EHBaik atzoko atxiloketa salatzen du

Frantses polizia judizialak Patxiku Guimon atxilotu zuen atzo. Atxiloketa gogorki salatu eta onartzezinatzat jotzen dugu.
Bakearen kontrako gertakari honen aitzinean, gure sustengu osoa adierazi nahi diegu Patxiku zein bere familia eta gertukoei.

Atxiloketa hau, joan den irailaren 22ean, Pariseko auzitegiak Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot askatzearen aldeko deliberoaren biharamunean kokatzen da. Honek, argiki erakusten digu, fiskaltza anti terrorista, Ion eta Jakes-en baldintzapeko askatasunen okazioa errepikaraztera eramaten zuen logika berean dagoela oraindik. Atzoko atxiloketak, gaur egun oraindik mendekuan oinarritutako politika indarrean dagoela erakusten digu.

Atxiloketa zein jokaera horiek jokoz kanpo dira. Bake iraunkor eta integrala lortzerako bidean, behar beharrezkoa da preso eta iheslariak etxeratzeko bide orria marraztu eta aplikatzea eta atxiloketekin bukatzea betirako.

2011az geroztik, Euskal Herriak, bakearen aldeko apostua egin du eta bere esku artean duen guzia egin du zentzu horretara doazen urratsak egiteko. Honen parean, errepresioan eta mendekua oinarritzat dituzten atxiloketa horiek ez dute izaterik.

Hori dela eta, gaur Ziburun arratsaldeko 19:00etan eginen den elgarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

0 Comments