreformaz erreforma inposatu nahi digun “bakoitza berearen alde” ideia oinarri duen jendarteaz bestelako eredu bat defendatzen dute aipaturiko pertsonek. Egun elkartasuna eraikitzea, biharko Euskal Herria eraikitzea ere bada: mundura irekia izanen den herria, tolerantzia eta kultur-aniztasuna oinarri izanen dituena.

Gero-eta iheslari klimatiko gehiago bideetara bultzatuko dituen aldaketa klimatikoaren aroan, immigrazioarekiko dugun harremanaz aldatzea dagokigu.
Horregatik, EHBaik bat egiten du Etorkinekin-Diakité eraturiko kolektiboarekin eta martxoaren 25ean, larunbatez, 16:00etan Baionako Herriko Etxean iraganen den Darmanin legearen aurkako elkarretaratzera deitzen du.

Anitz izan gaitezen!

0 Comments