2022KO LEGEGILEAK: GURE EMAITZEK GORA EGIN DUTE

Hauteskunde legegileen lehen itzulia iragan da gaur eta EHBaik lortutako emaitzak txalotu nahi ditugu. %51.31 bozkazale mobilizatu dira ipar Euskal Herrian hauteskunde legegileetako bozetan parte hartzeko.

Orain dela bost urteri konparatuz, gure emaitzek gora egin dute. Emaitza horiek abertzaleek urtez urte eramandako borrokari esker izan dira. Gaurkoan ere nabarmentzen ahal dugu, hauteskundez hauteskunde bozkazaleek konfiantza egiten dutela ezkertiarra, abertzalea, feminista eta ekologista den gure proiektuari.

EHBaik, hauteskunde hauetan 16.385 boz lortu ditu. 2017an baino 3600 boz gehiago lortu ditugu.

Lerro hauen bitartez, azken asteetan gure ondoan lanean aritu diren kide guziak eskertu nahi ditugu zein gaur beren herrietako bozka bulegoetara hurbildu eta EHBai bozka papera hautatu duten guziak ere. Milesker zuen konfiantzagatik. Zuen konfiantzak gure proiektuaren egingarritasuna azkartzen du eta bide onetik goazela erakusten digu.

Lortutako emaitzak pozgarriak diren arren, ez da EHBaiko hautagaitzarik izanen bigarren itzulian. Urteetako lanak bere emaitzak ekarri baditu ere, maleruski, gure proiektua ezingo dugu defenditu ez bigarren itzulian ezta Frantziako asanblada nazioanalean ere. Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan, NUPESen hautagaitza izanen da gobernuaren gehiengoaren hautagaitzaren parean.

Bigarren itzulian izango ez bagira ere, orain heldu den igandeari begira izanen dugun jarrera adosteko unera iritsi zaigu. Gure kanpaina eraman dugun bezala, bigarren itzuliari begirako jarrera gure kide eta militanteekin batera adostuko dugu. Martxan jarritako barne prozedurari esker, heldu den igandeko bozkari dagokionez EHBaik hartuko duen jarrera adostuko dugu datozen oren eta egunetan. Posizio honen berri emanen dizuegu erabakia hartu bezain laister.

0 Comments