Hauteskunde legegileen emaitzak ezagutu ditugu igandean

Frantziako lehendakaria den Emmanuel Macronek, ez du gehiengo osoa izanen Frantziako Asanblada Nazionalean datozen bost urteetan. Guk, ezkerreko mugimendu gisa, Macronek gehiengorik ez izateak sortzen digun poza ezin dugu ukatu. Izan ere, azken bost urteetan etengabeko haustura sozial eta ekologikoaren ildotik eramandako bide berdina ezingo du segitu. Argi eta garbi diogu berriz ere, EHBai Frantses lehendakariaren gehiengoaren parean kokatzen dela.

Hala eta guztiz ere, eskuin muturraren gorakadak sortzen digun kezka aipatu behar dugu. Asanblada Nazionalean indarrez sartu dira. Honek gure indarrak biderkatzera eramanen gaitu eskuin muturrak defenditzen eta aitzina eramaten dituen ideiak oztopatzeko. Hemendik goiti, eta jasoko duten diru publikoari esker, beren mugimendua sendotzeko aukera izanen dute. Ezkerreko beste alderdiekin batera lanean jarriko gira beraiek defenditzen duten bidearen parean beste alternatiba bat existitzen dela argiki erakusteko. Baina horretarako eskuina zein zentroa ere gogor aritu beharko dira eta beraien ideiak inposatzeko bide txikiena ere ez diete utzi beharko. Ez dugu eskuin muturraren jendarte zatikatzaile eta estigmatizaturik nahi.

Bestalde, zoriontzekoa da “Libertés et Territoires” taldeko diputatuak berriz hautatuak atera izana. Bretainia eta Korsikatik izendatuak izan diren diputatuei esker, lurraldeen autonomia, tokiko hizkuntzak edota etxebizitza bezalako gaiak Parisera eramaten ahalko ditugu, elkarlanean. Bide beretik, DOM-TOMetatik ateratako diputatuak zoriontzen ditugu. Ahots berri bat gehiago Parisen! EHBairi dagokionez, Régions et Peuples Solidaires (R&PS) federazioarekin hartutako engaiamendua berresten dugu eta estaturik gabeko herrien artean lanean segituko dugula azpimarratzen dugu.

Ipar Euskal Herriko emaitzei dagokionez, Iñaki Echaniz, Florence Lasserre eta Vincent Bru-ren garaipenen aitzinean gira. Gure mugimenduak bigarren itzuliari buruzko konsignarik ez eman arren, NUPES mugimendua osatzen duten hautagaiak desberdintzen genituela nabarmendu genuen. Ezkerreko alternatiba, ezin da EHBai aintzat hartu gabe egin, ez eta ere gure proiektua definitzen duten gaiak kontutan hartu gabe: abertzalea, ezkertiarra, feminista eta ekologista den proiektua kondutan hartu gabe.

Orain, gehiengoak eraiki behar ditugu karrikan, gure lorpen sozialak defendatzeko eta tokian tokiko alternatiba burujabeak eraikitzen segitzeko. Kanpainan zehar erabili dugun “Gure esku” lemak gaurkotasunean segitzen du. Hitzordu garratzitsuak izanen ditugu Ipar Euskal Herriko agenda politikoan eta aktiboki parte hartuko dugu!

0 Comments