Legegileak 2022: A nous de jouer, Gure esku

Atzo, heldu diren ekainaren 12 eta 19 iraganen diren hauteskunde legegileei begira EHBai-ren izenean presentatuko diren hautagaiak aurkeztu genituen prentsaurreko bidez.

 

Gure hautagaitza, ipar Euskal Herria bere osotasunean kontutan hartzen duen hautagaitza da. Eremua kontutan hartzeaz gain, egun lehen lerroan diren bi ardatza nagusi izanen ditu lehentasun gisa: Lurra eta etxebizitza eta ekologia.

 

Izan ere, Lurra eta Etxebizitza arloari dagokionez, urte luzeak dira abertzaleek alarma piztu dutela. Baina, azken hilabeteetan eta egoeraren larritasuna ikusirik, anitzak izan dira gai honen inguruan sortutako eta azaleratutako kezkak.

Toki mailan, herri zein Euskal Elkargoan neurri zehatzak hartzeko iniziatibak hartu badira ere- konpentsazio araudia dugu horren islada-, frantziar estatu mailan hartu beharreko dispositiboak izanen ditugu ardatz. Hala nola, egoiliar estatutua edota mutazio eskubideen bikoiztea bigarren etxebizitza bat erosiko den bakoitzerako.

 

Ekologia ere, arrangura sortzen duen afera da, bai jendartean baita guri ere. GIECeko txostenek, behin eta berriz azaleratu dute larrialdi klimatikoaren erdi erdian gaudela. Konstatazio horietatik abiatuta, egoera konpontze alderako neurri ausarta eta indartsuak aplikatu behar dira. Macronen lehen agintaldian gertatutakoa ez da errepikatu behar. Mandatu berri hau ezin da klimaren kontrako agintaldi berri bat izan.

 

Bi pundu horietaz gain, EHBaik bestelako ardatz batzuk ere jarri nahi ditu lehen lerroan. Gatazkaren konponbideak duen garrantzia azpimarratzen dugu eta beste behin errepikatzen dugu, Frantses estatua, zinezko bake iraunkor eta justu baten bidean urratsak egiten hasi behar dela eta hori, euskal preso politikoen etxeratze bidearekin eginen dela besteak beste.

Zentzu berean, euskararen gaia ere kanpaina honen erdigunean izanen dugu. Euskara, gure nortasunaren funtsa baita. Lurralde honetako, askorentzat, integrazio faktorea da eta horren bidez, mundu honetako hizkuntza eta kultura-aniztasunari laguntzen diogu.

 

EHBAIk, gizarte-emantzipazioaren aldeko beste neurri batzuk ere defendatuko ditu, guztiok bizitza duina izateko eskubidea, askatasun indibidual eta kolektiboak errespetatuz. Biziki garrantzitsua da ipar Euskal Herriko diputatuak bidaltzea Frantziar asanblada nazionalera. Gure lurraldea eta bertako biztanlearen aldeko neurriak defendituko dituen diputatuak eramanen ditugu Parisera.

 

Atzo hasi dugu kanpaina, herritarra eta oso hurbilekoa izan nahi duen kanpaina. Gauzak aldatzeko garaia da eta EHBai horren alde lanean segitzeko prestutasuna azaltzen du.

Gure geroa dago jokoan, joko arauak alda ditzagun, gure esku da: ekainaren 12 eta 19an bozka dezagun EHBai!

0 Comments